Bakartxo Arrizabalaga Labrousse
Tren-trenean dabilela edo doala edo datorrela edo besterik erranen balizue inork, nola ulertuko zenukete dabilela: indar betean? Halamoduz? Besterik?
Ez inongo hiztegitara jo; alperrik zenukete, ez baita halako hitzik hiztegietan, ez beste inon ere; zuen irudimena, zuen belarriak, zuen asmamen eta ezagumena besterik ez dezakezue balia hitz horri erranahiren bat emateko.
Hitz hori sortzekotan zein erranahi ukan lezakeen edo egungo euskaldunok nola ulertuko genukeen jakin nahiak beste ezerk ez narama horrelako galdera egitera.
Badakit ohiko galdera ez dena, gehienetan izana duenaren izena galde egiten baita eta ez izen baten balizko izana, baina urte honetan txorakeriak egiteko aukera gutxi geratzen zaidanez, nola ez honako hau balia eta arratseko koplak baino lehen beste kopla hau bota?
Izena bera ez dut nik hutsetik asmatu; horren antzeko zerbait irakurrita etorri zait eta izate argirik eman ezinik nabil; hortik zuei galdera egitea, argi baita nik ezin dudala hitz bat neure kabuz asmatu eta hizkuntza batera sartu, hizkuntza horren mintzatzaileekin adostu gabe.
Badakit hitz berriak asmatzeko XX. mendearen hastapeneko bolada amorratuaren eskarmentu gorriaren ostean ia ezinezkoa dela hitzak asma daitezkeenik pentsatzea edo, are eta arriskutsuago, proposatzera ausartzea, baina hizkuntza jostagarri ez bada ez da beste ezertarako ere baliagarri gertatuko eta urtea joatearekin batera joan daitekeenez asmo ero hau ere, ez dut uste inoren kalterako gertatuko denik urte zaharrerako soberaxko den haize hego xelebre honek eraginiko nire proposamen zozoa. Heldu den urtean azalduko dizuet korapiloaren hariaren nondik norakoa, baina gustura hartuko nituzke zuen proposamen eta iradokizunak, hitzak zuen belarrietan egiten duen soinuaren oihartzunak.
Eta diostesalbe!
Nik esango nuke “egiazko trenean” ibiltzea, etortzea edo dela; hau da, hiztunarentzat “egiazkoa” den tren batean: tren motela, traka-traka kea dariola doana izan daiteke (ziztu batean eta kerik gabe doana ez bezala), edo alderantziz, zer adierazi nahi den. Sukaldean norbaitek “olio-olioa” erabili behar dela esango balu bezala., ez erdipurdiko koiperik.
Dena dela, gaztelaniaz berdin-berdin ulertuko nuke nik “ir en tren-tren” edo “usar harina-harina”. Beraz, ez dakit zer pentsatu gure (nire) hizkuntza-asmamenaz: bi hizkuntzarako balio du? Denerako?
Erantzun argirik gabe, baina urte berri ona izan dezazula, Bakartxo. Baita beste guztiok ere!
Niri, berriz, “tren-trenean” irakurri, eta “egunerokotasuna” etorri zait burura, are gehiago, esaldia Bakartxorengandik zetorrela ikusiz. To! Oraingo honetan frantsesari lapurtu dio ideia, eta eguneroko “train-trainean” sartu nahian dabil gure hendaiarra. Urteak urteari darraio, eta gure bidaian, trenari bagoi bat gehitu zaio. Urte Berri On guztioi!
Edurne Alegria