ITZULEKTOLOGIA: dialektologi itzulpengintzatik itzulpen-dialektologiara(ntz)

Borja Ariztimuño López

Atzokoa aitaren eguna izan bazen, gaurkoa aitaren-eguna izango da blog honetan. Izan ere, euskal testu zaharretan gehien aipatzen den aita (Gure Aita edo Aita Gurea) izango da hizpide, edo hobeto esanda, hari eskainitako otoitz ezaguna. Baina, has gaitezen hasiera-hasieratik (kronologikoki ez bada ere).

Ezagun izango zaizue, noski, euskarazko testuen urritasun eta berankortasuna (erlatiboa, dena den), eta are gehiago homogeneotasun temati(ko)a: hala biz.

Hortaz, berebiziko garrantzia dute “kanon” horretatik aldentzen diren testuek, erlijiozkoetan ageri ohi ez diren egiturak eta formak biltzen dituztelako, eta, bide batez, lan filologikoari zirrara apur bat eransten diotelako!

Filologi lan hori egoki eta xeheki egitea ezinbestekoa zaigu hizkuntzalaritza historikoan gabiltzanoi, denboran atzera eta ikerketan aurrera urrats sendoz eta fidagarriz egin ahal izateko. Azter-eremu zabal horren barruan, dialektologia historikoak du, beharbada, oztoporik handiena.

L. L. Bonaparteren XIX. mendeko landa-lan eskergak (lan da lan) datu asko utzi ditu gure eskura, baina, egia da ere hein handi batean itzulpenetan oinarriturikoak direla, sistematikoki eta helburu jakin batekin e(ra)gindako itzulpenetan hain zuzen. Ezin zaie ukatu daukaten balioa, jakina, halako corpus paralelo erraldoirik ez baitugu beste inoiz izan, dakidala. Alabaina, desberdintasunak erakustea xede zuten itzulpenak (printze-zuzendariaren “aurreiritziak” tarteko), ez bide dira litekeen iturririk aratzena, halakorik inon bada. Kantitateak berdintzen-edo kalitatea.

Edonola ere, testuok berriegi, modernoegi begitantzen ahal zaizkio euskalki zaharren egituraketa, eta euskalkien sorrera eta hasierako garapena aztertu nahi dituenari. Horretarako, lekukotasun askoz ere zaharragoak behar, eta horiek exkax gurean (geroz eta gehiago badira ere, zorionez!).

Hemen sartzen da gure aita. Edo aitagurea.

Zein da, bada, euskalki gehienen lekukotasun zaharrenetarikoa? Bada, hain zuzen ere, horien corpusa osatu dut (hogeitaka itzulpen ezberdin), eta haren azterketan dihardut orain, aurki-edo emaitzaren bat argitaratzeko esperantzan.[1]

Jabetzen naiz, halere, Bonaparteren bildumaren pareko eragozpenak dituela honek ere. Hasteko, itzulpenak dira, eta horrelakoetan (bereziki erlijio-testuetan) iturriari zor zaion fideltasunak eta iturriaren ezaugarriek berek (jatorrizko hizkuntza desberdinak, adibidez) izan dezaketen eragina kontuan hartu behar da. Gainera, helburu dialektologikorik ez, baizik eta aitaren hitza albait zabalen hedatu nahi izanik, hizkuntz eredu jakin bati (tokian tokiko “estandarrari”, aldaera prestigiodunari) jarraitu izana ere espero izatekoa da. Azkenik, honelako testuetan arkaismoak eta berrikuntzak nahaska topatuko ditugu, alde orotako indarrak izaten baitira tradizio zahar-berrietan.

Datorrena datorrela, gogotsu ekin diot aztergaiari: txarrenean, bagenekiena edo uste genuena berrestera etorriko da (lankide gutxiko alor batean, pixka bat es…), eta, onenean, ondo ulertu gabeko edo oharkabean igarotako ezaugarriren bat edo beste hobeto konprenitzea ekarriko ahal du!

[1] Aurrerago sinesten dut edo kredo deritzona sartzeko asmoa ere badut, konturaturik ia beti elkarrekin doazela eta, beraz, corpus paraleloa zabaltzeko aukera dagoela.