Uste dugunetik dakigunera, bitxikeriatik normaltasunera

Gorka Lekaroz Mazizior

«¡Qué pintoresco!», bota zigun duela hainbat urte Gaztelako emakume ikasi samarrak atzerrirako bidaia batean, emaztea eta biok euskaraz mintzatu ohi ginela esanda. Euskara, ulertezinaren ulertezinez eta bitxiaren bitxiz normaltasun osoz erabil daitekeela sinesteak berak lanak ematen dituen hizkuntza. Euskaraz aritze hutsak autobus bete turista japoniar argazkizale erakarri beharko balitu bezala.

Topikoa besterik ez da nik japoniarrez erabili berri dudana, baina euskararen ingurumarian badira horrelako beste asko. Euskal Herritik landa jaiotako adiskide on batek, esaterako, urteetako harremana eta elkarrenganako errespetua gorabehera, ez du gaurdaino lortu euskarak luzaroan iradoki izan dion tasun topikoa («hostil») gogotik zeharo uxatzea. Nola edo hala, erraietaraino sarrarazitako zerbait omen da beretzat eta beste hainbatentzat.

Folklorismoak eragindako irudi oker baina arinak direla, edota mezu ilun eta mingarriagoa daramaten asmazioak, aski ezaguna da ezjakintasunaren hegalpean hazitako hamaikatxo erreakzio eragin izan duela –eta eragiten duela– euskarak kanpoan; ez derrigorrez gugandik oso urrun.

Kanpoan bakarrik, ordea? Gurean ez? Seguru asko, geu ere euskararen inguruko hainbat uste erdi ustel sinetsita bizi gara. Eta haietako zenbait pozarren eta harro sinetsita, esango nuke.

Euskara hizkuntza bitxi, ezohiko eta arrarotzat jo izan dute kanpotar ugarik historian zehar. Euskal hiztegirik zaharrena utzi zigun Aymeric Picaud erromesak beste anitzek jarraitu duten arrasto sakona utzi zuen Erdi Aroan:

Sique illos loqui audires, canum latrancium memorares
(Hizketan entzungo bazenie, zaunka ari diren zakurrez oroituko zinateke)

Ez ziren hitz gozoak izan, bistakoa da. Baina esaldi horri onartezin iritziko liokeen etxeko askok ere, ez al du Aymeric Picauden hitzei darien euskararen arrarotasun uste hori bera baliatzen, hizkuntzaren goresgarri oraingo honetan, jatorri ezagunik gabea, hain zaharra (?) edo besteak ez bezalakoa (??) izatea meritu bailitzan?

Eta ez dira zuzenak, gainera, euskara deskribatzeko (goratzeko zein gaitzesteko) erabili ohi diren argudio horietako asko; ez da egia beste guztien aldean hizkuntza arraroa, bakartua edo zaharra dela. Horren adibide da, esaterako, perpauseko elementuen arteko ordena. Horri dagokionez SOV hizkuntza da euskara (subject-object-verb), albo-hizkuntzak ez bezala:

Mikelek (S) sagarrak (O) jan zituen (V)
Mikel (S) comió (V) manzanas (O)

Euskararen ordena ez da inguruan ohikoa, beraz; baina pentsa genezakeen baino askoz arruntagoa da. Euskararen ezaugarri hori ez da horren bitxia, ezta hurrik eman ere. Are gehiago, euskararen hitz ordena da usuena, eta ez bizilagunena, Europa mendebaldeko txokotik aldendu eta mundu zabaleko mintzairei so eginez gero:

gorka mapaGorka datuak 3Gorriz adierazitako auzo-hizkuntzekin erkatuta ezohikoa da euskara (eta ez ditu nolanahiko auzoak, esan gabe doa); ez, ordea, munduko hizkuntzen aniztasunaren argitan ikusiz gero.

Badu euskarak hari normaltasunez begiratu beharra, etxetik bertatik hasita. Ez erabilera egunetik egunera normalizatuagoa izan dadin bakarrik; baita hizkuntza den gisan ikusteko ere –gainerakoen pareko beste bat bezala, alegia– eta jakintza berriarekin baino gehiago mito zaharrarekin lotutako alferrikako apaingarrien pisua arintzeko. Mezu hori helarazi zigun joan den otsailean argudio ederrak lagun zituela Ekaitz Santaziliak, 2015ean zehar Gasteizko Oihaneder Jauregian burutzen ari den Euskararen historian barna: uste dugunetik dakigunera mintegiaren karietara.

UEUk eta Aziti Bihia elkarteak eskainita, euskararen, haren historiaren eta filologiaren inguruko ikerketak zertan diren jakiteko aukera ederra eskaintzen ari da abendura arte iraungo duen mintegia. Euskarari buruzko uste erdi ustel horiek ehundutako jantzi zaharrak erantzi eta bitxikeriatik normaltasunerako inolako urratsik emango bada, euskaldunok ekin behar genioke bide horri inork baino lehen. Gasteizkoa bezalako ekimenek erraztu egingo dute zalantzarik gabe ezinbesteko lan hori.