Estitxu Garai Artetxe
Interes informatiboa hartu du azken asteotan euskarak unibertsitatean duen (eta ez duen) egoerak. Gure 31 eskuko blog honetan bertan, Igone Zabalaren luma finak heldu zion gaiari, bikainki aztertuz ingelesaren ufada indartsuak esparru akademikoari eman dion astindua eta horrek euskarazko produkzioari dakarkion albo-kaltea. Igonek artikulu hura idatzi zuenean Ikergazte: Nazioarteko Ikerketa Euskaraz kongresua ate joka genuen. Orduz geroztik, gaiak bete ditu zenbait albiste eta, arrazoi ezberdinak direla medio, bolo-bolo ibili da «atsegin dut» gora eta «retuit» behera.
Hain justu, gai horri buruzko solasaldi interesgarria izan zuten Maggie Bullen (UPV/EHU) eta Mikael Karlsson (University of Iceland) ikerlari eta irakasleek. Ikuspuntu ezberdina erakutsi ziguten: ama-hizkuntza ingeles ahalguztiduna duten arren, biek ala biek ikasi dituzte beste bi hizkuntza, islandiera eta euskara, eta gaur egun euren jardun akademikoa hizkuntza horietan ere garatzen dute.
Halaber, Ikergazte kongresua igaro da jada, arrakasta handiz igaro ere. Durangoko Landako Guneak, euskal kulturaren plaza garrantzitsu horrek, oraingo honetan euskal komunitate zientifikoari eman zion aterpe. 200 ikerlaritik gora bildu ginen bertan, eta euskarazko ikerketa balioesteko eta ezagutzera emateko aukera aparta izan zen. Etorkizunari begira ere, erreferentziazko argitalpena izango da kongresuaren uztatik bildutako artikulu-bilduma mardula.
Alta, artean Ikergazteren aparretan geundenean, asteburuak errealitatea muturren aurrean jarri zigun berriro ere.
Batetik, Birreta gutxi dauka euskarak erreportajea ondu zuen Garikoitz Goikoetxea Berria egunkariko kazetariak. Unibertsitatean gabiltzanon testigantzen bidez, euskarazko ikerketak duen aitortza faltan jartzen du azpimarra. Gaur egungo ebaluazio-sisteman, kalitate-indize eta inpaktu-faktorearen diktadura dei dezakeguna ezarri da; hau da, aldizkaria eta argitalpena zenbat eta ikusgarriago, orduan eta balioespen gehiago. Itsaso handi horretan euskara bezalako arrain txiki batek ez dut tokirik. Euskarak bertako errealitatera egokitutako ebaluazio-irizpideak behar ditu, eta horiek landu eta onartzean dago gakoa. Hori da nik bederen erreportaje horretatik atera dudan ondorio nagusia. Unibertsitateak nazioartekoa behar du izan, baina ezin du inolaz ere ahaztu bizi duen gizarteari egin beharreko ekarpena.
Bestetik, medikuntzan graduatu berri diren ikasle euskaldunen aldarria entzun genuen Xabier Iturrasperen ahotik. Ahobizarrik gabe zerrendatu zituen euskal adarreko ikasle eta irakasleek dituzten zailtasunak. Ahobizarrik gabe adierazi zuen oraindik ere ezinezkoa dela ikasketak euskaraz burutzea. Eta ahobizarrik gabe azaldu zituen egoera iraultzeko ikasleek egindako proposamenak, ekimen eta protesta ugari eginagatik ere entzungor geratu direnak. Medikuek sendatzen dituzten birusak nola, halaxe barreiatu da graduazio ekitaldiko hitz-hartzea. Horretaz jabetzeko Youtubeko bideoaren ikustaldi kopuruari erreparatu besterik ez dago (astebetean 50.000etik gora). Gauzak horrela, asteburu honetan iritsi zaigu Jon Zarate EHUko Euskararen alorreko errektoreordearen erantzuna, hainbat komunikabidetan argitaratutako artikulu baten bidez (nik dakidala Argia, Berria eta Naizen).
Ez gaude aparretan, ez, baina ezta hondoan ere. Zailtasunak zailtasun, euskaraz ikasi, ikertu eta irakatsi nahi duen komunitateak aurrerapausoak nahi eta behar ditu. Ingelesaren sarrera geldiezina kudeatzeko eta euskarazko produkzioa hauspotzeko, ezin gara trenari begira dagoen behi-aldra izan. Zentzu horretan, oso aintzat hartzekoak dira medikuntzako ikasleen proposamenak, bai eta aipatu Berriako erreportajetik atera daitezkeen ondorioak ere. Ez dut inolaz ere zalantzan jarriko EHUk euskararekin duen konpromisoa, baina noren esku dago euskara ardatz duen ebaluazio-molde berria landu eta finkatzea?
Harira baitator, uste dut interesgarria dela Jakin aldizkariaren azken zenbakian Karmele Artetxek idatzi duen artikulua: “Euskararen azpi-instituzionalizazioa esparru akademikoan: datuak, galderak eta erronkak”.
Mila esker, Martin. Jaso dut Jakinen alea, orain lasai irakurtzeko tartetxo bat baino ez zaigu falta 😉