Ezin dut joan

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Idazleak bizitzan dakiguna ikasi besterik ez dugula egiten gaztigatu zigun arren, nire irudikoz genekizkien arau anitz desikasten ibili behar izaten dugu maiz euskarazko testugintzan dihardugunok. Horrek abantailak izan ditu ugari, zeren, garai bateko arau zorrotz eta estu asko malgutzearekin batera, zabaldu baitzaizkigu idazteko baliatzen ahal ditugun aukerak, prosagintzaren aberasgarri. Halere, desabantailak ere izan ditu, eta ez gutxi, arauen gorabehera horrek, hala nola zalantzen kutxa ezin zeharo hustea.

Ikastolan «ezin dut joan» oker esana zela irakatsi ziguten, baina libre genuela «joan behar dut/joan behar naiz» erabiltzea. Gaztetan, Donostian, «ezin dut joan/ezin naiz joan» bi-biak zilegi zirela irakatsi zidaten, eta gaizki zegoela «joan behar naiz» idaztea. Gerora, berriz, Ikastolako arauak zuzenak zirela berrikasi nuen, nahiz eta baten batek boli gorria ekintzarako prestatu ohi zuen beti nire testuetan «joan behar naiz» eta gisakoak irakurri orduko; nahiz eta garbi egon, Gipuzkoa aldean bederen, barra-barra aditzen direla «ezin dut joan» eta holakoak.

Ilobak, EGA prestatzen ari baita, «ezin dut joan» zuzena denetz galdetu dit, eta ni, kontsultatu gabe behintzat, erantzun garbia ematera ausartu ez. Ikerketatxo bat egin dut di-da, eta honako hauek ikasi:

Euskarazko zalantzak argitzeko Azpidazki aplikazio informatikoak (EHU) honela erantzun dio erabiltzaile bati:

Nola dago ondo: Ezin dut joan? edo Ezin naiz joan?

Erantzuna:

Jende askoren zalantza da zurea, baina zirt edo zarteko erantzunik ez duena; izan ere, euskalkien arabera, ezin izan eta ahal izan aditzak desberdin erabiltzen dira. Horrela, zenbait euskalkitan menpeko aditzaren araberako laguntzailea hartzen dute (“ezin gara hemen geratu”, “ezin dugu ordularia geratu”); beste euskalki batzuetan, ordea, nork motako adizkiekin erabiltzen dira beti, menpeko aditza edozein dela ere (“ezin dugu hemen geratu”, “ezin dugu ordularia geratu”). Beraz, zure galderari helduta, gaur egungo euskara batuan biak dira zuzenak, baina “ezin naiz joan” nagusiagoa da.

Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak estilo-liburuan, ordea, Patxi Petrirenak honela azaldu digu zein den erabilera zuzena (9.6. Aditz modalak ataleko 9.6.1. puntuan):

d) Ezin hitzarekin osaturiko esapideetan, Hiztegi Batuko sarrerak agintzen duen moduan, komunztadura gorde behar da: «ezin da hurbildu» («*ezin du hurbildu»), «ezin du erosi».

Izan ere, Hiztegi Batuak honako hau dio:

ezin izan: ezin da etorri (*ezin du etorri); ezin du egin.

Dena den, arauak arau, garbi da maiz ikusten direla, baita itxuraz zorrotz begiraturiko testuetan ere, «ezin dut joan» modukoak. Nola ikusten duzue kontua? Euskaldun askok eta askok ahoz nahiz idatziz erakusten duten tema ikusita, berraztertu beharko litzateke komunztadura gorde behar hori?