Txinera jakinda ez zaizu lanik faltako!

Maialen Marin Lacarta

Horrelakoak maiz entzun behar izaten ditut, batzuetan niri zuzenduta eta bestetan slogan moduan, hizkuntz eskola eta unibertsitateetan, baita ikasleen ahotan ere. Baina motibazio horrek bultzatuta txinera ikasten hasten denak berehala eman ohi du amore, eta beste zerbaiti ekiten dio.

Bada azken aldi honetan entzun dudan beste joera bat, txineratiko itzultzailearen lan-egoera are zailagoa egiten duena. Gutxitan jaso ditut txineratik itzultzeko lan-eskaerak, baina orain dela pare bat aste agentzia batetik idatzi zidaten, nire izena ACEtteko datu-basean aurkitu zutela esanez eta nire tarifen berri galdetuz. Normalean literatura itzultzen dudanez, tarifak guztiz zaharkituta geratu zaizkit eta, webgune pare bat kontsultatu ondoren (Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak eskaintzen dituen zerbitzuen tarifak, adibidez), lagun batengana jo nuen aholku bila. Nire lagunak proiektu-kudeatzaile bezala lan egin du urte luzez eta, gainera, txineratik itzultzen du noizbehinka. Beraz, itzulpen-tarifak argi edukiko zituela pentsatu nuen. Tarifen berri eman zidan, bai, baina txinatarren lehiaren arriskuaz ere hitz egin zidan. Agentzia bateko kudeatzaileak tarifa oso altuak zituela esan omen zion behin nire lagunari; izan ere, Txinako itzultzaile bat berak eskatzen zuenaren herenarekin konformatzen baitzen. Kalitatea ez zen berdina izango, noski, baina bezeroak testuak zioena gainetik ulertu besterik ez zuen nahi eta, beraz, nahiago zuen itzulpen merkeena kontratatu.

Horrelako kontuak entzutean nire alde idealistak pentsatzen du itzulpenaren funtzioaren arabera, bezeroak kalitate hobea edo kaskarragoa bilatuko duela. Baina oinak lurrean jarri eta konturatzen naiz antzeko zerbait gertatzen dela literaturaren kasuan ere: lehenago aipatu izan dudan bezala, Kailasek Mo Yanen itzulpen kaskarrak argitaratu ditu, ingelesetik abiatutakoak edo gaztelaniaz dakien txinatar batek itzuli eta editoreak zuzenduak[1]. Eta ez txineraz dakien itzultzaile onik ez dagoelako, baizik eta hala lan egitea merkeagoa delako. Horri buruz luze hitz egin nuen nire doktoretza tesian, eta editoreekin izandako elkarrizketak oso interesgarriak izan ziren.

Baina, tira, kalitatezko adibideak ere badaude, ezta? Arlo guztietan daude txapuzeroak azken finean. Halere, txineraren kasuan txapuzekin toleranteagoak garela iruditzen zait. Txinera oso zaila baita, mistikoa, exotikoa eta hiru erok baino ez baitute ulertzen (hor doaz, bidenabar, nekatuta naukaten beste hainbat estereotipo…).

Diru eta lan kontuak alde batera utzita, gustua hartuz gero, txinera ikastea bizio bihur daiteke. Gure ikuspuntutik begiratuta horren ezberdina den hizkuntza bat ikasten hasteak kuriositatea pizten digu eta hizkuntza-sistema eta mundu berri batzuen ateak zabaltzen dizkigu. Euskal Herrira itzuliz gero lan bila hasten banaiz ezingo dut sarrera honen izenburuko slogana erabili! Baina ziur jendea txinera ikastera animatzeko argumentu errealistagoak bururatuko zaizkidala.

[1] Iaz txineratik zuzenean itzulitako eleberri bat argitaratu zuten, baina oraindik ez dut esku artean eduki.