Maialen Marin Lacarta
Orain dela bi aste enkargu bitxi bat iritsi zitzaidan lagun baten bidez: sukaldeko tresneria egiten duen IBILI izeneko Bergarako enpresak bere markaren izena txinerara itzultzea eskatu zidan. Beharbada itzuli terminoa erabili beharrean, kasu honetan lokalizatzeari buruz ari garela esan genezake. Blog honetan lokalizazioari buruzko hainbat sarrera irakurri ahal izan ditugun arren, definizioa ematea lagungarri izan daiteke enkarguaren nondik norakoak hobeto ulertzeko:
Localization involves taking a product and making it linguistically and culturally appropriate to the target locale (country/region and language) where it will be used and sold.
Jeremy Munday, Introducing Translation Studies, London: Routledge, 2008: 191.
Definizio hori LISA elkartea (Localization Industry Standards Association) zenak proposatu zuen. Baina itzul gaitezen harira: zergatik lokalizatu behar da marka bat txinerara? Zer zailtasun aurki ditzakegu izena egokitzeko garaian? Hemen doaz hiru adibide famatu, ea horrela zailtasunak zeintzuk diren asma dezakezuen:
Coca-cola | |
Idazkera | 可口可乐 |
Ahoskera | kěkǒukělè |
Esanahia | 可: ahal, gaitasuna izan, baimena eman, utzi, merezi izan, komenigarri izan… 口: ahoa 乐: zoriontasuna, zoriontsu “Edanez gero zoriontasuna dakarrena” |
Carrefour | |
Idazkera | 家乐福 |
Ahoskera | Jiālèfú |
Esanahia | 家: etxea, familia… 乐: zoriontasuna, zoriontsu, pozik… 福: zorte ona, zoriontasuna… “Etxe zoriontsu zorte onekoa” |
Nike | |
Idazkera | 耐克 |
Ahoskera | nàikè |
Esanahia | 耐: jasan, eutsi, jasateko gaitasuna, pazientzia… 克: gai izan, irabazi, kontrolatu… “Eutsi eta irabazi” . |
Argi dago izenak txinerara itzultzeko garaian bi ezaugarri garrantzitsu izan behar direla kontuan: esanahia eta ahoskera. Txinerak hitz homofono ugari ditu. Horregatik, ahoskera errespetatu arren, esanahi egokia aukeratzea izan liteke gakoa; aukeratutako hitzak zorte txarra badakar edo itsusia bada, izenak ez baitu batere funtzionatuko. Beste hizkuntzen artean ere antzeko zerbait gertatzen da, ezta? Denok egin dugu barre Pajero auto-marka ikustean. Uste dut Espainiar merkatuan izena aldatu ziotela.
IBILIkoek hasiera batean ez zekiten horrelakorik, eta IBILI izena erregistratu zuten Txinan ere. Berehala esan zieten, ordea, izen txinatar bat edukitzea ere komeni zitzaiela. Izena itzultzeko zailtasunen berri ere eman zieten. Beraz, niregana jo zutenerako oso ondo zekiten zer nahi zuten. Eta, egitekoa azaltzerakoan, buruan nituen irizpide berak aipatu zizkidaten:
- IBILIren antzeko ahoskera izatea
- Ahoskatzeko erraza izatea
- Txinatarrentzat esanahi polita izatea
- Ahal izanez gero, sukaldaritzari lotutako esanahia izatea
Beste irizpide bat ere etorri zitzaidan burura, eta ibili hitzak euskaraz duen esanahia nolabait islatzea nahi zuten ala ez galdetu nien. Eskerrak ezetz esan zuten!
Hala ere, gehitu nuen haiek aipatu ez zidaten irizpide bat: tonuena. Txinerak lau tonu ditu, pinyin transkripzio-sisteman marratxoekin markatzen direnak: mā, má, mǎ, mà. Aukeratutako izenaren tonu-konbinazioa “polita” edo atsegina izan zedin ahalegindu nahi izan nuen.
Pentsa dezakezue izen aproposenaren bilaketa joko moduko bat izan zela niretzat. Itzultzaileei gustatzen zaizkigun joko horietako bat. Banan-banan azalduko dizkizuet etapak, hobeto uler dezazuen:
Lehen pausoa: Txinan saltzen diren sukalderako tresnen marka ezberdinak bilatzea
Bilaketaren helburua zer-nolako lexikoa erabiltzen zuten ikustea zen. Eta, ahal izanez gero, ingelesez erabiltzen zuten izena kontsultatzea. Egia esanda, adibideek ez zidaten gehiegi lagundu, denetatik aurkitu nuen eta. Itzulpenei dagokienez ere, gehienak ez ziren gorago eman ditudan adibide idealetara hurbildu ere egiten. Esanahia bakarrik itzuli eta ahoskerari jaramonik egiten ez zioten itzulpenak aurkitu nituen (Cooker King 炊大皇 chuīdàhuáng, sukaldeko erregea); ahoskera errespetatu baina esanahi aldetik sukaldaritzarekin loturarik ez zutenak ere bai (Delicious 得利仕 delìshí, lortu mozkina guardia (xake txinatarrean)); baita esanahia eta ahoskera kontuan hartzen zituztenak baina ahoskatzeko zailak zirenak ere (Machor 迈切尔 màiqièěr; qiè hitzak ‘labanarekin moztu’ esanahi du).
Marka horiek txinatarrak dira berez. Horregatik egin zitzaidan kuriosoa Delicious markaren kasua, txinerazko izenak ez duelako sukaldaritzarekin loturarik eta bai, ordea, ingelesezkoak. Halere, txinatar merkatuan baino ez dira salduko ziur asko; hori izan liteke azalpena.
Bigarren pausoa: IBILIren ahoskera imitatzen duten karaktereak bilatzea
Txineraz, karaktere bakoitzari silaba bat dagokionez, silaba hauek erabili nituen bilaketak egiteko: ai/yi/bi/bei/li. Yibili, aibili eta yibeili konbinazioak nituen buruan. Sukaldaritzari lotutako karaktere bat bilatzea izan zen zailena. Baina aurkitu nuen! 焙 bèi: su txikian egosi. Halere, bigarren karaktere gisa erabil nitzakeen bi eta bei silaben beste adiera batzuk ere politak iruditu zitzaizkidan, eta, guztiz baztertu aurretik, zerrenda txiki bat egin nuen: zazpi aukera denera. Liren kasuan ez zeuden hainbeste aukera, eta bi aukeratu nituen. Baina lehen karaktere gisa erabili beharreko yirentzat zerrenda luzea bildu nuen oso: hemezortzi karaktere denera.
Baztertutako hainbat karaktere
匕 (bǐ): ‘daga’ esan nahi du, baita antzina erabiltzen zen koilara antzeko bat ere. Zergatik baztertu, orduan? Dagaren zentzua hilketari eta indarkeriari lotuta dagoelako.
屄 (bī): alua, motxina. Ejem, ez du azalpenik behar.
弊 (bí): gaiztoa, mina, txarra…
痍 (yí): zauria
悒 (yí): kezkatuta, deprimituta…
Esku artean ibili nituen karaktereen zerrenda askoz luzeagoa da. Baina karaktere horiek, esate baterako, zuzenean baztertu ahal izan nituen. Adibide gutxi horiek nahikoa dira argi ikusteko zeinen garrantzitsua den arauak ondo ezagutzea joko honetan jokatzeko!
Hirugarren pausoa: inkesta egitea
Inguruan nituen sei lagun txinatarrei azaldu nien jokoa zein zen, eta silaba bakoitzerako bildutako zerrendatik gehienez hiru karaktere aukeratzeko esan nien. Zergatik aukeratu zituzten azaltzeko ere eskatu nien. Lehendik nituen Yiren zazpi adierekin, biren batekin, beiren batekin, eta liren bakarrarekin amaitu nuen hirugarren pausoa.
Laugarren pausoa: bigarren inkesta egitea
Doktoretza-ikasleen bulegoan ari nintzen hiru lagunei inkesta egiten, laugarren bat azaldu zenean: “A, zer da, sukaldaritza marka batentzat?” esan zuen inkesta egiteko erabiltzen ari ginen papertxoetan idatzitako izenak ikustean. Erdiko silabarako hautatutako bei hori (“su txikian egosi”) esanguratsua zela ikusi genuen, behinik behin. Inkestan ere 5 puntu jaso zituen karaktereak, beste aukera zen bi karaktereak jaso zuen puntu bakarraren aldean.
Hirugarren karaktererako, aukera bakarra geratu zitzaidan aurreko pausoan dagoeneko: 利 (lì), onuragarria. Bigarren eta hirugarren karaktereak aukeratuta zeuden, beraz.
Lehenengo yi hori baino ez zitzaidan falta. Geratzen zitzaizkidan zazpi aukeretatik hiru zihoazen garaile argi eta garbi; horregatik utzi nituen beste lauak alde batera. Baina geratzen ziren hirurak iruditzen zitzaizkidan onak. Horregatik, bigarren inkesta honetan hiru marka-izen eman nizkien aukeran lagunei, eta lehenengo karakterea bakarrik aldatu nuen izen batetik bestera. Hauek ziren hiru yi posibleak: 易 yì (praktikoa), 艺 yí (artea), 宜 yí (komenigarria).
Denak onak, ezta? Ba… oraindik ezin dizuet esan jokoa nola amaitu genuen; izan ere, IBILIkoek marka patentatu arte ezin dut izena publiko egin! Hala ere, azken pauso hau zuen kabuz ematen saia zintezkete, ea ondorio berera iristen garen:
Ibili | |
Idazkera | 易焙利 / 艺焙利 / 宜焙利 |
Ahoskera | Yìbèilì / Yìbèilì / Yíbèilì |
Esanahia | 易 / 艺 / 宜: praktikoa / artea / komenigarria 焙: su txikian egosi 利: onuragarria, lagungarria |
Ez da, ba, zoragarria mundu honetako aniztasuna? Are zoragarriago, inondik ere, aniztasun hori kudeatzeko batzuek dituzuen jarrera, aldartea eta jakituria. Bejondeizula, Maialen!
Istorio ederra, eskerrik asko partekatzeagatik! Txapela buruan eta 易焙利 munduan!