Juan Luis Zabala
Beste askori bezala, niri ere barrua astindu zidan Jule Goikoetxearen Euskaldun egiten gaituena artikuluaren hasierak (Berrian 2015eko ekainaren 10ean): «Euskarak ez gaitu euskaldun egiten, baginak emakume egiten ez gaituen bezala. Subalternitateak egiten gaitu euskaldun, batetik, eta emakume, bestetik».
Ez dakit zer neurritan idatzi zuen hori Jule Goikoetxeak benetan hala dela sinetsita, edo zer neurritan idatzi zuen probokazio gisa. Ez dakit ulertu dudan benetan zer esan nahi duen ere. Kontuak kontu, grazia egin zidan Angel Erroren egun bereko txioak: «Kiloek ez naute lodi egiten. Subalternitateak egiten nau lodi. Me quedo más tranquilo».
Ez nago ados Jule Goikoetxearekin, jakina. Nik behintzat ez dut inondik inora ere sentitzen subalternitatea denik euskaldun egiten nauena. Ni euskalduna naiz euskaraz badakidalako eta euskaraz hitz egiten dudalako. Eta nik ezagutzen ditudan euskaldunak ere euskarak egiten ditu euskaldun, nire ikuspegitik behintzat, ez subalternitateak[1].
Euskararen subalternitateak euskararen inguruan sentiberago eta kontzientziatuagoa egin nau. Ados. Euskaldun askorentzat euskararen subalternitatea izan da euskaldun egiteko arrazoi edo bultzada nagusia. Ameto. Subalternitateak ikaragarri baldintzatzen du euskarari buruz dugun ikuspegia, eta baita harekiko dugun jokabidea ere. Hori ere hala da.
Baina uste dut euskaldun eta euskaltzale izaten jarraituko nukeela euskara hegemoniko litzatekeen Euskal Herri —zein euskal herri— batean. Gustura egingo nuke proba behintzat. Subalternitateak erdaldun egingo ote gintuzke orduan?
* * *
[1] Ez nago ados, bide batez esanda, Jule Goikoetxeak euskaldun hitzaren erabilera asimetrikoaz dioenarekin ere. Jorge Oteiza, gaztelaniaz ari bagara, artista vasco izan zela onar dezaket, baina… Jorge Oteiza artista… euskalduna? Baita zera ere! Akabo ba! Auzi horretan bat nator lehen Euskaldunon Egunkariakoak bezala orain Berriako Estilo Liburuak egiten duen bereizketarekin: Jorge Oteiza artista euskal herritarra izan zen. Ez gaude, beraz, Jule Goikoetxeak dioen moduan, «Ilustrazio frantsesaren erdigune jakobinotik» pasatuta «euskal hiritarrak esatera kondenatuak».
Beste ohar txiki bat gai honetaz: Ibai Iztuetak dio, Cultura vasca vs Euskal kultura saiakeran (Utriusque Vasconiae, 2015) euskal herritarra hitzaren erabilera ez dela zabaldu, eta egia da; baina uste dut euskarazko hedabideek, batez ere Euskadi Irratiak eta ETBk, aukera daukatela, oraindik ere, erabilera horren zabalkundea nagusitu arte bultzatzeko.
Polemiketan sartzeko asmorik gabe, bada euskaraz esamolde bat, eder askoa eta jator-jatorra, izendatzeko euskaraz ez dakiten euskaldunak: “euskaldun motzak”. Egia da ez dela batere arrunta gaur egun esamolde hori entzutea, baina ezta “euskalerritarra” ere, hortara jartzen bagara. Galdera, izatekotan, ez da esentzia euskaldunari buruzkoa (euskara, subalternitatea, arraza, fede katolikoa…) baizik eta tokian-tokian eta aldian-aldian gizarteak ontzat edo txartzat ematen duenaz, ondorioz kontzeptu eta erabilera zehatz batzuk zabalduz edo murriztuz.
Eta barka diezadala Jule Goikoetxeak, baina hemen gauza unibertsalki jakina da euskaldun egiten gaituena fede katoliko bizi eta gartsua dela; orain dela ehun urte inkesta bat egin izan balitz, dudarik gabe baietz erantzungo zuten euskaldunen %95etik gora.
(barkatu, hasi naiz esaten polemiketan sartzeko asmorik ez nuela, eta begira nola bukatu dudan)
Ados ikuspegiarekin, Juan Luis. Bada garaia EUSKALDUN hori askatu eta hizkuntzari lotuta bakarrik erabiltzeko! Gainera, badago EUSKAL HERRITAR horrez gain, oso gutxi erabili izan beste aukera bat: EUSKOTAR. Hara, Jakin aldizkarian irakurri berri, Txillardegiren testu batean:
Beren ustez, beraz, hiztegi on bat gertatu, eta kitto: problemarik ez.
Gure hizkuntza salbatua dagoke… Horren bidez zabaldu zan gure
artean ideia zentzugabe hura: abertzaleak agintea lortu, hiztegia eskuan gauzei izena aldatu […] eta kitto: euzkotarrak euskaldun,
herri osoa euskeraz jator hasiko omen da, eta hizkuntzaren hauzia
betirako konpondurik. Erraza, alajaiñetan! (Txillardegi, 2004: 69).
Ni ez nator bat zuekin.
Badaudelako tarteko gune asko.
Sevillako Reyes Prados emakume jatorra, adibidez, zeinarekin batera zigarroak erretzen ditudan EITBko ateetan, euskaraz nolabait mintzatuz, hilabete batzuk eman baititu euskaltegian…
Orduan, zuen ustez, euskalduna da.
Ok.
Riñaren bestaldean:
Patxi Eugi pilotari-ohi aoiztarra, zeinari sekula santan ez diodan euskaraz hitzegiten aditu… eta ez dut uste sekulan adituko diodanik.
Nigatik, obviously, egin dezala sudurraren puntan jartzen zaiona: erdaldun jaio bazen, esan nahi dut, eta erdaraz trebatu bazen, ez diezaiola inork eska -neuk ez behintzat- bere burua linguistikoki trabestitu dezala “euskaldun” -zuek esango zenuketen moduan- bilakatzeko, izan ere, niri askoz jatorrago ageri baitzait Eugi jauna “bere” erdaltasun idiomatiko jator horri atxikita -hau kasualitatea- ezen ez barnetegitik pasa ostean, eta erran gabe doa nor bere jatortasun idiomatikoan tematze hori oso oso euskalduna egiten zaidala, beraz eta… konklusio gisa:
Prados andere euskaraduna ez da niretzat euskalduna, eta aoiztar Eugi jaun euskaragabea, ordea, kultur arrazoi pilo bat tarteko -etnografia eta arrazakoak (!) barne- bada -horixe baietz- euskalduna edo, inkluso, super-euskalduna.
Faltaría plus!
(Luzeago hitz egiteko modukoa, noski, milaka ñabardura gehiago tarteko)
Ez gaude ados, ez. Reyes euskalduna da niretzat, bai, kanpotik etorri eta euskara ikasi duten guztiak bezalaxe. Euskaraduna=euskalduna, gauza bera da. Eta Patxi Eugi? Euskaldun plantako erdalduna, esaterako.
Argigarria iruditzen zait Antton Lukuk EUSKAL KULTURA? saiakeran eman zuen pasarte hau:
“Euskalduna zira” galde egiten duelarik auto-estopan hartu zaituenak, ez du erran nahi Bidarten bizi zirenez, ez eta zure amamak Urzurigaray izena ote zuen, net futitzen da hortaz. Erran nahi du sinpleki: “nola mintzo gira euskaraz ala frantsesez?” (…) Munduan ba ote da populurik auto-definizio hain irekia duenik? Euskara ikasten duzu. Ziup, automatikoki euskaldun zira, ongi etorri klubera eta puntu.
Utziozu, Xabier, alfer-alferrik da.
Batzuk berebiziko tema dute esentzia “euskalduna” definitzea X irizpide(ar)en arabera. Bitxienak euskalduna “jatortasuna”-ren arabera definitzen dutenak dira (eta “jatortasuna” beren irizpide estetiko edo esoteriko batzuen arabera).
Aingeruen sexuari buruz eztabaidatu nahi izatea bezalakoa da. Hori da guztia.
Reyes Prados euskalduntzen ari duk, Fermin; eta Patxi Eugi, hire deskribapenaren arabera behintzat, baskorro bat duk, baskorro erdalduna.
Bueno, bueno, Juan Luis…
“euskaldun motz”, “baskorro”…
Dirudienez, euskaraz jakiteak halako super-potere (des-emozional?) bat ematen dizue… euskaraz ez dakiten gure artekoak halako kalifikatibo des-atseginen bidez kalifikatzeko.
Lehen ere ikusita gaude, bai, noraino ailega daitekeen euskaradun batzuen super-potere des-emozional horiek, adibidez gaelikoz mintzatzen ez diren milioika irlandarrak ere… ba “irlandorros”, edo “arima galdutako irlandarrak”, edo “kosmobisio propiorik gabeko hiztun subalternoak”, edo “ingeles (!)”, edo beste edozein txorrada holo-linguistikoren bidez (neu bai futitzen naiz esoterismo horiez) kalifikatzerakoan.
Funtsean, gauza sinple bat adierazi nahi nuen: trabestismoa eta sexu-aldaketa hobesten dutenak izugarri miresten ditudala -agian gehien miresten dudan kolektiboa- baina era berean ez zait iruditzen derrigorrezko eginkizun morala denik nork bere jatortasun linguistikoa bazter utzi, eta beste bat besarkatzea: euskaldunizazio kanpaina baten baitan, ba uler ditzaket “euskaldun zaitez” eslogan edo agindu itxurako intromisio horiek, baina hi, nahikoa duk 24 orduz horrela aritzeaz, esan bezala super-potere emozional eta moral eta unibertsal baten jabe bagina bezala, besteak -euskaldun-motzak, baskorroak- erabat kontrakoa, ondorioz, islatzen dutelakoan: utzikeria eta kolaborazionismoa, ergelismo konszientea eta hijoputismo inskonszientea, edo nik dakita.
Ikusirik, batez ere, zer dugun haiei eskaintzeko… Halako -Segurola datorkit gogora- esperanto hotz bat, honen moduko diskutsio kultistetan deputamadre funtzionatzen duena, baina -demagun- portugalujo bati -zeina bizitzaren funtzio linguistiko guzti guztiak espainolez primeran kubrituta dauzkan- ba oso kripitiko, abstruso… eta motz egingo zaiona, besteak beste -batez ere?- azken hogeitahamar urteotan hobetsitako euskara ereduaren erruz -berriki Sarasolak aitortu bezala- eta noski, portugalujo horrek espainolez dituen hizkuntza gaitasunak euskaraz erdiestea, kolega, bizitza osoko esfortzu -inprobable- bat eskatuko lioke, hau ez baita Kataluña, non eta katalana gertu dagoen espainoletik -distantzia linguistiko ñimiñoa- eta gainera han aspaldi eman zen katalanaren modernizazio eraginkorra, kultismotik -D´Ors, Pla?- herriraino ailegatu dena, baina aizue, hala eta guztiz ere… ba bai, historian badira, noski, bere burua euskararen alde modu horretan konsagratu izan duten portugalujoak, baina seguru nago ez dutela osatzen sexuz aldatzea erabaki duten -eta nik gogotik miresten ditudan- kolektiboko lagunek baino porzentaia handiagorik.
Hitz egin genezake ere, gainera, euskaradun super-boteretsuen artean ematen diren beste joera auto-ukatzaile batzuei buruz, hala nola euskarazko lau esalditatik hiru espainolez joatea, edo ustez eta euskarazkoa den esaldi baten barruan hiru laurden espainolez joatea, etabar, zeintzuk erabat lotzen zaizkion lehen aipatutako eredu garbizalearen desastreari, hiztunongan efektu erabat kontraproduzenteak eragin dituelako. Baina txo, honela mintzatzen den jende askok ere… benetan uste du euskaraz ari dela, eta baita -nola ez- erdaldun elebakar -zein hiztun askoz oparoago- horien gainetik dagoela ere!
A euskara duzuen super-botere hori…
Total, hau guztia nahiko gaizki planteatuta egon dela hasieratik, orain etortzeko honelako ebidentzia tautolojiko sinplistekin, Eldorado deskubritzea bailitzan: euskaraz dakiena euskalduna da eta euskaraz ez dakiena ez da euskalduna…
Que sí, hombre, que sí…
Ai, ama! Ederra egin diagu! Funtsean berdin pentsatzen diagu, Fetx, eta hik antipodetan irudikatzen nauk, alajaina! Nik ez diat aipatu “euskaldun motz” konturik, eta “baskorro”-rena txantxetan bota diat, Patxi Eugiri buruzko hire deskripzioan etorri zaidan aurreneko hitz egokia delako; ustez behintzat inolako gehiagotasun sentimendurik, adierazpenik edo konplexurik gabe bota ere, broma giroan. Niri buruz “vasco-vasco”, “superreuskaldun” edo “euskal taliban” esan ahal den bezala (edo “euskararen banpiro” bestela, Xabier Silveiraren zorroztasun linguistikoa gogorauz, omenduz eta ohoratuz), zergatik ez esan, broma giroan, Patxi Eugi bezalakoei herriak, vulgoak, jendeak “baskorro” deitzen diela, baina inoiz ere ez “euskaldun”? Ez behintzat nire hizkuntz senaren arabera, edo (Noam Chomskyren terminologian esanda) nire hizkuntz gaitasunaren arabera, Balorazioak, kategorizazioak, hierarikizazioak, bata bestearen gainetik kokatzeak, jatordemak, jatorkraziak eta gisakoak alde batera utzita, nire senaren edo nire hizkuntz gaitasunaren arabera euskalduna izateko gutxienez euskara jakin beharra zegok, Fetx, eta hitz egin edo idatziz gero hobe, fededuna izateko fedea izan behar den bezala, edo diruduna izateko dirua eduki, edo antijoduna izateko antijoak. Eta bai, litekeena duk denborarekin, errealitatea koplexuagoa egin ahala, terminologiak aldatzea, transformatzea, eraldatzea, trabestitzea, queertzea LKGBtzea azken muturreraino, eta ederra izango duk hori gainera, ados eta Biba La Pepa dedio!, baina euskara ergatiboduna nahi dudan bezala, oraingoz behintzat, euskaldunari euskara eskatzen dion euskara nahi diat. Horixe besterik ez diat eskatzen, apaltasun osoz, eta barka diezadatela ume mainatiaren kapritxo apetatsu xume hori euskararik gabe euskaldun izatea nahiko luketen guztiek. Amen.
Ai, ama! Ederra egin diagu! Funtsean berdin pentsatzen diagu, Fetx, eta hik antipodetan irudikatzen nauk, alajaina! Nik ez diat aipatu “euskaldun motz” konturik, eta “baskorro”-rena txantxetan bota diat, Patxi Eugiri buruzko hire deskripzioan etorri zaidan aurreneko hitz egokia delako; ustez behintzat inolako gehiagotasun sentimendurik, adierazpenik edo konplexurik gabe bota ere, broma giroan. Niri buruz “vasco-vasco”, “superreuskaldun” edo “euskal taliban” esan ahal den bezala (edo “euskararen banpiro” bestela, Xabier Silveiraren zorroztasun linguistikoa gogoratuz, omenduz eta ohoratuz), zergatik ez esan, broma giroan, Patxi Eugi bezalakoei herriak, vulgoak, jendeak “baskorro” deitzen diela, baina inoiz ere ez “euskaldun”? Ez behintzat nire hizkuntz senaren arabera, edo (Noam Chomskyren terminologian esanda) nire hizkuntz gaitasunaren arabera. Balorazioak, kategorizazioak, hierarikizazioak, bata bestearen gainetik kokatzeak, jatordemak, jatorkraziak eta gisakoak alde batera utzita, nire senaren edo nire hizkuntz gaitasunaren arabera euskalduna izateko gutxienez euskara jakin beharra zegok, Fetx, eta hitz egin edo idatziz gero hobe, fededuna izateko fedea izan behar den bezala, edo diruduna izateko dirua eduki, edo antijoduna izateko antijoak. Eta bai, litekeena duk denborarekin, errealitatea koplexuagoa egin ahala, terminologiak aldatzea, transformatzea, eraldatzea, trabestitzea, queertzea, LKGBtzea azken muturreraino, eta ederra izango duk hori gainera, ados eta Biba La Pepa dedio!, baina euskara ergatiboduna nahi dudan bezala, oraingoz behintzat, euskaldunari euskara eskatzen dion euskara nahi diat. Horixe besterik ez diat eskatzen, apaltasun osoz, eta barka diezadatela ume mainatiaren kapritxo apetatsu xume hori euskararik gabe euskaldun izatea nahiko luketen guztiek. Amen.
Euskaldunon Egunkariak egiten zuen bereizketa bere Estilo Liburuan, eta praktikan hala jarraitu du Berriak, baina ez dirudi egunkari honen estilo liburuan prezeski aipatua dagoenik. Goikoetxearena irakurritakoan, jo nuen Estilo Liburuaren sareko ediziora, eta ez nuen aipurik aurkitu. Txio batzuk gurutzatu nituen gero horren arduradunekin, eta honetara iritsi ginen:
https://twitter.com/estiloliburua/status/608639375522566144
Praktika hedatua da Berriako kazetarien artean, bai. Baina kolaboratzaile batzuen erabilpena ikusirik, espreski Estilo Liburuan aipatua balego ez legoke gaizki. Nire iritzi xumean, klaro. Berriari dagokio erabakia.
Iruñean Katakrakeko jardunaldian horren premia agerian geratu da gaur: Idoia Mendia euskalduna ote den, bateko “euskotar”, besteko “basko”, batzuek euskalduntzat dutela beren burua euskaraz ez jakin arren… Eta konponbidea ez da euskaraz dakienarentzat (edo egiten duenarentzat) beste hitz bat asmatzea, jatorrizkoa berreskuratzea eta esanahia finkatzea baizik. Bestela, “euskaldundu” aditzak ez luke zentzurik izango, eta “euskaldun erdaldunak” bezalakoak bultzatuko lirateke. Gaztelaniaz “es euskaldun” esandakoan ere ez da nahasterik sortzen. Nik uste “eusko” eta “euskotar” ere baliagarriak izan daitezkeela hizkuntzarekin loturarik ez duten “vasco/a” horiek izendatzeko.
Gorago esan dudan bezala, ez da nire asmoa eztabaida honetan parte hartzea, eta ez noa errepikatzera zergatik.
Argibide bat, hale ere, “por alusiones” (hau da, zeharka aipatua izan naizenez gero): “euskaldun motzak”.
Esaera hori ez dut zuzenean inoiz entzun elkarrizketa normal batean, hala ere lagun batek azaldu zidan bera mutikoa zenean (hau da, duela 40 bat urte) oso arrunta zela. Esaerak, berez, ez du inolako esplikaziorik behar euskara dakien batentzat, baina hala ere nik neuk ere nire lagunari eskatu nion argitzeko, eta hau izan zen azalpena: garai horretan oso arrunta zen jendea bitan banatzea, hemengoak eta kanpokoak edo, nahiago baduzue, euskaldunak eta ardunaldunak; hemengoak, jakina, euskaldunak ziren, eta kanpokoak, erdaldunak; baina ordurako bere herrian (Oñatin edo Azpeitian ez bezala, adibidez), bazegoen jende multzo aski zabala hemengoa zena eta euskaraz ez zekiena; bada, horiek ziren “euskaldun motzak”, eta esaerak, testuinguru horretan eta nire informatzailearen arabera, ez zeukan inolako konnotazio negatiborik, izatekotan, positiboa zen, alegia, aipagai zen multzoa kanpokoen talde (hori bai marjinatutik) bereiztea. Ondo ulertu banion nire lagunari (orain interpretazioan sartu naiz), euskaraz ez jakiteak, euskaldunen artean ere, ez zekarren inolako karga negatiborik (hemengoak ziren!), aldiz kanpokoa izateak, bai (izate hutsagatik). Beraz, garbi dago, denominazio hori sortu zen euskara galtze prozesu azkar batean zegoen testuinguru batean, zeinean, paradoxikiko apika, euskaldunen (hots, “vasco”-en) kontzientzia bizi-bizirik zegoen, eta indartzen. Ahaztu zait esatea nire laguna Bilboko aldirietako herri batekoa dela.
Esaera hori, beraz, Bilbo aldeko 1960. hamarkadan zegoen giroari dagokio. Denok dakigun bezala, hamar urte geroago giroa arras aldatuta zegoen: batetik, euskara inportantea bilakatu zen (lehenago ez zen) eta euskaldun askok (ez guztiek, ez gehienek) kontzientzia linguistikoa hartu zuten (aski izan zen egoerari buelta ematen hasteko); bestetik, ordura arte kanpokoak (hau da, inmigrante espainol iritsi berriak) izendatzeko baita ere oso arruntak (arruntagoak askoz ere, ziur aski) ziren denominazio gutxiesgarri batzuk, goizetik gauera desagertzeko (adibidez, “maketo” edo “koreano”, gaur egun nekez, biziki nekez entzuten direnak). Eta zergatik? Apur bat epiko jarrita, euskal herritarren masa handi-handiak bat egin zuelako borroka antifrankistan, hemengo/kanpoko binomioa neurri handi batean (ez osorik) eraitsiz. Euskal Herri berri bat sortu zen eta gu, gaur eta hemen, horretan bizi gara.
Fernandoren egiak orain: gizartea aldatzen bada, hizkuntza ere aldatuko da, edo hizkuntza barruan jendea izendatzeko erabiltzen diren terminoak. Aldaketa hori normalki oso motela da, baina batzuetan bat-batekoa, iraultzailea. Horrela “maketo” hitzaren desagerpena, lorpen sozial ikaragarria, 1970etako borroka antifrankistari zor dioguna.
Orain, 2015ean, beste aldaketa-une batean gaudela dirudi. Hori pentsarazten digu, adibidez, Gasteizen eta Iruñean azken hilabetean gertatu dena. Zoritxarrez, Bilbon eta Donostian oraindik ez dira enteratu. Baina honez gero gehigi luzatu naiz.
Testuinguru horretan uste dut mota honetako eztabaidak alferrikakoak direla, non ez diren kaltegarriak. Horra nire iritzia, zintzotasunez adierazia, gordina izan arren.
Eta, badaezpada ere eta zalantzarik ez dadin geratu, hau da nire beste iritzi bat: euskalduna = vasco. Eta kitto.
Hori da gizartean nagusi den ideia, alde handiz gainera.
Eta ondo dago. Eta termino hori (bakarra da) ez dago argi ez euskaraz ez gaztelaniaz, baina termino bakarra da, ez bi, hala nola gizarte bakarra osatzen dugun (edo hala nahi dugu behintzat).
Eta gizartea da aldatu behar duguna, ez hizkuntza. Hor gero etorriko da (badator, adibidez, EAEn 30 urtetik beherakoen artean guztiz gehienek euskara ikasi dute eskolan, beraz, euskaldunak dira terminologia estu horren arabera ere). Eta mesedez, faborez, arren, orain ez hasi esatean euskara jakin bai, baina kalitatea ez bada ona, ez direla benetako euskaldunak etab. Ez hasi horretan, mesedez.
Ondo esanak hartu, txarto esanak barkatu.
Aurreko mezua idatzi eta berehala, lagun bat etorri da etxera. Ordenagailuan erakutsi diot idatzi berri dudana. Zati batzuk ez ditu ondo ulertu: benetan pentsatzen dut euskalduna eta “vasco” sinonimoak direla?
Bai, hori da pentsatzen dudana. Beste hitz batzuetan esanda, erabil dezagun euskaraz ari garenean “euskalduna” gaztelaniaz ari garenean “vasco” erabiltzen dugun zentzu berean (kontraesanak eta indefinizioak hizkuntza bietan daude, eta hala ere ez zaigu burutik pasatzen “vasco” ordezkatzeko hitzik asmatzea).
Ondorioz, euskaraz gutxi edo batere ez dakien euskaldun asko dago gaur eta hemen.
Eta zer? Gauzak ondo egiten baditugu, beste hogeita hamar urtean ikasiko dute.
Eta hori horrela ez bada gertatzen, alferrikakoak izango dira zehaztapen eta erreforma lexikografiko guztiak.
Zure azken hitzei, Pruden, helduko diet:
“Eta mesedez, faborez, arren, orain ez hasi esaten euskara jakin bai, baina kalitatea ez bada ona, ez direla benetako euskaldunak etab. Ez hasi horretan, mesedez.”
Hain da egia, diozun hori, non eta, hemen eta orain, ia kristo guztia bilakatu zaigun -nolabait- euskaldun… eta horrek ematen dio -nire ustetan- “euskaldun” definizioak orain arten izan duen esanahi tautolojikoari -euskadun da euskaraz dakiena- dimentsio berri bat, non eta -irudituko zaizu boutade bat, baina aro post-euskaldunaren adierazgarri delakoan nago- Maroto el de la moto ere, orain eta hemen, niretzat… ba bai: euskalduna da.
Euskalduna eta aberkidea. Nolabaiteko euskalduna eta nolabaiteko aberkidea? Horixe baietz, ia nire inguruko beste edonor -familia, lagunak, ezagunak- bezala.
Nolabaiteko euskaldunak eta nolabaiteko aberkideak.
Koordenada horien arabera noa ni hejemonia jakin batzuen alde -politikoak eta kulturalak- borrokatzera, ezen ez esanahirik -tautolojiatik haratago- galdu duten bereizketa ez-funtzional (euskaldun-erdaldun; euskalherritar-espainol edo frantsez) horien arabera.
Denok bagarelako erdaldunak eta baita, ondorioz, espainol eta frantsesak ere.
Izan ere, euskaldunaren definizio definitiboa egin behar izatekotan, behin baino gehiagotan idatzi izan dut -tankera honetako foroetan- niretzat euskaldun euskalduna, bakarra eta berdaderoa, nor den: bere buruaz euskaraz minzatzen den hiztuna.
Espainolak bere buruaz espainolez hitz egiten duelako, nahiz eta euskaraz deputamadre jakin.
Orduan zenbat garete euskaldunok?
Edo ia denak -el de la moto barne, bere erdara hiper-nagusi horrekin, nire inguruko beste edonor bezala- edo ia inor ez (edo, behintzat, esaten dugun fantasiazko kopuru hori baino askoz gutxiago).
Euskararen bizipen linguistikoa -niri gustatzen zait “estetikoa” deitzea, baina tira- hemen bizi garen guztion artean nagusituko da, ala ez, baldin eta hiztun bakoitzaren jatortasun linguistikoaren arabera moldatzen badugu gure eskaintza. Bestelako estratejia soziolinguistikoak behingoz mahai-gaineratzeko ordua da. Baina, zoritxarrez, soziolinguista gehienek jarraitzen dute pentsatzen gure gizartea bitan banatuta dagoela; euskaldunak eta erdaldunak… eta, ondorioz, errealitateak ihes egiten die nola urak eskuetatik.
Zehaztapen bat, Fermin: denok dakigu gaztelaniaz, baina horrek ez gaitu erdaldun egiten. Erdaldun zer da? Euskaraz ez dakiena. Elhuyar hiztegiko adibidea: gure ama erdalduna da: nuestra madre no sabe vasco.
Fermin, zure azkeneko testu hori goitik behera sinatzen dut, oso-osorik (bon, agian estetikari egiten diozun aipamena ez, baina erreparo hori txikikeria bat da). Marotori buruz diozuna bereziki egokia iruditzen zait.
Eta nik ere zure azken esaldia nabarmenduko nuke: “Baina, zoritxarrez, soziolinguista gehienek jarraitzen dute pentsatzen gure gizartea bitan banatuta dagoela; euskaldunak eta erdaldunak… eta, ondorioz, errealitateak ihes egiten die nola urak eskuetatik.”
Iruditzen zait hemengo soziolinguistek Soziologiaren bekatu nagusia egiten dutela etengabe, errealitatea nahastea berau esplikatzeko sortzen dituzten modeloekin.
Alegia, hemen (EAEn) gizarte bakarra dago (zorionez) 1970etatik aurrera. Gizarte hori mila eta bat arrakala zeharkatzen dute (munduko beste edozein gizarte bezala): klaseak, diruak, jatorriak, erlijiioak, sexuak, pentsaerak, hizkuntzak, hizkerak… baina hala eta guztiz ere gizarte bakarra dugu. Eta gizarte horien arrakalak esplikatzeko eta arrazionalizatzeko modelo abstraktu batzuk sortzen ditugu, adibidez, hizkuntza komunitateak (kontzeptu hori Txepetxek ekarri zuen hona, lehenago ez zen existitzen), baina gizartearen arrazionalizazioak dira, ez gizartea bera.
Gaur eta hemen badirudi gizarte hori berriz ere zatitzen hasita dagoela. Hori da Maroto, zatiketa berri baten heraldoa. Horretan gaude orain, hemen eta, dirudienez, Europa osoan ere. Horregatik da bereziki pozgarria Gasteizen beste guztiak bat egiteko gai izatea gizartearen oinarrizko batasunaren eta duintasunaren alde.
Momentuz.
Nire koinatuak ez daki euskaraz. Gizarte berekoak ez ezik familia berekoak gara hura eta biok. Onena opa diogu elkarri, premia denean elkar laguntzeko prest gaude eta abar eta abar. Baina nire koinatua ez da euskalduna eta ni bai. Eta edozeini galdetuta, baita berari ere, halaxe esango dizu, edozeinek esango dizun bezala nik sudur luzea dudala eta koinatuak neurri perfektukoa. Eta zer? Zergatik hasi behar dugu orain euskaraz ez dakienari euskaldun deitzen? Hori ulertzen ez dudana.
1) Hau arazo soziala da, ez pertsonala. Denok mahaigaineratu dezakegu askotariko kasu zehatzak, oso desberdinak eta kontraesankorrak, baina arazoa soziala da, ez pertsonala. Marotoren kontra, pertsona bezala, nik ez dut ezer.
2) Agian proposatutako soluzioa ez da oso ona, baina ez dago hobeagorik (nire ustez).
3) Gizartea aldatzen ari da, oso azkar. Europa osoan. Marotorena enbata europar baten lehen zantzu euskalduna baino ez da (badira beste zantzu batzuk ere, adibidez, Sestaon).
4) Galdera ez da horrenbeste zer garen, baizik eta zer nahi dugun. Edo, Lorea Agirrek esan zuen bezala, zer egingo dugun.
Gero eta gutxiago ulertzen dut kontu hau, benetan.
1) Nire koinatuari buruz esan dudana ez da inondik ere pertsonala, guztiz soziala baizik. Ez dut nire koinatuari buruz hitz egiteko aipatu, “euskalduna” hitzaren esanahiaz aritzeko baizik.
2) Zein da “proposatutako soluzioa”? Onartzea Jorge Oteiza euskalduna zela, eta Maroto euskalduna dela… Zertarako ordea? Bereizketa hori berez badago, eta egongo da beti, hemen denok euskaraz ez dakigun bitartean behintzat. Ez al da errealitatea ukatzeko modu bat?
3) “Marotorena enbata europar baten lehen zanztu euskalduna baino ez da”? Enbata europarrarena, tira, uler dezaket, baina “lehen zantzu… euskalduna?”. Galduta nago zeharo!
4) “Galdera ez da horrenbeste zer garen, baizik eta zer nahi dugun. Edo, Lorea Agirrek esan zuen bezala, zer egingo dugun”. Ados. Eta zer? Egingo dugun horretan, zer laguntza emango digu Oteiza, Maroto eta El De La Moto euskaldunak direla esateak? (Bueno, egia osoa estaeko, ez dakit Maroto euskalduna den edo ez, eta e zait askorik axola.)
Ondo dago Euskal Herria eta mundua konpondu edo gutxienez hobetu nahi izatea, baina horretarako hizkuntzari ostikoka hasi behar da? Hurrengoa zer izango da? Proposamen bat: ergatiboa ezaba dezagun, apalkiro, inguruko hizkuntza eta kulturekiko gertutasun keinu gisa. Ze ba ez ba?
Arazoa da “euskaldun” horrek bi adiera dituela gaur egun, eta biei eusteak nahasmena areagotu besterik ez duela egingo.
http://hiztegiak.elhuyar.org/eu_es/euskaldun
Maroto euskalduna da (batzuentzat), eta ez da (besteontzat); Oteiza euskaldun erdalduna izan zela esango dute beste batzuek… Horregatik aukeran nahiago nuke “euskaldun” hizkuntzari lotuta bakarrik erabiltzea. bestelakoei “euskotar” edo “euskal herritar” esanda.
Eztabaida hau isoglosak jartzea bezalakoa da. Zenbait gauza ez dira mugen bidez mugatzen erdiguneen bidez baizik. Eta euskalduntasunaz asko sumatzen zuen batek esan bazuen bereiz ez doazela euskaldunaren bi adierak eta beti horrela izan dena gaur egungo gizartera egokitzeko ez dakit zer bereizketa asmatzen hasi behar badugu, geure buruak ez ditugula herri baten parte sumatzen erakusten duela esateko aukera eman lezakeela iradokitzera narama.
Oporren osteko pasarte tipiko bat:
-Hi, ta bertan gaudela, Petrara sartzeko zorian, urik gabe eta sekulako egarriz, ikusi nian gure moduko turista kuadrila bat, ur botila pilo bat zeukatela… eta banoak haiengana, eta hi; euskaldunak hituan!
-Euskaldunak? Ez esan!
Hemendik aurrera, hainbat aukera:
-Tira, euskaldunak hituan, baina ez zekitean euskaraz
-Tira, batek zekian, baina besteek itxuraz ez
-Tira, itxuraz denek ba omen zekitean, baina haien artean erdaraz ari hituan
-Tira, ulertzen zidatean, baina erdaraz erantzuten zitean
Lagunak, orduan:
-Baina euskaldunak hituan ala ez?
Beste aukera parrasta bat:
-Tira, hemengoak…
-Tira, arabarrak…
-Tira, Irunberrikoak…
-Nola Irunberrikoak? Ez bazekiten euskaraz, Lumbierrekoak izango ziren,
San Sebastianekoak…
Alavesak…
Ez badakite euskaraz, ezta Euskal Herrikoak ere, zuen kriterio linguistiko zurrunaren arabera…
Eta horrela ad infinitum
Orduan, zer hituan Petran aurkitutako haiek?
Petran nagoela, euskaldunak dudarik gabe.
Hemen nagoela, anabasa horren barruan aukeratu behar dudanez…
Baita euskaldunak ere, aukeratzen dut.
Ezen ez euskalherritar, eta are gutxiago euskotar,
Gure kuadrilakook, Oñatin, inoizko belaunaldirik erdaldunenean jaio ginen, eta erdarak gutarteko hizkuntza nagusia izaten jarraitzen du, Ruperren eta Prudenen belaunaldikideen artean bezala. Zorionez, egun Oñati hamaika aldiz euskaldunagoa da, eta egungo kuadrila gazteak gureak baino mila aldiz euskaldunagoak dira.
Beraz, Juan Luis, hi haiz askoz euskaldunagoa hire koinatua baino. Baina Petran aurkitu, eta ura ematen baldin badit, etxera etorriko nauk esaten euskaldun batek ura eman zidala basamortuaren erdian.
-Baina euskaldun euskalduna huan?
Zer erantzun!
-Tira, Pipiren koinatua huan…
-A kontxo, hasi hortik!
(Juan Luis estimatu eta maitea, bazekiat abiapuntuz zuzen hagoela eta nirea boutadearen ertzean dabilela, baina garaiak aldatu dituk eta baita hamaika aukera hibrido tartean agertu ere, koinatu erdaldun edo sasi euskaldunak barne, Leonék ongi disekzionatu bezala)
Juan Luis, barkatu, baina uste dut nire posizioa aski argia dela, beraz, ez noa argudioak errepikatzera. Azken zehaztapen bat bakarrik. Diozu:
“Ondo dago Euskal Herria eta mundua konpondu edo gutxienez hobetu nahi izatea, baina horretarako hizkuntzari ostikoka hasi behar da? ”
Erantzuna: bai, behar den beste.
Adibidea: zer besterik egin zuen Ibarretxe lehendakariak enpeinatu zenean jo-ta-sua “los vascos y las vascas” esaten? Makina bat txiste egin zizkioten, baina esango nuke ekimen positiboa izan zela, oro har, eta bere bidea egin duela. Bada, beste honekin berdin.
Xabier, ez nekien Elhuyar hiztegiak jada bi adierak jasotzen zituela. Proposamena, berez, bigarren adiera hori (“Euskalduna: habitante del País Vasco”) ahal den beste zabaltzea da, hau da, gaur egun baino sarriago eta zabalago erabiltzea, eta besterik ez. Berriz diot, esango nuke ez dela “los vascos y las vascas” esateko ohitura hartzea baino askoz ere zailagoa, ezta hizkuntza askoz ere gehiago manipulatzea. Oso pauso txikia da. Eta nahasmenarena ez da argudio erabakigarria, adibidez, esaten dugunean “amerikanoak”, zer esaten ari gara, estatubatuarrak ala Alaskatik Argentinara bizi den oro? Bada, batzuetan lehena, bestetan bigarrena, hitz horrek bi adiera baititu. Ez da arazo salabaezin bat.
Ez nauzue konbentzitu, baina nire hasierako ziurtasuna pitzatzea lortu duzue zuen argudioekin, madariktuok! Eskerrik asko.
Denok gara euskaldunak. Eta denetik behar dugu: gazitik eta gezatik; bizitik eta motzetik. Nahi duenak egin dezala barre eta ahal duenak egin dezala negar. Ikusi eta aditu hau:
https://www.youtube.com/watch?v=ffo25KRgB3w
Ze zaila bilakatzen ari den euskalduna izatea. Batetik, aukerak ez direlako asko harnasgune gero eta urriagoetatik kanpo, eta bestetik, euskaraz ez, beste ezaugarri batzuen mende omen dagoelako euskaldunaren definizioa, garaia / autorea zein den.
Nik ere ez nion tutik ulertu ia Juleri. Eta ulertu nionarekin ez nator bat.
Utzi euskaldun adiera euskaradunontzat, eta asma besteren bat Euz/skotarentzat, mesedez. Bestela ere nahikoa eztabaida badaukagu eta.
Reyes Prados euskalduna da edo euskalduntzen ari da, eta Patxi Eugi ez.
Hiromi Yoshida euskalduna da, eta Antonio Basagoiti ez.
Sentitzen dut baten bati gustatzen ez bazaio, baina halaxe dira gauzak.