Ezin dut joan

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Idazleak bizitzan dakiguna ikasi besterik ez dugula egiten gaztigatu zigun arren, nire irudikoz genekizkien arau anitz desikasten ibili behar izaten dugu maiz euskarazko testugintzan dihardugunok. Horrek abantailak izan ditu ugari, zeren, garai bateko arau zorrotz eta estu asko malgutzearekin batera, zabaldu baitzaizkigu idazteko baliatzen ahal ditugun aukerak, prosagintzaren aberasgarri. Halere, desabantailak ere izan ditu, eta ez gutxi, arauen gorabehera horrek, hala nola zalantzen kutxa ezin zeharo hustea.

Ikastolan «ezin dut joan» oker esana zela irakatsi ziguten, baina libre genuela «joan behar dut/joan behar naiz» erabiltzea. Gaztetan, Donostian, «ezin dut joan/ezin naiz joan» bi-biak zilegi zirela irakatsi zidaten, eta gaizki zegoela «joan behar naiz» idaztea. Gerora, berriz, Ikastolako arauak zuzenak zirela berrikasi nuen, nahiz eta baten batek boli gorria ekintzarako prestatu ohi zuen beti nire testuetan «joan behar naiz» eta gisakoak irakurri orduko; nahiz eta garbi egon, Gipuzkoa aldean bederen, barra-barra aditzen direla «ezin dut joan» eta holakoak.

Ilobak, EGA prestatzen ari baita, «ezin dut joan» zuzena denetz galdetu dit, eta ni, kontsultatu gabe behintzat, erantzun garbia ematera ausartu ez. Ikerketatxo bat egin dut di-da, eta honako hauek ikasi:

Euskarazko zalantzak argitzeko Azpidazki aplikazio informatikoak (EHU) honela erantzun dio erabiltzaile bati:

Nola dago ondo: Ezin dut joan? edo Ezin naiz joan?

Erantzuna:

Jende askoren zalantza da zurea, baina zirt edo zarteko erantzunik ez duena; izan ere, euskalkien arabera, ezin izan eta ahal izan aditzak desberdin erabiltzen dira. Horrela, zenbait euskalkitan menpeko aditzaren araberako laguntzailea hartzen dute (“ezin gara hemen geratu”, “ezin dugu ordularia geratu”); beste euskalki batzuetan, ordea, nork motako adizkiekin erabiltzen dira beti, menpeko aditza edozein dela ere (“ezin dugu hemen geratu”, “ezin dugu ordularia geratu”). Beraz, zure galderari helduta, gaur egungo euskara batuan biak dira zuzenak, baina “ezin naiz joan” nagusiagoa da.

Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak estilo-liburuan, ordea, Patxi Petrirenak honela azaldu digu zein den erabilera zuzena (9.6. Aditz modalak ataleko 9.6.1. puntuan):

d) Ezin hitzarekin osaturiko esapideetan, Hiztegi Batuko sarrerak agintzen duen moduan, komunztadura gorde behar da: «ezin da hurbildu» («*ezin du hurbildu»), «ezin du erosi».

Izan ere, Hiztegi Batuak honako hau dio:

ezin izan: ezin da etorri (*ezin du etorri); ezin du egin.

Dena den, arauak arau, garbi da maiz ikusten direla, baita itxuraz zorrotz begiraturiko testuetan ere, «ezin dut joan» modukoak. Nola ikusten duzue kontua? Euskaldun askok eta askok ahoz nahiz idatziz erakusten duten tema ikusita, berraztertu beharko litzateke komunztadura gorde behar hori?

5 erantzun “Ezin dut joan” bidalketan

  1. Bitxia da, edo hala iruditzen niri, “sartu behar dut/naiz” bereizkuntza ez hain zabaldua erreibindikatzen ibiliak (ekialde muturrean, are “sartu nahi dut/naiz”) orain “Ezin dut/naiz sartu” tradizio ia erabatekoa auzitan jartzea…

  2. Ama zenak, 1927an jaioa bera, ezin eraman izaten zuen nik “ezin det jun” esatea eta “ezin naiz jun!” zuzentzen zidan sendo. Neri, jakina, ez dit holako belarriko minik ematen. Gazteagoei “ezin naiz jun” oso urruti gelditzen zaie. Neri norbaitek galdetzen badit, hemen idatzi dudana erantzuten diot. Gero norberak senti dezala zenbaterainoko amorrua dakarren arautzeko, debekatzeko eta lagun hurkoa txorrotx hartzeko.

    1. “Aurkezten naiz” entzunda, batzuk haserretu, “nire burua aurkezten dut” behar duelakoan. Baina ez dugu esaten “sartzen dut nire burua”, baizik eta, lasai asko, “sartzen naiz”.

      Ohitura kontua, beraz?

      Behin batean, Urritzate haran segeretuan genbiltzala, hango euskaldun osoekin berbetan, kexu ari zitzaidan baserri isolatu -ez errepiderik ez eta argindarrik- bateko andere bat, honela mintzatuz:

      “Behartzen zara mediku batez, behartzen zara apaiz batez… eta hemen ez da errepiderik!”

      Neu jota harrituta, “behar” aditzaren erabilera indirekto hartaz.

      Primerako hiztuna, emakume hura. Elebakarra ez bazen, hortxe hortxe ibiliko. Espero dezagun ez dela sekula behar izango EGA azterketaz, ze jarriko dioten penkoa Irubelakaxkoa mendia baino trifasikoagoa izango baita.

      1. Ulertzen dut zure kezka, eta nik ere ez nituzke demonizatuko “aurkezten naiz” bezalakoak, baina aipatzen dituzun beste bi adibideak oso bestelakoak dira. Tira, ezberdinak dira, continuum beraren barruan egon arren. Aditz batzuek euskaraz berezko dute alternantzia hori (konparatu hil naiz/hil dut). Bestetan “naiz” erabiltzea ezinbestekoa da, gutxienez Leizarragagandik, orokorki hitz egiteko (“garbitzen naiz”). Eta azkenik, gure idiolektozentrismotik harago, tradizio handiko erabilerak ohi ditugu, hala nola, “behartu” iragangaitz jokatzea “beharrean izan” adierazteko (Axularrengandik gutxienez); ikus OEHn “behartu”-ren 4. adiera.
        Demonizatu ez, baina euskara batuan, gutxieneko formaltasun edo/eta dotoretasun maila batean behinik behin, “neure burua” erabiltzearen alde nauzue.

  3. “Ezin dut etorri” modukorik ez omen da aurkitzen oso berandu arte, OEHko “ezin” sarrerak dioenez. Gipuzkoako alderdi batzuetan behintzat oso ohikoa da, baina ez nuke jakingo esaten noraino eta zenbateraino. Batasunerako komeni da? Alderantziz ere, gaitzetsi behar da? Idazlearen esku dago testua besteek ulertzeko moduan egitea…
    Edonola ere, etimologikoki “behar”-ek, eta nire ustez “ahal”-ek, ez ote dute alderantzizko bidea egin? Euskararen iragangaitz/iragankor bereizketaren indar analogikoa eta gramatikalizazioa elkarlanean.
    Aitzitik, aspaldion dabilkit buruan “ezin izatea” (eta batzuetan, analogikoki, “ahal izatea”) aditz iragankorrekiko esapideez adierazteko joera dutela hiztun/hizkera batzuek, ikertu ez dudan arrazoi linguistiko-kognitiboren bategatik: “ezin dut joan”, “ez daukat joaterik” > “badaukat joatea”… Eta azkenaldian behin baino gehiagotan belarrian atximurka egiten zidala entzundakoa: “joan dezaket” (“ezin de(zake)t joan”) esango luketenen ahotik)!!!

    Zer deritzozue horri?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude