Maialen Marin Lacarta
Orain arte kaleratu ditudan itzulpenetatik, lau liburu denera, batean bakarrik galdetu zidaten ea zer nolako liburu-azala gustatuko litzaidakeen eta ea estilo, tonu edo gaiaren aldetik proposamenik ba al nuen. Izan ere, ez da ohikoa izaten horrelako kontuetarako itzultzailearen iritziarekin kontatzea.
Mo Yanen liburuaren itzulpena bukatu eta azken bertsioa entregatu genuenean galdetu ziguten Aiora Jakari eta biori ea azalerako proposamenik ba al genuen. Ilusio handia egin zidan galdera hori jasotzeak, eta berehala eman nien erantzuna: “Emakume txinatar sexirik ez, mesedez. Landa-estiloko zerbait, basarto-larrea baita liburuko irudi nagusietako bat. Kolore gorrixkek edo lurraren koloreko tonuek ere ondo emango lukete.”
Berehala etorri zitzaidan burura 2009an ingelesez argitaratu zen itzulpen baten adibide lotsagarria. Itzulpenaren azala kritikatu baino lehen, hona hemen bi argitaletxe ezberdinek kaleratutako jatorrizko liburuaren azala:
Liburu honek 1957-1960 artean, eskuindarren aurkako kanpainan, Txina ipar-mendebaldeko lan-esparru batean bizi izan ziren hamahiru pertsonen istorioak kontatzen ditu. Gai nagusia gosetea eta sufrimendua dira, beraz. Hamahiru istorio hauek erreportaje moduan daude kontatuta eta biziraun zuten pertsona horiei egindako elkarrizketetan oinarritzen dira. Oso istorio krudelak dira, eta kanibalismo-eszenak ere ageri dira. Liburu-azal txinatarrek sufrimendu hori islatzen dute: aurpegi gris eta zimurtu bat lehenengoaren kasuan, eta kobazulo bat bigarrenean; Jiabiangou lan-esparruan presoek babesteko erabiltzen zituzten kobazuloak irudikatu nahian, ziur asko.
Eta hemen, berriz, ingelesez argitaratutako itzulpenaren azala. Izenburuak eta irudiak oso istorio ezberdina kontatzen digute:
Aukeratutako irudia ez dago inolaz ere liburuaren gaiarekin lotuta. Beraz, azala ikusi eta liburu hau erosten duen irakurlea guztiz engainatuta sentituko da istorio hauek irakurtzen hasten denean.
Zoritxarrez, horrelako irudiak maiz ikusten ditugu txinatar literaturaren kasuan. Hurrengo bi hauek Qiu Xiaolongek idatzitako bi detektibe-istorio dira:
Qiu Xiaolong Estatu Batuetan bizi da eta ingelesez idazten du. Gorago ikusten ditugun bi azalak Erresuma Batuan kaleratutako edizioak dira. Beraz, hau ez da itzulpenekin soilik gertatzen.
Liburu baten azala, Gérard Genettek paratextuari buruz esan zuen bezala, atalase edo atari moduko bat da: irakurlea bertara iristen denean, atea zeharkatu ala ez erabaki behar du. Trantsizio-lekua izateaz gain, transakzio-lekua ere bada; liburu baten azala ez baita irudi edo leku pasibo bat, irakurlearengan eragina izango duen estrategia bat martxan jartzen den lekua baizik. Horregatik dira liburu-azalak horren garrantzizkoak atzerriko literaturen diskurtsoaren eraikuntzan, eta horregatik iruditzen zait ekimen ona editoreek, beldurrik gabe, itzultzailearen iritzia ere kontuan hartzea.