Fede onez

Maialen Berasategi Catalán

Zenbat aldiz ez ote zaion gertatzen itzultzaileari jatorrizko testua nahasgarria edo ia ulertezina izatea. Izan ere, maiz, arazorik handiena ez da izaten hemengo ortografia-hutsa edo hango koma aldrebesa edo haragoko sintaxi behartua, baizik eta horien guztien saski-naski bat, eta, azkenerako, testu batzuk, sortzailearen buru sortzailetik kanpo, zoratzaile eta sorgortzaile izaten dira kasik.

Irakurlea zoratzeko propio idatzitako testu kriptiko ulertezin batzuk badaude, jakina, baina pentsatzekoa da testu gehienak uler daitezen idazten direla. Beraz, deskalabruak saihesteko eta komunikazioaren izenean, itzultzaile fede onekoak, jatorrizkoa behar adina aldiz irakurri, deszifratu, eta esanahia txukun antzean ematen saiatzen dira, irudimena, aierumena, logika eta jakinduria gastatuz ugari, eta arriskatuz ere bai noski, hamaika interpretazio —edo bakar bat ere ez— duen testu batetik esanahi bat hautatzeak erraza baitu okerbidea.

Itzultzaile hertsiro leial eta itsu-itsu izango bagina, ez genuke egin behar halako ahaleginik; jatorrizkoan ulertzen ez dena xede-testuan ere ulertezin utzi, eta listo. Oro har, baina, zilegitzat jotzen dugu ahal den heinean hobetzaile-lan hori egitea, eta, areago, beharrezkotzat ere bai sarri; izan ere, askoren arrazoibidea hauxe izaten da: “Aprobetxa dezagun aukera euskarazko testua erdarazkoa baino ulergarriagoa eta erakargarriagoa izan dadin behingoagatik”. Eta ideia ona da hori, badenez.

Baina galdera da: berdin jokatu behar al dugu jatorrizko testuaren arazoa ulergarritasuna ez baizik beste bat bada, hala nola arazo etiko edo deontologiko bat? Literatur itzultzaile batek, adibidez, gizaki jarri behar al du jatorrizkoan hombre generikoa zegoen lekuan? Eta agintari batek dokumentu batean agerian utzi badu negargarri idazten duela, zenbateraino dagokio itzultzaileari haren idazkera hobetzea? Herritar euskaldunek ere eskubidea izango dute, bada, nork gobernatzen dituen jakiteko, ezta?

Zalantza-balantzan ibiltzen garenontzat, ez legoke gaizki jakitea zer arauditxo erabiltzen duten halakoetan beste itzultzaile batzuek eta zer egiten duten ohiko fede on horrekin…