Irantzu Epelde Zendoia
Zenbatzaile banaketarien inguruko aipamen hau dator Hualde eta Ortiz de Urbinaren gramatikan (2003: 134):
A distributive numeral is formed by adding the suffix –na to the cardinal numeral, sometimes with phonological adjustments; (…) Eastern varieties also have the unique item bedera ‘one apiece’: liburu bedera ‘one book apiece’.
Bedera banaketariaren inguruko xehetasun gehiagoren bila, galdetegi bidezko inkesta batera jo dut. Inkesta Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean egin da, lehen/ama hizkuntza euskara duten elebidunekin. Bildu diren 240 lekukotasunen artean 4 hiztunek bakarrik erabili dute bedera, eta azkenak, gazteenak, bigarren erantzun moduan. Horrez gain, pentsatzen dut kasualitatea dela, baina datu bat ere badenez, hortxe nola diren kontuak: 22 eta 83 urte bitartekoak dira lau hiztun horiek, eta denak emakumeak. Ez dira hiztun asko, lau, eta segurua da gehiagok ere erabiliko dutela bedera eguneroko jardun normalean –eta beraz, hizketa naturalean–, duda gutxi dugunez. Zeren gure hau ez zen hizketa naturala, frantses-euskara galdetegi batean oinarritutakoa zen, honek dakarren ondorio (txar) parrastarekin. Halere, erantzunak joera batzuen erakusle badirela iruditzen zait, adibideen bitartez suma daitekeenez:
Galdera: (Xabier eta Eneko kontent dira). J’ai leur ai donné chacun un livre.
Erantzunak: (bedera dutenak bakarrik)
Izturitzeko andre bat (83 urte):
Xabier eta Eneko kontent dira. Eman diotet bedera liburu.
Santa-Graziko andre bat (65 urte):
Xabier eta Eneko kuntent tützü. Eman diet bakhotxai librü bede(r)a.
Armendaritzeko andre bat (62 urte):
Xabier eta Eneko kontent dira, bedera liburu eman deet.
Lakarriko neska gazte bat (22 urte):
Lehen erantzuna:
Xabier eta Eneko kuntent tützü. Eman diet bakhotxai librü bat.
Bigarren erantzuna:
Xabier eta Eneko kuntent tützü. Eman diet libri bede(r)a.
Bedera izenaren eskuinean nahiz ezkerrean agertzen da adibideetan, eta hiztun berak ere erabil ditzake posizio biak. Santagraztarraren erantzunean, gainera, bakhotxa eta bedera, biak azaltzen dira, banaketari adiera emateko azken hau nahikoa izango ez balitz bezala.
Beste adibide askotan horixe bera gertatu zaigu -na eta bakotxa-rekin: Bakotxak bina sagar jan dituzte bezalako adibideak uste baino maizago azaltzen dira lekuko arrunten euskara mintzatuan, eta berdin gure galdetegiaren erantzunetan ere, –na atzizkiari banaketari funtzioa ezabatuz-edo joango balitzaio bezala, eta esanahi osoa emateko aldamenean bakotxa/bakoitza indargarriaren akuilua beharko balu bezala.
–Na-dun formak oso bakan azaltzen dira adin batetik behera, eta azaltzen direnean aldakortasun sintaktiko handia dakarte; numero komunztadurari dagokionez behintzat bai. Bakotxa/bakoitza ere ez dabil oso aparte: bakotxak bi sagar jan du / ditu / dute / (di)tuzte eta are gehiago, haizemaile gisa hedatuz hegoak…