Lapsus calami

Gorka Lekaroz Mazizior

lapsus

Psik. Hitz egitean edo idaztean hitz egokiaren ordez, beste bat, okerra, erabiltzea. Errakuntza idatzizkoa denean lapsus calami deritza.

Zorigaiztoko bidelagun ditugu denok idatzizko akatsak, baina batzuetan besteetan baino ondorio larriagoak ekar ditzake paperean edo pantailan isuritako errakuntzak. Ez da gauza bera erostekoen zerrendan garbikaria idatzi nahi zuenak garbaria idaztea —okerrenera jota, zer erosi nahi zuen ezin asmatu ibiliko da halakoa— eta ekaineko hautaproban erantzuna ongi zekien ikasleak elektroiak adierazi nahi eta oharkabean protoiak idaztea. Itzulpenak edota ikerketa-lanak prestatzen dituenarentzat, hizkuntza lanabes edo lanbide duenarentzat, gainbegiratua gainbegiratzera behartzen duen etsaia da lapsusa, areriorik gorrotatuena akaso, enegarren errebisioaren zirrikitu artetik ere agertzeko gauza baita.

Behinolako idatzizko lapsus askok, inork haien izatea ezin antzeman eta, betiko iraun dezakete. Tarteka, lapsusa baden ala ez den jakiterik ere ez dago; hapaxen inguruan, adibidez. Hizkuntza guztiek dituzte hapaxak, corpus idatzian behin besterik dokumentatu ez diren hitzak edo aldaerak. Esate baterako, 1502ko agiri baten bazterrean urte batzuk beranduago idazkera zabar samarrez esku anonimo batek idatzitako enasquea (‘el canal’) edo encapelua (‘el bastidor’) euskal hitzei dagokienez, nahiko lan izan omen dute adituek idatzitakoa hori dela, eta ez beste zerbait, erabakitzeko. Sekula ez dira gaur arte hitz horiek beste inon agertu. Guztiz zuzenak izan daitezke; baina tartean idatzi zituen eskuaren balizko akatsen bat egon bazen ere, nekez argudiatu ahal izango da horrelakorik lekukotasun berriek argitu ezean.

Beste batzuetan, lapsus calami baten eraginez sortutako uste erdi ustelak betiko ez, baina luzaroan iraun dezake, eta okerreko ondorioetara eraman, harik eta zerbaitek errakuntza agerian jarri arte. Horren erakusgarri, euskarazko egile zahar batekin lotuta dagoen adibidea ekarri nahi dut gaur hona.

Duela ia bi mende, hogeita sei urteko euskaldun bat apaiztu zen beste asko bezala Iruñeko gotzain-jauregian: 1827ko ekaina zen. Apaizgintza ostean, Orlagatu mendiaren magalean hazitako gazte nafar hark sorterritik gertu burutu ahal izan zuen lehendabiziko abade-lana: mendiaz bestaldeko Itzalle herrian, Zaraitzu ibarrean. 1827ko azaro partean ekin bide zion egitekoari. Apez gaztearen izena Francisco Benito Gil Tabar zen.

Herri euskalduna zen artean, gaur ez bezala, Gilek ezagutu zuen Itzalle hura; bere sorterria baino are euskaldunagoa. Itzallen gazteek bazekiten oraindik euskaraz, eta heldu zein adineko askok ez zuten beste hizkuntzarik erabiliko. Hori dela eta, ziur asko, euskarazko doktrina baten beharra sentitu zuen abade gazteak eliztarrak hezitzeko. Gustukorik eskura ez nonbait, eta Gilek berak ekin zion doktrina paperean jartzeari. 1827ko abenduaren 14an, lanaren izenburua izkiriatu zuen Itzalleko bikario berriak doktrinatxoaren lehendabiziko orrialdean:

Doctrina uscaras Dn Benito Gil escrivituric vere governuaren daco. Yzallen Avenduaren amalaurgarrenean, urte mila zazpitan eun eta ogei eta zazpietan.

Errakuntza potoloa utzi zuen ordea aurkezpen hartan, lehendabiziko lerroko ergatibo faltaz haratago. Idazkiaren data zehaztu nahi eta oharkabean ehun urte atzerago joan zen Gil, 1727ko abendura. Ondoren idatzi beharreko ogei eta zazpietan horrek aldez aurretiko akatsa eraginda? Hanka sartzea ez da arrazoitzen erraza… baina hanka sartzea bada, izan, eta ez nolanahikoa: Benito Gil 1801ean jaio zen, 1824tik aurrera hartu zituen eliz ordenak eta 1827tik 1833ra aritu zen Itzalleko abade, hainbat urte beranduago herri hartara bertara itzuli zelarik. Gilen inguruko albiste guztiak bezain XIX. mendekoa da erabili zuen hizki dotorea ere. Letra ez da noski artxiboetako albisteak bezain argudio objektiboa, baina harexek eragin zuen Gilek data oker eman izanaren lehendabiziko susmoa.

Itzalleko abadeari buruz ez genekien gaur arte hark doktrinatxoan idatzitakoa besterik; horrenbestez, Gilen lapsusak hura okerreko parametroen arabera sailkarazi digu. XVIII. mendekotzat genuena XIX.ekoa da, ez dagokio euskara zahar eta klasikoari (1600 eta 1745 bitartean idatzitakoari, alegia), ordutik 1890era arteko lehen euskara modernoari baizik.

Lapsusa ilunpetik atera izanak badu beste ondorio kronologiko bistakoa: aurrerantzean ezin esan Itzalleko doktrina zaraitzueraz idatzitako testurik zaharrena denik, badirelako XVIII. mendeko lekukotasun zenbait orain dakigunaren arabera Gilen testu hura baino aspaldikoagoak direnak. Baina denboran ez ezik, espazioan ere ekarri du ondoriorik lapsusa argitu nahirik idazlearengana hurbiltzeak: izan ere, Benito Gil ez zen ez Itzallekoa ez zaraitzuarra, pardixa baizik, Urraulgoitin sortua. Adoaingo Aita Esteban baino zazpi urte eskas zaharragoa, eta predikari kaputxino ezagunaren herri bereko kaleetan kozkortua. Egun hamar biztanle ere biltzen ez dituen Adoainek, bere txikian, bi idazle eman zizkion beraz euskarazko literaturari.

Benito Gilen biografia osatze bidean dago gaur. Egilea hobeto ezagutzeak eta hark idatzi testua datu berrien arabera berraztertzeak eman lezake agian Zaraitzu eta Urraulgoitiko mintzoen arteko harremanari buruzko argitasun berririk. Nolanahi ere, eta gaurko mintzagaira itzuliz, bada nire ustez honetan guztian hausnarketa interesgarria egiterik: zortzitik zazpira letra gutxi batzuk baino ez daude, zinez tarte txikia. Baina handia da batzuetan halako tarte txiki batek eragin dezakeen ustearen okerra.

7 erantzun “Lapsus calami” bidalketan

  1. Iepa Gorka; liluragarria, beti bezala, milesker.

    Orduan, Urraulgoitikoak, “pardixak” al dira?

    1. Mila esker! Bai, Aezkoa eta Zaraitzu inguruko euskaldunentzat badirudi Pardixerria Zaraitzu eta Irunberri arteko lurraldea zela, Urraul biak eta agian Artzibar barne. Ez omen zen oso izendapen goxoa, lur txarraren zentzuan erabilitakoa-edo. Baina ingurukoentzat Urraulgoitikoak pardixak zirela ematen du,

  2. Artikulu ederra. Honen harira, gure Benito Gilen izkribu bera “Itzaltzuko Doktrina” izenarekin agertzen zaigu Bonaparte Ondareko webgunean, “zaraitzera” delako euskalkiaren barnean (http://bonaparte.deusto.es).

    1. Kaixo, ilei. Akatsa da, Itzaltzu eta Itzalle herri izenen arteko nahasketaren ondorio, segur aski. ‘Itzaltzuko Doktrina’ esan zioten hori Gilena da benetan, Itzallekoa, alegia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude