Karlos del Olmo
Eguneroko lanean, itzultzaile, interprete eta zuzentzaileok noraezekoa dugu Euskaltzaindiak lexiko alorrean erabaki berri dituenen jakitun egotea (betetzea, gero, norberaren erantzukizuna eta erabakia), eta geure barneko datu baseak eguneraturik izatea ez da beti erraza gertatzen, egunerokotasunak berak autoprestakuntzarako tarterik eskaini ezean. Eginkizun horretan, laguntzaile fin eta maratzak dira UZEIk eskaintzen dituen bi tresna: Hobelex eta IDITE.
Hobelex Microsoft Officerako plugin bat da, eta instalatu ondoren, ortografia eta lexikoa zuzentzen laguntzen digu, euskaraz akats ortografikorik gabe idazteaz gain, lexiko zuzen eta eguneratua erabiltzea bideratzen ere du eta. Zuzentzaile ortografikoa da; hortaz, erratak edo akatsak markatu eta zuzentzeko hautabideak proposatzen ditu.
Hori ez ezik, lexikoa kontrolatzeko bidea ere ebakitzen du —hortxe datza haren ekarririk onuragarriena—: Euskaltzaindiaren arauetan eta Terminologia Batzordearen erabakietan “baztertzekotzat” edo “bigarren mailakotzat” jotako berbak nabarmentzen ditu, bai eta hobetsitakoak edo gomendatutakoak proposatzen ere.
Beste tresna batzuek ez bezala, Hobelexek bermatzen du erakunde arautzaileek etengabe arautzen, hobesten eta baztertzen duten lexikoa erabili ahal izatea, ia unean-unean eguneratzen baitute arduradunek.
Nork bere hiztegia txertatzeko atea ere zabalik du, jakina, eta hori ez da ahuntzaren gauerdiko eztula; dena dela, altxorrik handiena, ezbairik gabe, 130.000 bat lexiko sarreradun euLEX datu-basea da, Euskaltzaindiaren arauak eta Eusko Jaurlaritzako Terminologia Batzordearen erabakiak zein irizpideak baitarabiltza, modu automatizatuan. Hitz edo forma onartuez gainera, bigarren mailakoak eta baztertzekoak ere daramatza, hala, forma hobetsia erakusten du fidagarritasun maila handiz, arau edo gomendioak plazaratu orduko eta ahala, datu-basean txertaturik geratzen dira eta.
Teknika aldetik, euLEMA euskararako analizatzaile morfologiko automatikoa da bion eragilea, berbak analizatu eta sortzeko gauza baitugu. Hori bitarte dela, zuzenduriko berbak deklinatuta eskaintzen ditu.
IDITE beste maila bateko laguntzailea da, harroinean arestikoaren datu-base ahaltsu bera badu ere, bai eta euLEMA analizatzailea ere. Bigarren hau weberako aplikazio moduan dabil, eta berbak idatzi ahala lan egin beharrean, testu osoa (laburra ala luzea) aztertzen du, bai eta haren gaineko txostena eskaini ere: hau da, ohar lexikoak eta hitz ezezagunak batzen dituen zerrenda erakusten du, PDFan esportatu nahiz norberaren zerrendan gordez joateko.
IDITE Euskaltzaindiak berak darabil, berberak emandako arauekiko adostasuna egiaztatzeko.
Nabarmentzekoa da marra aukerakoa duten hitz elkartuetan, lanabes biok beti proposatzen dituztela marradunak.
Presaka jardun beharra edo ikasteko astirik ez izatea, dagoeneko, ez dira akiakula lexikoa “txukun” ez erabiltzeko (hala gura izanez gero, jakina). Zertan esanik ez, estandarizazioa errazago egiteko tresna on-onak dira, bi-biak.
Dirudienez, eta dapoztecoa, sortuz doaz tramanculu technologico on eta valiagarri valiosoac.