Bécquerren enarak

Martin Rezola Clemente

Euskal Herrian lau enara-espezie bizi dira. Haietako bi, ohikoenak, erraz bereizten dira: enara arrunta guztiz iluna da goialdetik; enara azpizuriak (edo ipurtxuriak) ipurtxuntxurra zuria du. Horretaz gainera, aspaldiko ipuin hartako sagu-bikote hura bezala, enara arrunta landa edo baserri inguruetako hegaztia da (H. rustica), eta enara azpizuria, aldiz, kaletarra, urbanoa (D. urbica).

Gurean, enara literarioki askok erabili izan dute; adibidez, Lizardik («Amonatxo bat nun: gaur, enarak etorri-garaiez, aldegiña»), Lauaxetak («Enara batek bezela gastetasunak narua…»)…, baina, batez ere, Arnaut Abadia zuberotarrari zor diogu enararen gaineko deskribapen osoena, modernoena eta zientifikoena.

Gaur egun barregarrikeria iruditu arren, Aristotelesek berak enarek hibernatzen zutela uste zuen; alegia, neguan lupetzetan sartzen zirela, zapoak-eta bezala, hurrengo udaberrian esnatu arte. Tira, Aristotelesek eta mundu guztiak, menderik mende, XIX. mendearen hasiera arte.

Hasierako bi enara horiek, gaztelaniaz, euskaraz ez bezala, izen ezberdina hartu dute: golondrina común eta avión común, hurrenez hurren. Horregatik diote batzuek Gustavo Adolfo Bécquer poeta espainiarrak «Volverán las oscuras golondrinas en tu balcón sus nidos a colgar…» idatzi zuenean oker ibili zela, balkoietako habien egilea azpizuria izaten delako. Hortaz, bietako bat behar zukeen: «Volverán los oscuros aviones…» edo «…en tu establo sus nidos a colgar» (ez dute oso poetikoak ematen, ez batak ez besteak). Gustavo Adolfok bere okerra ekidingo zuen, seguru aski, enara azpizuriaren frantsesezko izenari erreparatu izan balio (hirondelle de fenêtre).

Tira, edonola ere, oso ornitologo fina ez izan arren, gauza batean asmatu zuen, asmatu zuenez, Andaluziako poetak. «…aquellas no volverán» bota zuenean, urterik urte kopuruz mehetzen ari den multzo baten albiste kezkagarria ari zitzaigun iragartzen, berak jakin gabe: nekazaritzaren mekanizazioaren eta ustiapen-eredu berriaren ondorioz, eta lehengo baserri eta eraikin zaharrak desagertzearen ondorioz, azken hamar urteetan %33 egin du behera Espainiako enara arrunten populazioak.

enaraEta enarak gora eta enarak behera, azkenean, ezin eutsi olerkia euskarara ganbiatzeko tentazioari…

Enara ilunak itzuleran

Enara ilunak itzuleran,
zure balkoian habiak dilindan,
berriz ere hegoaz kristalean
deika, jolasean;

baina hegada moteltzen zutenak,
zure edertasuna eta nire zoriona ikustean;
gure izenak ikasi zituztenak,
haietxek… ez itzultzeko joan ziran!

Atxapar-aihenak itzuleran,
zure lorategian gora herrestan,
ezin ederrago, arrastian,
zabal-zabalik lora-eskaintzan;

baina ihintz-zamaturik zeudenak,
tantaka-dardarka genekuskienak,
eguneko malko eroriak…
haietxek… ez itzultzeko joan ziran!

Maite-hitzak itzuleran,
gozagarri durundi belarrian;
zure bihotza lozorrotik
esnatuko ahal dute bat-batean;

baina mutu eta sor eta belauniko
Jainko-gurtzearen antzo,
nik maite izan zaitudan adina… etsi ezazu,
horrela, inork ez zaitu maiteko!

3 erantzun “Bécquerren enarak” bidalketan

  1. Paco Ibáñezek musikatua dauka gaztelaniazko olerkiaren puska bat (Martin Rezolaren azkeneko ahapaldia falta duela uste dut). Bada, sarean, kantuaren hiru bertsioren bideoak aurkitu ditut.

    Merezi du hiru bideoak ikus-entzutea, eta gero, nola eutsi tentazioari? Nik, behintzat, neure buruari tentazioan erortzen utziz, jolas polit hau egin dut:

    Martin Rezolaren euskarazko bertsioa Word dokumentu batera kopiatu, eta hura aurrean nuela, entzungailuetatik Paco Ibáñezen hiru bertsioetako edozein entzuten ari nintzela, ariketa musiko-adaptatibo-traduktologiko hau:

    – euskarazko hitzak Pacoren neurrietara eta doinura egokitzen saiatuz, nire barrurako kantatzen saiatu;

    – gaztelaniazkoa entzun ahala, euskarazko baliokideak harrapatzen joan.

    Tranpa egitea izango litzateke konparazioetan sartzea; horregatik, ez naiz sartuko inongo balorazioetan. Nik jolas bat baino ez dut egin, eta horrekin nahikoa gozatu dut.

    Eskerrik asko Martin aukera hori eskaintzeagatik! Eta zuri ere baliagarri gerta dakizuke, agian, ariketarekin jarraitu nahi baduzu, euskarazko zure itzulpenari, doinuaren eta neurriaren arabera, beste molde bat emateko, beharbada (zuk ere ariketa bera lehendik egin ez baduzu, behintzat!).

    Eta zergatik ez gero Paco Ibáñezi berari eskatu zure hitzetan oinarrituta euskal bertsioa prestatu dezala? (nik ez dut ezagutzen, eta abizenkideak bagara ere, ez gara familiartekoak, nahiz eta haren musika betidanik gustatu zaidan eta haren kontzertu batzuetara ere joan izan naizen).

    Badakit lantokiko eldarnio bat dela hori, baina inor ausartuz gero, ez ahaztu dagoeneko 81 urteko aitona dugula.

    Hona hemen hiru bertsioetarako estekak:

    https://www.youtube.com/watch?v=fpz–zvpWI0

    https://www.youtube.com/watch?v=ZBvK0RJ8QjU

    https://www.youtube.com/watch?v=kgewqjhSawg

  2. Eskerrik asko iruzkinengatik. Olerkia euskaratzea azken momentuko burutazioa izan da: artikulua “beste guztia” zen. Eta ez nuen ezagutzen Paco Ibáñezen kanta eder hori.

    Interesgarria da zure ariketa, Iñaki. Ni ere jardun naiz, inork ikusten ez ninduenean, ta-ra-ri ta-ra-ra… Egia esanda, niretzat misterio handia da hitzak, neurriak, doinua egoki uztartzea. Batzuek bikain egiten dute (Lizardik, esate baterako, esan liteke Antton Valderderengan pentsatuz idatzi zuela “Bihoitzean min dut” hura).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude