Gora txakolin askatua!

Juan Luis Zabala

Barkatuko didazue berriro ere gai berarekin tematzea, baina orain hurrengoko nire txandan aipatu nuen Jule Goikoetxearen esaldiari bueltaka jarraitu dut geroztik ere. Gogoan izango duzue zuetako batzuek esaldi hura: «Euskarak ez gaitu euskaldun egiten, baginak emakume egiten ez gaituen bezala. Subalternitateak egiten gaitu euskaldun, batetik, eta emakume, bestetik».

Kontrako argudioak irakurri eta gero ere, nik jarraitzen dut pentsatzen euskara dela euskalduna euskaldun egiten duena. Kontrakoa onartuko dut beharbada egun batean, por Euskadi y por el euskera, nafarra naizela onar dezakedan bezala, edo are –eta barka nazala Euskal Taliban Jatorrak bere Bolizko Dorre sakratutik– ergatiborik gabeko euskara ere, hala egokitzen bada. Baina barru-barrutik beti segituko dut pentsatzen euskaraz ez dakiena ez dela euskalduna, lentillak erabiltzen dituen miopea betaurrekoduna ez den modu berean.

Besterik litzateke Jule Goikoetxeak esaldia honela formulatu balu: «Euskarak ez gaitu euskaltzale egiten, baginak emakume egiten ez gaituen bezala. Subalternitateak egiten gaitu euskaltzale, batetik, eta emakume, bestetik». Horrekin, aldez behintzat, konforme nengoke.

Soilik aldez konforme, dena den; ez guztiz. Nire euskaltzaletasunak –beste askorenak bezala, nire ustez–, xehetasunez aztertuta, bi oinarri dituela iruditzen baitzait: batetik, neu euskalduna izatea; bestetik, hori bai, subalternitatea dei daitekeen hori.

Batetik, euskaraz txikitatik ikasi eta hitz egin izanak euskalzulo egin nau, Iñaki Segurolak sortutako termino guztiz egokia erabiliz, eta euskalzulo izatea bada euskaltzale izateko modu bat, euskalzulotasuna bada euskaltzaletasun modu bat. Baina, bestetik, euskararen beraren egoerak eta haren aldeko borrokak ere –hots, subalternitateak– egin nau euskaltzale, neurri batean behintzat.

Euskalzulotasuna sentimendu bat da funtsean, hooliganak bere talde maitearekiko duenaren antzekoa; bihotzarekin lotzen da, kirol arloko zaletasun eta maitasunen antzera. Subalternitateari lotutako euskaltzaletasuna, aldiz, arrazionalagoa edo politikoagoa da, edo izan daiteke behintzat.

Bai, subalternitateak egiten gaitu euskaltzale, neurri batean behintzat. Beste batzuek beste zerbaitekin lotuko dute hori, baina niri Lizardiren Eusko-bidaztiarena poemako «izkuntza larrekoa», Joxe Azurmendiren Manifestu atzeratua poemako «kalderrilla hutsa» eta Bitoriano Gandiagaren Txakolinaren ospakuntza poemako «ardo nahi ta ezina» ekartzen dizkit gogora, besteak beste, eta subalternitate adierazpen betea iruditzen zait Gandiagak zentsuraren ondorioz ezin argitaratu izan omen zuen aldarri ito hura: «Gora txakolin askatua!».

5 erantzun “Gora txakolin askatua!” bidalketan

  1. Euskalzuloaren sentimenduak edo bihotzak ez dik deus ikustekorik hooliganarenarekin. Belarriak ere ez. Konparazio bila hastekotan, beste bat hobea bilatu beharko duk, baina kostako zaik galanki, ze hizkuntza oso gauza beregisakoa baita.

  2. Ba niri euskaldun jaioaren euskalzulotasuna etxean txikitan realzaletutakoaren hooliganismoaren oso parekoa iruditzen zaidak. Realzaletutakoaren hooliganismoa (zatarragoa eta pobreagoa izateaz gain), askoz ere zabalduago zegok, hori bai; ez dik alferrik izaten fedabideen eguneroko propaganda zaparrada, euskalzulotasunari egiten zaiona baino mila bider handi eta eraginkorragoa. Alderdi horietan eta beste batzuetan oso diferenteak izan arren, antzeko zuztarrak dauzkatela iruditzen zaidak euskalzulotasunak eta Realzaletutakoaren hooliganismoak: haurtzaroa, identitatea, etxea… dagoeneko betiko norberaren parte egina dagoen horrekiko atxikimendu bihotz-bihotzekoa, nahita ere ezin erauzia. Nik halaxe ikusten diat behintzat, eta ikusi ez ezik baita halaxe bizi ere.

  3. Hizkuntza kontu hau xelebrea duk. Oso era banatara bizi dizkiagu guk biok hemen aitatzen ari garen zera hauek. Emanber elkarrengandik oso urruti jaioak eta haziak garela, eta Artzubitik Altzibarrera ez dituk 5 km. baino gehiago egongo!
    (Oharra, Urola bailaratik kanpokoentzat: “emanber” erabiltzen hasi naiz euskara batu-antzeko honetan, barruko belarriak halaxe eskaturik. “Irudi luke” edo antzeko balioa du. Berez, “eman-behar” da, baina nola oso adiera berezia duen, iruditzen zait “emanber” forma berezian erabiltzea hobe dela.)

  4. Euskara kontuetan ez igual, baina futbol kontuetan bazegok alderik Artzubi eta Altzibar artean. Zuek gertu zenuten Lagun Onaken zelaia, Garmendipen, baina guk Anaitasunarena bertan, etxe ondoan, futbol “erregionala” oso indartsua zen garaian.

  5. Pingback-a: Hooligan | 31 eskutik

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude