Udalekuak oporleku

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Sargori zakarra garaiz kanpo etorri zaigu bisitan egunotan, Iruñera bederen, udaldia hurbiltzen ari zaigula iragarriz-edo, eta harekin batera, hain juxtu, udarako haurrendako aisiaguneen eskaintzak iristen hasi zaizkit hainbat bidetatik: udalekuak, egonaldiak, udako hiri-kanpamentuak, kanpaldiak…

Garai batean gaztelaniazko «colonia(s) (de verano)»  eta frantsesezko «colonie/sejour de vacances» kontzeptuari euskaraz eman zitzaion ordaina oso egokia izan zen,  nire ustez. Udaleku hitzak arrakasta izan zuen eta haurrendako udako egonaldiak izendatzeko hitz nagusia izan zen anitz urtez, harik eta haurrei begirako eskaintza horiek urteko beste opor sasoietara ere hedatu ziren arte. Orduan zerbaitek kra! egin zuen. Normala, «eguberrietako udalekuak» bezalako konbinazioak deigarri samarrak suertatzen baitira.

Xelebrekeria horiek saihesteko eta, horrez gain, gaztelaniazko «campamento» hitzari baliokide literala emateko, seguruenik, kanpamentu eta kanpaldi hitzak zabaldu zaizkigu orain euskaraz. Ingelesezko «(summer) camp» egonen da, segur aski, gaztelaniazko hitzaren zabalkundearen gibelean, eta baliteke luze gabe bi hitz horietako bat erabat nagusitzea haurren oporretarako oro har eskaintzen diren jarduera mota horietarako, aintzat hartu gabe egiazko kanpamentuak diren ala ez, edo, eguneko —eta hiriko— jarduerak izanik maiz, lotarako nor bere etxera joaten den ala ez.

Dena den, bitartean, eztabaidagune honetan gaur plazaratu nahi dudan galdera da ea itsu-itsuan erabili behar dugun euskaraz kanpamentu edo kanpaldi hitza adiera horretarako, edo ez ote litzatekeen aproposagoa izanen udaleku hitz errotu eta arrakastatsuaren bidetik jo eta oporleku edo aisialeku baliatzea, adibidez. Biak ala biak aski ulergarriak begitantzen zaizkit. Gainera, aisialdiko aktibitate horiek orokorrean izendatzeko egokiagoak izan litezke besteak baino, eta kanpaldi/kanpamentu bikotea oporretako egonaldi jakin batzuk izendatzeko gorde daitezke.

Ez bata ez bestea ez dira ez Elhuyar ez Labayru hiztegietan agertzen, ezta Orotarikoan  ere.  Hiztegi batuan ezta ere. Kepa Altonagaren Back to Leizarraga liburu aski interesgarria irakurtzen ari naiz egunotan, eta, beraz, neure burua psikoanalizatzen hasita, aitor dezadan balitekeela nire proposamen hau urdailean sustraiturik daramadan garbizalekeria lirdingatsu baten ondorioa baizik ez izatea, edo azken egunotako hego-haize sargoritsuak eragindako gogoeta funtsik gabea.

4 erantzun “Udalekuak oporleku” bidalketan

  1. Bai, erabili suelto kanpamentu eta horiek, eta pentsazu euskararen jeinua mendeen buruan erdal hitzak bereak egiteko maneran datzala.
    Begizu, adibidez, nola bazkari, atsalaskari eta hitz horietan latinezko ‘escarius’ (janaria) dagerren, hots, duela bi mila urte euskaldunek zegoeneko latinez jaten zuten… eta horrekin ere euskaldun segitzen batere problemarik gabe. (Hualderen teoriaren —eta euskal intelektual gehienen kaskoan bizi den garbizalekeriaren konplexuaren— arabera, aspaldi akitua eta arraso hila beharko zukeen bere baitan halako erdarakada fundamentalak daramatzan euskara)
    Gauza bertsua ikusiko duzu hain supergurea dirudien mendi —latinezko ‘mentum’ (kokotz, mendixka) eratorria— bezalako hitzetan, poliki zientoka baitira betidanik euskaran.

  2. Niretzat zuc eguin gogoeta hori ez da funtsic gabea, total besterc da othe dan izan ahal dan egoquiena edo izanen duen exitoric.

    Bestetic, Kepa Altonagaren liburu titulatzen Back to Leizarraga ni ari naiz iracurtzen 2.ez zren han dago anhitz ikasteco.

  3. Ba niri ez zait ba hain sartu-erraza egiten “kanpaldi/kanpamentu” hori udaleku/aisialeku esateko. Eta nere burua ez dut garbizaletzat. Nik uste gure hizkuntzak badituela makina bat modu eta bide kontzeptu horiek adierazteko. Eta urtetan halaxe egin izan duela. Esango nuke hizkuntzaren grazia gainera horiexetan dagoela. Bai, badakigu latin/ erromantze/ gaztelania eta beste hainbat hizkuntzatako hitzak eta moldeak hartuak eta bere eginak dituela euskarak. Baina belarrian gaizki ematen diguna ere (eta komodoa bai, oso; baina batere naturala egiten ez zaigun hori ere) onartu beharra al daukagu mendi, eliza, bide, tipula… noizbait guretzat hartu genituelako? Nik ere, Itziarrek bezala, duda asko ditut eta askoz nahiago aisialeku/udaleku/atsegindegi… horietatik jo eta forma bat hitzartu.

  4. Eskerrik asko hiruroi nik plazaratu galderari erantzuteagatik.
    Eduardo, konforme diozun horrekin, inguruko -edo gure bertze- hizkuntzetatik janez, eta jateari esker, ekarri dugu euskara honaino.
    Era berean, guztiz ados Trapaga1ek egindako hausnarketarekin, niri ere iruditzen baitzait komeni zaigula, maileguen bide oparoaz gain, euskararen berezko bertze moldeak ere iraunaraztea bizirik hiztegia zabaldu eta eguneratzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude