Estitxu Garai Artetxe
Partida aurkariaren pilotekin jokatzea. Kontrako haizea duen itsasbidea aukeratzea. Doinu arrotzarekin bertsotan aritzea. Argudioak aurkariaren erreferentzia markotik sortzea. Euskara zigorrekin lotzeko komenentziari buruz eztabaidan aritzea.
Pozik egongo dira hizkuntza-politikan aurrera egitea galarazi nahi duten horiek, ustezko askatasun faltsuaren katamalopean euskararen betiereko morrontza nahi dutenak.
Ez gaitezen engaina. Gaztelaniak badu merkataritza-jardueren hizkuntza arautzen duen lege-bilbadura. Ez dago hizkuntzari dagokion lege jakin bat, bai, ordea gaztelaniaren derrigortasuna de facto dakarten zenbait lege-xedapen. Begiratu, esaterako, Espainiako Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Babeserako Lege Orokorrak 18 artikuluan etiketen hizkuntzari buruz espreski dioena. Gaztelania ez erabiltzea kontsumitzaileen eskubideen aurkako beste edozein arau-hausteren parekoa da. Arau-hausteak, eta ondorioz ezarritako zigorrak, hiru multzotan sailkatzen dira: arinak (3.005,06 eurora arte); larriak (3.005,07 eta 15.025,30 euro artekoak) eta oso larriak (15.025,31 eta 601.012,10 euro artekoak). Muturreko kasuetan lokalak ixtea ere aurreikusten du lege horrek.
Zer esan frantziar estatuari buruz. Toubon legeak frantses hizkuntzaren erabilera arautzen du, eta komunikazio komertzial guztietan frantsesa erabiltzera derrigortzen ditu enpresa eta erakundeak, eremu publikokoak eta pribatukoak. Lege horren karietara, 2006 urtean 500.000 euroko isuna jaso zuen General Electric Medical Systems enpresa amerikarraren filial frantsesak, saldutako software-aren eskuliburua frantsesez ez egoteagatik. Gainera, jakinarazpena jaso eta frantsesera egokitu gabe pasatako egun bakoitzeko beste 20.000 euro gehitu zizkioten kopuru mardul horri.
Inork entzun al du inoiz eztabaidarik gaztelania zigorrekin lotu behar ote den ala ez? Eta frantsesari dagokionez? Sekula inork ez ditu zalantzan jarriko gaztelania babesteko neurriak, estatu-hizkuntza delako, aitortza duelako. Gauza bera gertatzen da frantsesarekin, egon badaude lege horren kontra daudenak, baina ez hizkuntzari ekar diezaiokeen aurkako jarrerarengatik hain zuzen ere.
Baina gu, euskaldunok, gure txikitasunetik, konplexuz beteta gaude. Ez dira alferrik igaro zapalkuntza eta gutxiespen urteak, oraindik ere direnak eta ez direnak entzun behar izaten ditugu, badirudi eskerrak eman behar ditugula euskaraz hitz egiteko parada izateagatik, non eta euskararen lurraldean bertan.
Eta barkatuko didazue orain baliatuko dudan CAVernismoa edo EAE-zentrismoa, baina beste erremediorik ez zait geratzen, zatiketa-administratiboak bere lana egin baitu, baita ondo egin ere, kasik bereizketa berezkotzat hartu dugun arte. EAEn euskara hizkuntza ofiziala da gaztelaniarekin batera. Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren 2003ko Legeak honako eskubide hau aitortzen die kontsumitzaileei: “Bi hizkuntza ofizialak erabiltzea lege honek eta ordenamendu juridikoaren gainerako legeek ezartzen dutenari jarraiki”. Lege guztiek dituzte betearazteko mekanismoak, bestela ez bailirateke lege, aldarrikapen soila baizik. Hartara, 2008an etorri zen Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideei buruzko Dekretua, gradualki enpresa eta merkatal gune handienak zerbitzua euskaraz ere eskaintzera bultzatzeko. Isunak ez ezik (oso xumeak, 6000 eurora artekoak) dekretuak ezarritako betebeharrak bideratzeko diru-laguntza deialdi berezia ere kaleratu zuen Eusko Jaurlaritzak. Geroko istorioa guztientzat izango da ezagun, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako aulkia berotzera iristearekin batera, neurri-betearazleak deuseztatzen zituen dekretu berria onartu zuen.
Aldaketa horren ondorio agerikoena kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideak aldarrikapen sinbolikora kondenatzea izan da, eta halaxe erakutsi du lehenengo diagnostikoak: saltoki handien %22k baino ez du betetzen dekretuan ezarritakoa. Baina, agidanez, beste albo-kalte bat ekarri du, askoz kezkagarriagoa: diskurtsoren nondik norakoa ezarri du, eztabaidaren muina desbideratu du. Hor dago koska, eta amuari kosk egin diogu.
Hor gabiltza, gaur eta hemen, euskara zigorrekin lotu behar den edo ez eztabaidatzen, euskarari mesede baino kalte egin diezaiokeelakoan. Eta galdera hori bada, erantzuna garbi dago: ez ahalbidetu asoziazio hori, arren! Bestalde, sesioan gabiltza zein izan daitekeen modurik onena euskaraz ez dakitenek edo bereziki euskaltzaleak ez diren herritarrek euskaldunon eskubideak errespetatzeko, behartzea edo limurtzea zer ote den komenigarriena. Horrek “gu” eta “haiek” zehatza ezartzen du. “Gu = euskaldunok / euskararekiko sentsibilitatea dugunok”, “haiek = erdaldunak / euskararekiko sentsibilitaterik ez dutenak”. Eta, nire uste apalean, bada garaia binomio hori hausteko eta “gu” eta “haiek” berria ezartzeko: “gu = euskara beste hizkuntzen maila berean nahi dugunok, euskararen ofizialtasunaren eta normalizazioaren alde gaudenok” eta “haiek = euskararen ofizialtasun eta normalizazioari trabak jartzen dizkiotenak”. Diskurtso horrekin errazagoa da hizkuntza-politikan neurri ausartak hartzea. Ez da beranduegi.
Iracurri dut soil 2 lehenengo paragraphoac, ez guehiago.
Joakatzea …
Aukeratzea …
Aritzea …
Sortzea …
Aritzea …
Lelen nortea eta orain errespetua, dana galdu dok motel.