Maialen Marin Lacarta
Itzultzaileok, normalean, atzerriko hizkuntza batetik gure ama-hizkuntzara itzultzen dugu. Eta betidanik erakutsi digute ama-hizkuntzara itzuli behar dela eta atzerriko hizkuntza batera itzultzea ez dela komeni. Bestalde, hizkuntza eta itzulpengintza irakasle gisa aritzeko lan-iragarki askotan zehazten da irakaslearen ama-hizkuntzak zein izan behar duen. Ingelesez “native speaker” edo “near native” zehaztu ohi dute. Baina zer da “near native” hori? Jaiotzatikoa da, ala ez da.
Harluxet hiztegi entziklopedikoak ama-hizkuntza “haurtzaroan ikasitako lehen hizkuntza” dela dio. Testuinguru askotan, haurtzaroan ikasitako lehen hizkuntza ez da, ordea, ondoen menderatzen duguna. Batzuetan, hezkuntza formalean erabiltzen den hizkuntzak haurtzaroan ikasitako hori ordezkatzen du. Adibidez, gaztelaniak euskara ordezka dezake; ikasketak gaztelaniaz soilik egiteko aukera izan zuten batzuei gertatu zitzaien bezala. Baliteke gaztetan kanpora bizitzera joan eta hizkuntza berriak ama-hizkuntza ordeztea; edo bi hizkuntza horiek arlo ezberdinetan garatzea, bata etxean eta bestea lanean, adibidez. Beraz, ingelesez dioten “native” eta “non native” sailkapen horrek ez du beti balio. Gure ama-hizkuntza ez den hizkuntza bat izan daiteke ondoen menderatzen duguna.
Beste nahasketa komun bat, ama-hizkuntza nazionalitatearekin nahastea izaten da. “Ze ondo hitz egiten duzun frantsesez, frantsesa zinela uste nuen!”. Sarritan askoz korapilatsuagoa izaten da kontua. Eta zer esango nioke Hong Kongeko bati? Hong Kongeko kasua berezia denez, hemen konpartitu nahiko nuke.
Hong Kongera etorri baino lehen banekien hemen kantonera hitz egiten zela. Eta, beraz, ez nuela nire mandarinerarekin nahikoa izango. Kantonera dialekto bat dela esan ohi da, baina, egia esanda, txinera estandarraren (mandarinera deitzen zaionaren) oso bestelakoa da. Mandarineraz eta kantoneraz idazteko erabiltzen diren karaktereak berberak dira, nahiz eta ezberdin irakurri. Beno, Hong Kongen bertsio tradizionala erabiltzen da, Taiwanen bezala, eta Txina kontinentalean, berriz, karaktere sinplifikatuak. Baina bi idazkera horien arteko ezberdintasun bakarra, sinple azaltzeko, karaktereen trazu kopurua da. Halere, kantoneraz esaten diren gauza asko ez dira idazten. Kantonera ahozko hizkuntza dela esan genezake. Hau da, kantonerako esaerak eta esaldiaren egitura ez dira errespetatzen idatziz ematen direnean; mandarineraz idazten da azken finean. Mandarineraz idatzitako testu bat kantonerazko ahoskera erabilita irakurriz gero, oso formala eta hotza irudituko zaio entzuleari. Kantoneraz hitz egiten den moduan idazteko, karaktere berriak asmatu dira. Baina idazkera hori egon baden arren, ez dago estandarizatuta. Kantonerako opera libretoetan erabiltzen da, adibidez.
Hong Kongeko bigarren hizkuntza ofiziala ingelesa da. Populazioaren erdiak daki ingelesez, eta kantonera % 96k. Ez ahaztu 1842-1941 artean eta 1945-97 artean Hong Kong kolonia britainiarra izan zela. 1997an Txinako administrazio-eskualde berezi izatera pasatu zen. Beraz, gaur egun jende askok badaki mandarineraz ere Hong Kongen. Lehen eta bigarren hezkuntza publikoak kantoneraz izaten dira, unibertsitatea, berriz, ingelesez. Baina unibertsitatera sartzea ez da batere erraza izaten, plaza gutxi daude eta. 2011n lan egiten duen populazioaren % 20k soilik zeukan unibertsitate-titulu bat Hong Kongen[1].
Klase ematen dudan unibertsitatean, lizentziaturaren tituluak “Translation and Bilingual Communication” izena du. Horregatik, ikasle elebidunak espero nituen, baina ez da hala izan: haien ingeles maila espero nuena baino kaskarragoa da. Ingelesa bigarren hizkuntzatzat duten arren, ikasketak kantoneraz egin dituzte gehienek. Halere, lizentziaturan bai txineratik ingelesera, bai ingelesetik txinerara itzultzea eskatzen zaie. Hong Kongekoa den lankide batek, hemen ikasi eta bizi izan denak, ingelesez txineraz baino hobeto idazten duela esan zidan kurtso hasieran. Eta literatura txineratik ingelesera itzultzen du. Haren etxeko hizkuntza (eta ama-hizkuntza) kantonera da, ordea.
Unibertsitatetik kanpo egoera ezberdina izan daiteke bakoitzaren bizi-istorioaren arabera. Dantza garaikidea egiten dut eta klaseak kantoneraz dira. Irakasleek mandarineraz edo ingelesez egiten didate, eta ikaskide gehienek ere ingelesez egiten didate eta mandarineraz gutxi batzuek. Nik kantoneraz ez dakidalako gertatzen da hori, noski. Gehiengoaren ama-hizkuntza kantonera dela esango nuke, baina hori pixkanaka aldatzen joaten da unibertsitatean eta, urteek aurrera egin ahala, idazteko garaian ingelesa txinera baino hobeto menderatzen amaitzen dute unibertsitate-ikasketa luzeak egiten dituzten askok.
Gai honen inguruan, zera dio David Bellosek:
The passport you hold doesn’t have anything to do with your competence as a a translator, nor does the language that you learned in your infant environment. What matters is whether you are or feel you are at home in the language into which you are translating. (…) The paths by which speakers come to feel at home in a language are far too varied for the range of their abilities to be forced into merely two slots (“native” and “non-native”), however broad or flexible the definitions of those slots may be.[2]
Hong Kongera iristean izan nuen krisia pixkanaka desagertzen joan da. “Ez ingelesa eta ez txinera ez dira nire ama-hizkuntza eta nola erakutsiko dut nik itzulpengintza? Edo txinatar literatura?” pentsatu nuen iristean. Baina ingelesez “I feel I am at home”, beraz, horrekin nahikoa. Zalantzak ditudala? Noski! Baina idazten dudan hizkuntza guztietan sortzen zaizkit zalantzak. Horrekin ez dut esan nahi Shen Congwen txineratik ingelesera itzultzera animatuko nintzatekeenik. Uf, ez horixe. Baina nire ikasleei itzulpen teknika ezberdinak erakusteko gai sentitzen naizela esaten diot neure buruari. Pixkanaka Europa mendebaldean ama-hizkuntzarekin dugun obsesio hori burutik kendu eta Hong Kongeko aniztasunetik ikasten saiatzen naiz. Hurrengo pausoa kantonera ikastea izango da, oraingoz denda batera sartzen naizen bakoitzean bi hizkuntza inperialisten artean aukeratzea tokatzen baitzait.
[1] Hon-Kwong Lui, Widening Income Distribution in Post-Handover Hong Kong. New York: Routledge, 2013, 122. orr.
[2] David Bellos, Is That a Fish in your Ear? Translation and the Meaning of Everything, New York, Faber and Faber, 2011, 66. orr.
Mila esker, Maialen, oso interesgarria iruditu zait.
Bereziki, ama-hizkuntzaren mito hori… barkatu, badakit guretako askori ama-hizkuntzari “mito” esatea mingarri suertatuko zaiela, baina uste dut hitz egokiena dela, mito erromantiko bat delako, maitasun erromantikoa bezain.
Hau da, biak errealak dira eta denok sentitzen ditugu oso sakonki gure bizitzan zehar, gure bizitza goitik behera markatzen duten sentimenduak izaten dira, baina ez da erreala pentsatzea bakarrak eta errepikaezinak direla definizioz. Eta metaforatik tiraka segi dezaket, baina uste dut denak asma ditzakezuela argudioak eta ondorioak orain errepikatzen ibili gabe.
Askoz ere interesgarriagoa da, ordea, Maialenek kontatu digun moduko albiste berriak eta esperientziak jasotzea. Mila esker berriro.