Euskara aldagaitz: adizki kuttunenak

Borja Ariztimuño Lopez

Hizkuntzen historiaz dihardugunok sarritan aipatu ohi dugu harako “hizkuntza guztiak etengabe aldatuz doaz” leloa. Eta egia da, izan ere.

Haatik, bada horren alboan beste ezaugarri ezagun bat: erabilera maiztasunak formak higarazten ditu, baina bestelako aldaketetarik (adib. analogiatik) aldentzen.

Paradoxa dirudi motibo beragatik zerbait aldi berean eraldatzea eta zurruntzea. Azalpen ulerterraza du horratik. Oro har, oharkabean-edo darabiltzagu gure hizkuntzaren fonetika-fonologiak (eta hitzak, erabiliaren erabiliaz, higatzen dira). Aldiz, morfologia maizago erabiltzen dugu gogara-edo (eta analogiak egiteko joera dugu, erabat ohartuki ez bada ere); alabaina, maiz erabilitako forma bat (adizki bat kasu), maila morfosintaktikoan osatua izatetik gure buruko “hiztegira” igaro daiteke, jatorrizko paradigma erregularretik atera, eta kideen patua patu, bere horretan iraun dezake, prestu-prestu, guk edo gure sintaxiak eskatzen dion aldiro dagokion hutsunea betetzeko.

Euskarazko aditz erabilienak izan eta *edun dira, hein handi batean laguntzaile bihurtu zirelako; eta haien paradigmetan badira forma irregularrak. Lehendabizikoari dagokionez naiz, da, gara, dira aipa daitezke. Bigarrenaz denaz bezainbatean, mendebaldeko euskalkietan are nabarmenagoa da irregulartasuna: du/dau : det/dot erroko bokal-aldaketak, ditut, gaituzu bezalakoetako -it- pluralgile misteriotsua…

Neure tesirako osatu dudan corpusari begiratuz gero, ikusiko dugu 1625 arteko testuetako adizki guztien artean, izan eta *edun-enak agerraldi guztien %56 direla. Areago, aditz horien oinarrizko forma banak (da, du)[1] corpus osoaren %6 osatzen dute (%12 bi forma soilek!).

borja1

1. irudia: Euskara arkaikoko adizkien corpuseko portzentaiak (izan eta *edun).

Gaurkoan, dena dela, ez dut euskara arkaikoaz (soilik) hitz egin nahi.

Duela lau urte pasatxo, Erramun Turutarenak ikerketatxo baten datu batzuk plazaratu zituen Sustatun. Euskarazko azpitituluen corpus bat erabiliaz, indikatiboko 10 aditz laguntzaile erabilienen zerrenda osatu zuen.[2]

Bada, esperimentua neure corpusarekin albait fidelkienik errepikaturik, emaitza harrigarria (?) atera zait. Erka itzazue ondoko grafikook (ez kopuru absolutuak, baina adizkiak berak zein diren eta haien arteko maiztasun erlatiboa bi corpusetan):[3]

borja2

2. irudia: izan eta *edun adizki erabilienak (azpitituluetako datuen arabera ordenaturik).

borja3

3. irudia: izan eta *edun adizki erabilienak (corpuseko datuen arabera ordenaturik).

Alde batera utzirik nire corpusean hamargarren postuan berez ditu ageri dela (gutxigatik zara-ren aurretik),[4] aditzon erabilera ezer gutxi aldatu dela ikus dezakegu: begikoen ditugun 10 adizkietarik 9tan bat gatoz XVI-XVII. mendeetako euskaldunak eta XXI. mendekook. Edo behinik behin garai zaharretako idazleak, eta egungo (azpitituluen) itzultzaileak.

Azken horrek ere (itzulpenak izateak, hain zuzen) zer pentsatu ematen dit: ba ote daiteke, aurkeztu dudan hizkuntzaren alderdi honi dagokionez, hizkuntza guztietan antzeko joerak izatea?

* * *

[1] Eta bigarrenaren dau, deu aldaerak; aldiz, ez ditut barnean sartu aurrizki-atzizkidun formak (duen, dela, baita eta abar bezalakoak). Hortaz, egiazki %6na baino zertxobait gehiago dagokieke.

[2] Egiazki izan eta *edun-en adizki erabilienak lirateke, forma hutsen (naiz, haiz, da, gara…) zenbaketa automatikoan oinarriturik egin baitzuen lana, nonbait, nire anaia etorri da eta nire anaia da modukoak bereizi gabe.

[3] Azpitituluak: Erramun Turutarenaren datuak. Corpusa: nire corpuseko datuak.

[4] Eta gainerakoetan ere ez dela ordena bera gordetzen (hori bai, bi corpusetan da nagusi, eta dut 2. edo 3. postuan). Horrez gain, zen-dira-zuen eta naiz-zara/dugu-dugu/zara “blokeak” (3. pertsona vs. 1. eta 2. pertsonak, barneko ordena ia berbera eta guzti!) nabarmenduko nituzke. Lehen taldekoak erabiliagoak dira oro har kontakizunei lotuak diren idatzizko testu zaharretan; bigarrenekoak nagusitzen dira, aldiz, gehienetan elkarrizketei dagozkien azpitituluetan.

2 erantzun “Euskara aldagaitz: adizki kuttunenak” bidalketan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude