Ogia eta arrosak

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Nahi baino gutxiagotan joan izan naiz zinera azken urteotan eta, horrexegatik, beharbada, lehen baino plazer atsegingarriagoa bilakatu zait astegun zuri batean areto arruntean huts batera sartzea aldez aurretik poliki hautatu filma ikustera.

Halabeharrez, eta zorionez, Pride ikusi nuen udaberriaren hasmentan. Matthew Warchus-en filma feel-good-movie generokoa omen. Garratzetik ere baduela esanen nuke, baina, bai, egiari zor, aitortu beharra dut ongi sentiarazi ninduela bi talde subalternoren arteko aliantza egiazko batean oinarrituriko filmak. Ongi eta baikor, eta hunkiturik ere bai, hainbesteraino non bizitzan aurrenekoz poema bat itzultzeko irrika eutsiezina jabetu baitzen, egoskor jabetu ere, nitaz.

Filmaren eszenarik niretzat hunkigarrienean, Bread and Roses abesten hasten da emakumeetako bat, azkenerako inguruan bildutako guztiak batzen zaizkiolarik. Filma ikusi nuen egun hartantxe euskaratu nuen James Oppeheim-ek Rose Schneiderman sindikalistaren esaldian oinarrituta ondu zuen poema. Euskaratu eta bertsionatu, kantuaren doinura egokitzearren, abestia bera baitzen euskaraz nire baitan entzuten hasia nintzena.

Halabeharrez, eta zorionez, handik egun gutxira, Usoa Wyssenbach adiskide, itzultzaile eta abeslariak eskatu zidan bukatu berriak zituen itzulpen batzuk begiratzeko, patinaje eskolak eskainiz, ohi bezala, ordainetan. Usoaren eskaera jaso bezain laster, ohartu nintzen patinaje eskolak baino nahiago nuela euskaraturiko poema kantatu eta graba zezala niretako, itzulpenak kantuan nola ematen zuen jakiteko.

Eta, nolakoak diren gauzak –edo nolakoa halabeharra–, handik egun gutxira, Xerezaderen Artxiboko arduradunen mezua iritsi zitzaidan, Xerezaderen Jairako poemaren bat aukeratu eta itzultzeko prest ote nintzen galdezka. Poema banuela esan nien, baita itzulpena ere; baita poema kantatzeko gertu zegoen lagun bat ere.

Halabeharrari ezin baitzaio ihes egin, hark hartaratua prestatu dugu Usoak eta biok gaur hemen uzten dizuedan bideo hau. Ekain hondar honetan zabaltzea aproposa iruditu zaigu-eta, gaur mundu osoan barrena harro eta kokotsa goiti irtengo direnen oroimenez; hurrengo asteartean munduak Irun izena hartzen duen toki horretan harro eta kokotsa goiti irtengo diren emakumeen omenez, miresmenez.

7 erantzun “Ogia eta arrosak” bidalketan

  1. Eskerrik asko, Itziar! Gogoa bizten du filma ikusteko eta haren oinarrian bide dagoen historia ikasteko.
    Zein ederra proud Usoaren interpretazioa!
    Ezin hoberik igandean argitaratzeko, “gaur mundu osoan barrena harro eta kokotsa goiti irtengo direnen oroimenez…”, eta gaur (asteartea) ere kantatzeko “munduak Irun izena hartzen duen toki horretan harro eta kokotsa goiti irtengo diren emakumeen omenez, miresmenez…”

  2. Txapo, Itziar eta Usoa!
    Mila-mila esker perla eder horregatik. Gogoa ematen du, bai, aitzina jarraitzeko.
    Bego

  3. Hori da hori edertasuna, poema eta kantua. Mila esker bioi. Blog honek asko irabazi du oraingoan. Artea(ga)!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude