Iñaki Segurola
Neu ere idatzia nago inoiz euskara gure hau “ezin hilez dagoela bizirik”. Edo, zeharoko hizkuntza hila ez bada ere, badela “hizkuntza bukatua”. Edo hizkuntza batua edo batu-gurakoa ez ezik, hizkuntza “artxibatua” ere badela. Eta horiek denak hizkuntza gogoan dudala bota ditut nik gehienbat, oraindik erdi-bizirik dagoen tokietako hizkuntza gorria gogoan dudala, huraxe baita neri zinez inporta didana, eta ez letrakuntza edo kulturmunduko deshizkuntza zuri hau.
Goian aitatutako esan-modu horiezaz gainera, orain gehi nezake gure mintzo hau “hats-bizi” dela, garai batean esaten zuten moduan, eta esate horrek ederki uztartzen ditu bere baitan hizkuntzaren bizi ezina eta osotara hil ezina. Duvoisinek adieraziko digu zer esan nahi zuen hats-bizi horrek: “qui n’a plus que le souffle… hats-bizi da, il respire encore”; “doi doia hats-bizi da, il a à peine le souffle”.
Eta Axular batek ere sentitu zuen aspaldi euskara “ahalke dela, arrotz dela, eztela iendartean ausart, entregu, bithore eta ez trebe”. Eta beste asko mintzatu dira holatsu, eta atsekabez mintzatu dira, eta gara, eta ia ez dugu nabarmendu behar izan atsekabez mintzo ginela, zeren euskaraz ari baikinen, “barrutik” ari baikinen, eta beraz ezinak eta muzinak hartuak baitezpada.
Baina erori zait eskuetaraino Ibon Sarasola, gorazarre liburua (EHU 2015), eta han, 319. orrialdetik atzera, José Ignacio Hualde unibertsitateko ikertzailearen honako artikulu hau irakurtzen da: “Basque as an extinct language”. Eta ezin irentsi, aizue! Baina, bihotzondokoak utzi eta gogoetatzen hasita, ez al du ba Hualdek esaten beste askok esan duten eta dugun gauza bera edo bertsua? Bai eta ez, eta hortxe dago koska: guk ezjakinok, edo geure burua ezjakintzea maite dugunok, ez dugu uste “beste hitz batzuekin” gauza bera esan daitekeenik (eta jabetzen naiz itzultzaileen biltoki batean hau esatea bekatu haundia dena); ez bide dugu sinesten errealitate betean eta informazio hutsean, edo auskalo, baina Hualderen artikuluaren titulua bera ezin irentsia da guretzat.
Illinois-ko ezlekutik idazten du Hualdek, Urbana-Champaign izeneko bazter batetik. Eta bai, horiek ezlekuak eta bazterrak dira euskararentzat, baina ez munduaren gobernamenduarentzat, eta hargatik baliteke haren esanak beste karga edo astuntasun bat izatea guretzat. Eta darabilen hizkuntza ere ez da bazterrekoa munduarentzat, eta darabilen mintzamoldea ere ez, zeren unibertsitateko ikertzaileen hizkuntza bihozgabea baitarabil halabeharrez, burutsua bezain bihozgabea, edo, Wittgensteinen erara esanik, hizkuntza tonto-hotza. “My approach is simply to expose the facts without judging”, dio berak. Eta hala, euskara hizkuntza “extinct” edo itzali-akitu-agortua ote den hotz-hotzean aztertzea gauza “interesgarria” (sic) da harentzat: “it may be interesting to consider whether there is some sense in which the language has become or is becoming extinct in spite of the growing number of people who can speak it”. Iruditzen zait “kanpotik” jardute horrek, batere gupidarik gabe eta epai objektibo edo zientifiko baten eran “extinct” minberagarri hori bota izanak bihurtzen dutela Hualderen jarduna gure barruentzat ezin irentsia; eta minberagarria ez ezik, iraingarri edo laidogarria ere gertatzen da guretzat “extinct” hori. Extinct language: jakintza boteretsuak edo botere jakintsuak euskararen gainera egotzitako izendapen kondenatzaile bat dirudi, etsi-emailea eta errematekoa.
Gainerakoan, hor esaten dituen gauza askotxo dira argigarriak eta gogoan hartzeko modukoak. Euskaldun elebakarren galeraz edo elebitasunaren kalteaz, adibidez: “When a language has no monolingual speakers, it has ceased to function as an independent linguistic system. Subordination to another language is, of course, greater when most of its speakers are non only bilingual but tend to be dominant in another language”.
Edo hizkuntzak gauza berriak sortzeko edo bere gisa aldatzeko duen zailtasunaz edo ezinaz: “To the extent that we find a serious curtailment of the creative capacity of the language in giving rise to new expressions and shifting the meaning of words, independently of developments of other languages, I think it is appropriate to speak of extinction”. Eta aurrerago: “In the present situation Basque may have lost all vitality that could lead to the development of new non-borrowed expressions or new independent phonological phenomena. In this sense, the Basque language is in a state of semi-extinction in some specific areas where it is subordinated to other languages (Spanish or French) that serve as its sources of innovation”.
Estatistikako zenbakietan oinarritutako kontsolamendu motz batekin uzten gaitu Hualdek bere artikuluaren azkenean: “This extinction of its linguistic structures is compensed by the success of its social revitalization”. Kontsolamendu motza, hotza eta gorotza: euskahaldun galkorrak eta euskezindun ugalkorrak batera kontatzetik heldu dena.
“Extinct”? Etsi-etsian, bai; etsirik gabe, ez eta ez!
Ez gara kultura-sortzaile euskaldunak, noski.
Oro har, Kultura ez da euskaraz sortzen; begi-bistakoa da. Gure Herria, herri txikia izanik, kultura-hartzailea da, munduko herri gehientsuenak bezala, zeren eta Kultura (horrela, maiuskulaz; ez naiz ari tokiko folkloreaz) bizpahiru hizkuntzatan sortzen baita mundu globalizatu honetan: ingelesez, alemanez… txineraz, agian. Baina horrek ez du esan nahi gure hizkuntza, euskara, iraungita edo agortuta dagoenik, edo hiltzear dagoenik. Nik inoiz baino biziago ikusten dut, eta bizirik dago, jakina, egokitzen jakin duelako. Zeren eta euskarak bizirik iraun baitu historian zehar beti aurrean jarri zaizkion hizkuntza kulturadun guztietara egokitzen jakin duelako, betiere bere jeinua galdu gabe (ergatibotasuna, ororen gainetik): garai batean, latinera egokitu zen; geroago, hizkuntza erromantzeetara (gaztelaniara eta frantsesera, batik bat), eta orain, ingelesera… edo txinerara… egokitu beharko du, bizirik iraun nahi badu…
Horixe da gure patua: besteena mailegatu eta gure egitea. Zu ere, Zegurola jauna, horren adibide bikaina zara, edo zea, gehiyo gustatzen bazaizu…
“Serious curtailment” horren luze-zabalak zedarritu beharrekoak lirateke. Arloen arabera, gure inguruko hizkuntzetan ere berdin gertatzen baita: gaztelaniazko informatika-arloa goraino dago ingelesetiko hitzez beterik. Ingelesezko sukaldaritza-arloa goraino dago frantsesetiko hitzez beterik.
Zer da elefante arrosa bat? Elefante arrosa bat da lurrean hazten den gauza bat, zapala, estua eta luzexka, malgua, kolore berdekoa. Han! Euskal Herria elefante arrosaz beteta dago.
Zer da hizuntza iraungi bat? Hizkuntza iraungi bat da hiztun elebakarrik ez duena, bere hitzen esangura beste hizkuntza batzuen sormenera makurtzen duena, eta bere egitura gramatikalak beste hizkuntza batzuen egituretara egokitzen dituena. Alegia, gaztelania (gure gurasoen belaunalditik hona, behintzat).
Ez naiz ni munduko pertsonarik optimistena euskararen egoera soziolinguistikoaren aurrean baina, hortik iraungita dagoela esatera, itzulipurdi eta kontortsio kontzeptual gehiegi egin behar dira.
Gugandik gertu badira elebakarrik apenas duten hizkuntza potenteak, katalana adibidez, eta baita elebakar asko duten hizkuntza ahulak, gallegoa adibidez (gallegoz baino ez dira mintzatzen, gau eta egun, milaka lagun; gehienak, erran gabe doa, PPren boto emaileak).
Euskarak ere bizi ditu bere antagonismoak. Bilbon nekez esan daiteke euskara “gero eta gehiago” dela, baina erraz esan daiteke kontrakoa: Segurolak dioen moduan, hizkuntza residual bat dela, Monte Perdidoko iparraldeko glaziartxoaren antzera.
Oñatin, ordea, euskararen mihiak ikaragarri zabaldu eta luzatu dira, aldaketa klimatikoa alderantziz gertatu izan balitz bezala.
Egoera positibo horretan bizpairu eskualde urbano besterik ez daude, gora behera frangorekin beti ere: Deba Goiena deitzen dugun hau, Beterri deitzen duzuen hori, eta, han-hemen, beste eskualde txiki edo herri suelto-ez suelto batzuk (Azkoitia-Azpeitia-Zestoa; Zumaia-Zarautz-Orio; Ondarru-Berriatua).
Egoera positibo horretan ez nituzke sartuko Bermio, Gernika, Lekeitio, Durango, Elorrio, Eibar, Beasain, Hondarribia, Bera, Leitza, Elizondo, Lesaka… Horietan guztietan -eta askoz gehiagotan- ez-hazkundea nabaria da.
Gainerakoan -Gasteiz, Iruñea, Iparraldea-, serio hitz eginda, euskara ez da, ia ia, ezta konputablea ere.
Gero badago halako geruza supra bat, nazionala-edo, profesionala, gurea, euskara batua arautuarena, halako errealitate ez fisiko bat, nahiko konputablea eman dezakeena, hedabide propioak eta guzti badituelako, baina nabaria da horien gehienen porrota, Euskadi Gaztearen salbuespenarekin (arauari ehuneko ehun eusten ez dion bakarra).
Euskara salbatzeko, beraz, lehenago Bilbon -batzuek dioten moduan- salbatu behar baldin bada… Monte Perdidoko iparraldeko glaziarrak Gavarnie zapaltzea bezain probablea iruditzen zait.
Ez-hazkunde nazional honetan izan ditugun bidaideen artean, baina, badira pare bat… batzuentzat maitagarriak eta besteontzat gorrotagarriak:
Normatibismo erdarafobikoa, euskaratik erdara erauztera behartzen gaituena, eta kristo guztia akonplejatzen duena, batez ere euskaldun zaharrak.
Titulitisa, zeinaren bidez EGA atera duen edozein ganorabako ez-euskaldun “gehiago da edo izan daiteke” bere buruarekin euskaraz hitz egiten duen -egiazko- euskaldun titulubako bat baino.
Hitz egitea experientzia eta bizipen estetiko bat baldin bada -eta bada, noski- arestiko bi horiek ez dute ostiarik ere lagundu.
Arestiko bi ideia horien inguruan, gainera, holding bariatuak sortu dira urteekin, boteregune ez-jator askoak.
Total, orain Sarasolak esateko okertu zirela eta erabilgarritasunak, edo erabilerak, behar zuela-zutela zuzentasunaren gainetik… Ba entrega diezazkiela hiztegiak Gerrikagoitia eta Amuritza jaun txit bitartekariei!
Hizkuntza bizi nazional bat, gaur egun, diglosiaren simaurrean baino ezin da, definizioz, ondu: simaurra eta ongarria, ez al dira sinonimo Euskal Herrian?
FEtx (pensatzen dut ze zure izen hori -FEtx- da addbreviationea esateraco e Fermin Etxebarren edo antzicoric), nahi nuque explica dezazun zer duen erran edo izquiria Sarasolak (pensatzen dut ere dela Ibon Sarasola) nic hobequi comprenitzeco zure ondoco hau pragraphoa.
“Total, orain Sarasolak esateko okertu zirela eta erabilgarritasunak, edo erabilerak, behar zuela-zutela zuzentasunaren gainetik… Ba entrega diezazkiela hiztegiak Gerrikagoitia eta Amuritza jaun txit bitartekariei!”
Guero, baita hobequi ulertzeco neurequico propioa zer relationeric duque Sarasolac esanac edo izquiriatuac kin ni (eta ere Amuritza)?
Gure arteco -esan nahi bait-dut artean blogecoac- dialogoa (dia + logo, arartez + logoa edo argudioa) hobeto curri dadin esan dezagun elkarri zer dan gure posturea ongui garbiqui expresaturic guzien -blogaren iracurleen- mesederaco.
Ieup Erramun; bai zeuk eta baita Amuriza jaunak erakusten duzuen irekitasuna nabarmendu nahi nuen, onerako noski. Bai euskararen baitan denetariko hitz eta esamoldeak integratzeko eta baita -zure kasuan bezala- garatzeko ere.
Zuri nagokizu, beraz: nago kin zu!
FEtx hori.
(Dirudienez nahiago duquezu estali pean FEtx hori, egon pean erdipseudonymo hori, nic berez baina nahiago nuque jaquitea zuzenqui zure izena hala ni -eta ere beste iracurleac- orientatzeco hobequi gure itsaso hontan nahiz-ta ez dudan emaiten transcendentziaric horri, baina bai da arguigarriago eta esango nuque “normalago”. Baina goazen nolanahi aitzina joanqui gure bidean.)
Dirudienez an nic izquiriatua duzu iracurri bakarric 2. partea baina aitzitic lehen parteaz zeinaz -diozunaz buruz Sarasola- ez duzu emaiten contestaric deus eta da parte hori zeinean ni nago ezjaquitun.
Berba batean, zer du erraiten Sarasolac? Zergatic duzu aiphatzen -Sarasola- hor, phrase hortaco lehen partean?
Hemen duzu:
http://www.diariovasco.com/culturas/201503/13/ibon-sarasolaren-mezua-benetan-20150313192702.html
Ondo segi!
FEtx, egun batzuc egon naiz sartu gabe hemen, eta hortacoz gaur arte ez dut ikusi zuc ipinirico linka. Esquerrac. Nic ez nequien hori, orai ba daquit zeozer guehiago zeina ez da arras guti. Segui zuc ere aitzina.
Hualde jauna, denok dakigunez, hizkuntzalari aditua eta txit trebea da, baina suposatzen dut humanoa ere badenez gero, ezin izan diola eutsi adarjotze txiki bat egitearen tentazioari. Hitzen esanahiekin jolas egitea, horra edozein hizkuntzalari profesionalen bekaturik larriena, zientziaren ildo estutik ateratzea, une iheskor batez norbere burua poeta bihurtzeko tentazio eutsiezinari amore ematea, hitz tabua jendeaurrean ahoskatzearen plazer atsegin hori, “extinct”… enfin, ez naiz luzatuko metaforatan, uste dut denok ulertzen dugula txiste on baten aurrean gaudela.
Txiste on baten atzean beti egon ohi dela egia egia deseroso bat? Bai, jakina, horregatik egiten dugu barre, antsiari irtenbidea emateko.
Bai, txiste batek, sarritan, gehiago esaten digu errealitateaz teoria batek baino. Baina ez ditzagun txisteak eta teoriak nahastu.
Hualderen artikulua irakurtzen duena jabetzen da unibertsitateko arrazoiketa-moduaren eskortatik idatzia dagoela bete-betean, “irizpide objektibo”, “datu kontrastatu” eta gainerako sakramentu guztiekin.
Jardun burutsu bihozgabea da: ez dago poesiarik, adarjotzerik edo txisterik hor. (Benetan esanak olgetan irakurri nahi izatea da adarjotzea.)
Ez da berriketa.
Extinct means extinct.
Ez hizkuntza osoki hila, baina bai hats-bizi dena: itzalia, akitua, agortua.
(Hala dio Hualdek. Nahiago nuke hala ez balitz!)
Iñaki Segurolak eman dit abisua eta pentsatu dut beharbada hitz bi esan beharko nituzkeela leku honetan. Hemen nauzue, beraz, gauzak argitzeko asmoz. Bai Gartziak eta baita Segurolak ere arrazoia dute. “Extinct” hitza erabili dut izenburuan bertan nolabait “pour épater”. Ez da esan behar euskara ez dala hilik. Zuok biok zuon idatzizko jardueran maisuki erakusten duzue euskarak izan dezakeen bizitasuna. Artikuluan, hala ere, esaten dut ez dudala hitz hori bere esanahi arruntarekin erabiltzen (eta hau Asier Larrinagak ikusi du), eta definizio zabalago edo liberalago bat proposatzen dut. Zergatik? iruditzen zaidalako euskararen gaurko egoera ulertzeko hizkuntzen desagerpenaren paradigma erabilgarria izan daitekeela. Artikuluan esaten dudan bezala, hiztun gehienentzat “jarri” eta “poner”, adibidez, itzulpenkide zehatzak baldin badira testuinguru guztietan, zerbait gertatu da. Era berean, euskara eta gaztelania guztiz berdin ahoskatzen badira, zerbait agitu da hemen. “Zerbait” hori “interesgarria” da guretzat, hizkuntzalariontzat, hizkuntzalarien arreta merezi duen gai bat delako. Hizkuntza ez da desagertu, baina hizkuntzaren sistemaren zati bat desagertzen ari da. Interesgarria izan daiteke aztertzea nola gertatzen den prozesu hori, zer den ahulena egoera honetan (fonologia, semantika, joskera…), etabar. Beharbada “kezkagarria” ere bada niretzat, euskaltzale bezala, baina nire kezka hori adierazteak ez du zentzu handirik, ene ustez, konponbiderik eskaintzeko ez banaiz gai (eta ez naiz).
Konfunditzen zara arrontik, Hualde, beldur naiz euskal jatorkeriaren legañek hizkuntz panorama tapatzen dizutela. Hizkuntzak, gezurra dirudi hizkuntzalari bati esan beharrak, ez dira ontzi estankoak, inmakulatuak eta jatorrak. Euskarak iraun du hain juxtu ondoan, gainean eta azpian izan dituen eta pasa zitzazkion hizkuntza guzien paradigmak, kontzeptuak, ikuspuntuak, fonetismoak, esanahiak, ereduak eta tresneria aditu ezezik, kopiatu, eraldatu, beretu, saltseatu eta birmoldatu dituelako. Euskarak akitaniera, lusitaniera, kelta, latina eta erromantzetarik datorkion eta berak harrapatu eta zertu duen ondarea dauka (munduko bertze edozein hizkuntzari berdin egiten ahal zaio osagai orokorren zerrenda eta ikusi osagai horiek guziak bertze hizkuntzetarik datozela goiz edo berant). Bere bi dozena mendeko adinean euskarak mila aldiz negoziatu ditu itzulpenkide eta ahoskide zehatzak eta okerrak, eta bai, zerbait gertatu da hor, hizkuntza normal (kendu burutik euskara anormala, purua eta neolitikoa delako topiko plasta hori) baten bizi seinalea. Txit erabilgarria eta erosoa den ere, ez da esistitzen hizkuntzen desagerpenaren paradigmarik, hizkuntza bakoitzak, organismo bizidun konplexu bakoitzaren antzera, bere joan etorri propioa duelako, euskara lekuko.
Konfunditzen naizela? Beharbada. Artikuluari Humboldten profeziarekin ematen diot hasiera: 20garren mendearen hasierarako euskarak ez du hiztunik izanen, hizkuntza hila izanen da. Hori, bistan da, ez da gertatu. Guztiz alderantziz: euskaldunak inoiz baino ugariagoak dira gaur. Esan dezakegu, beraz, Humboldt, profeta bezala, ez zela oso ona. Kasu honetan, behintzat, ez zuen asmatu. Hala ere, beste hau ere gertatu da: Euskarak ez du hiztun elebakarrik, Humboldten garaian ez bezala. Elebitasun unibertsala egoera berria da euskararen historian, nik dakidanez. Bai, euskara beste hizkuntza askorekin egon da kontaktuan historian zehar, baina euskal gizarte osoa ez da elebiduna izan oraintsu arte. Bi gauza garrantzitsu gertatu dira aldi berean: (a) Euskaldunen kopurua oso azkar hazi da (mendebaldeko hiru probintzietan –ikus Eusko Jaurlaritzaren datuak), batez ere irakaskuntzan egin diren ahaleginei esker, eta (b) euskaldun elebakarrak desagertu dira (edo oso oso gutti dira). Ez dago dudarik egoera berri honetan hizkuntza aldatuko dela. Aldakuntzaren norabidea zein izanen den ere argi dago. Berez aldakuntza ez da ez txarra eta ez ona ere. Hizkuntzak aldatzen dira denboraren poderioz eta elkarrekin bizi diren hizkuntzen artean eraginak aurkitzen ditugu beti. Dena den, zehazkiago aztertu behar da egoera berri honetan zer gertatzen ari den (eta nola) zerbait ikasi nahi badugu. Beharbada hiztun elebakarrik ez egotea ez da garrantzisua eta hizkuntzen arteko eragina ez da oso desberdina hau gertatzen denean. Edo beharbada, bai. Ez dakigu.
Har dezagun fonologia, adibide bezala. Gure kasuan ikusten dugu euskararen soinu sistema gaztelaniaren fonetika eta fonologiarekin batzen eta berditzen ari dela oso arin. Hau ez da nik esaten dudan gauza bat; beste ikerlari batzuk aztertu dute fenomeno hau zehazki. (Bestaldetik, nahikoa da, adibidez, “Ahotsak: Ahozko ondarearen altxorra” kontsultatzea honetaz jabetzeko). Fenomenoa ez da berria edo harrigarria, baina beharbada abiadura bai.
Datu honen aurrean, beharbada, honetaz zerbait egin dezaketenek ondorioztatuko dute euskal fonetikari ere garrantzia eman behar zaiola irakaskuntzan. Edo beharbada, pentsatuko dute ez dela hain garrantzitsua. Nik badaukat neure iritzia, baina ez dagokit niri esatea.
Kasualitatez, ikusi dut eztabaida berbera berpiztu berri dela katalanaren kasuan ere. Ikus:
http://cat.elpais.com/cat/2015/02/05/cultura/1423169863_142717.html
eta erantzuna:
http://cat.elpais.com/cat/2015/04/05/cultura/1428264483_338515.html
Hualdek dio hemen ahotan darabiltzagun gorabeherak “interesgarriak” direla hizkuntzalariarentzat, eta ez diola zentzu haundirik ikusten “kezkagarriak” direla adierazteari. Nik ez dakit hizkuntzalaria naizen. Filologoa banaiz titulu ofizialez, eta dakidana da esandako gorabehera horiek askoz gehiago direla neretzat kezkagarriak, interesgarriak baino. Gure hizkuntza honen atarramentuari dagokion aldetik, LARI baino askoz gehiago naiz oraintxe ZALE eta are gehiago ZULO. Kasik ez nezake buru hutsez eta hotzean pentsatu. Titulu ofiziala itzuli egin beharko diot Erregeri.
Eta ai gaur egun ia-ia mutu dauden euskaldunen masa handi hori inoiz hitz egiten hasiko balitz! Horien ehuneko hogei bat benetan hitz egiten hasiko balitz! Iraultza bat, dudarik gabe!
Zeren gaur egun euskaldunen masa handiak ez du euskara etxean ikasi, ezta kalean edo lagunartean ere, eskolan edo euskaltegian baizik. Ez normalki ez dute euskaraz hitz egiten.
Ai noizbait aktibatuko balira!
Zer, ez ote ginateke denok poztuko ala?