Alfontso Mujika
Letretakoa, zientzietakoa edo ez batekoa ez bestekoa bazara ere, ez zaizkizu arrotz. Eskolan ikasi zenituen, eta egunero ikusten dituzu fruta erostera joaten zarenean (gaur, tomatea 2,85 €-an kiloa) edo fakturaren bat iristen zaizunean (135,48 €): tartean koma bat duten zenbaki horiek dira, bi zifraren artean koma bat dutenak. Zer zenbaki-mota da 2,85? Nola deritzo? Eta komatik eskuinera dauden horiek —8 eta 5— zer dira?
Erdaretan, ez dago zalantzarik:
2,85
número decimal / nombre décimal / decimal number
Eta komatik eskuinera dagoen edozein zifra (adibidez, aurreko adibideko 8 eta 5):
decimal /décimal /decimal
Eta euskaraz?
Euskaltzaindiaren hiztegira jotzen badugu, dezimal ez dugu aurkituko, baina hamartar bai.
hamartar izond. Zenbaki, neurri edo pisu sistemez mintzatuz, maila bat azpiko mailako hamar unitatez osatzen dena. Neurri Sistema Hamartarra. Dewey-ren Sailkapen Hamartar Unibertsala.
Definizio hori egokia da, baldin eta zenbaki-sistema horren bidez zenbakikuntza-sistema adierazi nahi bada (DRAE: decimal: Se dice del sistema métrico de pesas y medidas, cuyas unidades son múltiplos o divisores de diez respecto a la principal de cada clase. Le Petit Robert: décimal: Qui procède par dix; qui a pour base le nombre dix. Numération décimale, a base dix.), baina ez gara horretaz ari. Bestela, tomatearen prezioaren adibideko 2 zifra ere (zenbaki horren parte osoa, alegia) zenbaki hamartarra da, zenbakikuntza-sistema hamartarreko zenbakietako bat den aldetik. Eta ez gara horretaz ari, jakina.
Alegia, beste adiera bat eman beharko litzaioke Euskaltzaindiaren hiztegian hamartar sarrerari, edo azpisarrera bat sortu beharko litzateke (zenbaki sarreran, beharbada) baldin eta número decimal / nombre décimal / decimal number euskaraz adierazteko zenbaki hamartar erabili nahiko balitz:
DRAE
número decimal. m. Mat. El que consta de una parte entera y una decimal, separadas por una coma.
(parte decimal. f. Mat. parte fraccionaria. f. Mat. En la representación decimal de un número, la situada después de la coma y que corresponde a un número fraccionario con valor absoluto menor que la unidad.)
Le Petit Robert
décimal, ale, aux. adj. et n.
– Nombre décimal, pouvant s’écrire sous la forme d’ une fraction dont le dénominateur est une puissance de dix. 3,25 est un nombre décimel.
Dena dela, ez gaitezen zorrotzegiak izan Euskaltzaindiaren hiztegiarekin, lehen bertsioan dago eta. Jo dezagun orain haren iturri den Hiztegi Batura. Bigarren bertsioan dago (edo n-garrenean, dagoeneko ez baitu bertsio zenbakiturik. Esan dezagun, besterik gabe, 2014-03-10eko bertsioan dagoela). Hau aurkituko dugu:
hamartar izond.
dezimal 1 izond. ‘hamartarra’ 2 iz. ‘hamarrena’
Hara! Orain, dezimal hitza agertu zaigu (Hiztegi Batuaren lehen bertsioan ez zegoen). Ederki! Aurrera goazen seinale. Eta bi adiera ditu, eta bi kategoria:
– Batetik, izenondoa da, eta hamartar esan nahi du. Hala ere, gorago ikusi dugun bezala, hamartar sarrerak, Euskaltzaindiaren hiztegian duen adierarekin, ez digu balio número decimal / nombre décimal euskaraz adierazteko.
– Bestetik, izena da, eta hamarren esan nahi duela dio. Eta zer da hamarren? Euskaltzaindiaren hiztegiak esaten digu:
hamarren 1 iz. Hamar zati berdinetan banatu den zerbaiten zati bakoitza. Lurraren zazpi hamarrenak. Bost segundo eta hiru hamarren. Olioz oratutako hiru hamarren irin lore.
Ene! Beste arazo bat dugu orain. Oraingoan, hamarren ondo definituta dago Euskaltzaindiaren hiztegian, nire ustez, baina Hiztegi Batuan dezimal hitzari, izen kategoriarekin, hamarren esanahia esleitzea dezimal hitzaren esanahia erabat kamustea da (eta ezertarako behar ez dugun sinonimo bat ematea). Izan ere, hauxe da hamarren gaztelaniaz eta frantsesez:
DRAE
décimo, ma. (Del lat. decĭmus). (…) 2. adj. Se dice de cada una de las diez partes iguales en que se divide un todo. U. t. c. s. m.
Le Petit Robert
dixième. Adj. fractionnaire. Se dit d’une partie d’un tout également divisé ou divisible en dix. ◊ N.m. Neuf secondes trois dixièmes (ou 9 s 3/10). La fièvre a baissé de deux dixiémes (de degré).
Alegia, gure bi auzo-erdaretan, decimal/décimal ez da décimo/dixiéme-ren sinonimoa. Eta, bestalde, bada decimal/décimal erdal hitzaren adiera bat, izen kategorian, guztiz beharrezkoa eta Hiztegi Batuan ageri ez dena:
DRAE
decimal. 5. adj. Mat. Se dice de cada uno de los dígitos que aparecen a la derecha de la coma en la notación decimal de un número. U. t. c. s. m.
Le Petit Robert
décimale. – nom féminin. Chacun des chiffres placés après la virgule, dans un nombre décimal. 3,25 a deux décimales : 2 est la première, 5 la seconde décimale.
Hori definitzea eta horretarako hitza falta dira Hiztegi Batuan eta Euskaltzaindiaren hiztegian, eta hor ari dira itzultzaile batzuk —Administrazioan, adibidez—, borondatez onez, hamartar orohartzaile eta nahasgarri hori erabiltzen, eta irakasle asko ere bai, irakaskuntzan, horixe aurkitzen baitute eskola-material ez gutxitan. Eskatu Googlen “bi hamartarrekin”, adibidez, eta ikusi emaitzak.
Konponbide errazeko kontua da, eta espero dut Euskaltzaindiaren hiztegian dezimal hitza definitzen dutenean konpontzea orain Hiztegi Batuan dagoen arazoa eta hutsunea.
EIMAren estilo-liburuan, Zientzia eta teknikako euskara arautzeko gomendioak liburukian, garbi adierazita dago proposamena. Beraz, uste izatekoa da aurrerantzean eskoletan ere onbideratzen joatea orain dagoen saltsa-maltsa. Hau da bidea, EIMAren liburutik laburtua:
Gaztelaniaz eta frantsesez, decimal/décimal terminoak bi adiera ditu: sistema decimal vs cifra/dígito decimal eta système décimal vs chiffre décimale. Euskaraz bereiztekoak dira bi terminoak, zein bere adierarekin.
Zenbaki-sistemari dagokion kasuan, euskaraz hamartarra erabiliko dugu:
Zenbaki-sistema hamartarraren oinarria 10 zenbakia da.
Sistema hamartarra (eu) = sistema decimal (es) = système décimal (fr) = decimal system / decadic system (en)
(…)
Aldiz, cifra decimal eta número decimal adieran, zifra dezimala eta zenbaki dezimalduna erabiltzea gomendatzen dugu (edo dezimala soilik):
Bi zifra dezimal ditu 3,51 zenbaki dezimaldunak.
Bigarren kasu horrekin ados, dezimalen koma eta parte dezimala esango dugu, eta baztertu egingo ditugu koma hamartarra eta parte hamartarra terminoak.
Beraz, artikuluaren hasierako tomataren prezioa zen 2,85 € hartan, 2,85 zenbaki dezimaldun bat da, dezimalak dituelako; bi dezimal, zehazki: lehen dezimala (hamarrenei dagokien dezimala, alegia) 8 da, eta bigarren dezimala (ehunenei dagokien dezimala, alegia) 5 da. Letretakoa, zientzietakoa edo ez batekoa ez bestekoa bazara ere, aplikatzen erraza, ezta?