Eskerrik asko ekitaldira etorri izanagatik

Jesus Mari Makazaga

Motibatiboko –GATIK postposizio-atzizkia erabiliz osatzen diren kontzesio-moldeak izan nahi ditut hizpide gaurko jardunean: nola osatzen diren ezagun samarra da gehienontzat, gehiago edo gutxiago erabili, baina beharbada hain ezagunak ez diren kontu batzuk ekarri nahi ditut hona.

Esan bezala, ezaguna da nola osatu izan diren jeneralean kontzesioa adierazteko molde hauek, motibatiboaren postposizioa aditz-partizipio mugatuari lotuz:

      -TU + -A + -GATIK

      aurkituAgatik              helduAgatik

      emanAgatik                erosiAgatik

Esparru geografiko zabal samarra hartzen du menderagailu honek: mendebaldeko nahiz ekialdeko lekukotasunak agertzen dira literatura-tradizioan. Ikus ditzagun batzuk:

Zahar gaixtoak, zahartuagatik, badu gogoa, indarra zaika falta (Axular).

Larru-gorrian ibilliagatik, etziran batere lotsatzen; Etzuen alabaña gaitzkirik, ez eta gaitzerako griñarik ta gogorik (J.A. Ubillos).

Gazte-gazterik asi nitzan da orañdaño bitartian zenbait umore eder jarri det Kantabriako partian; pixka batian ez naiz aztuko sartuagatik lurpian, nere aitamenak izango dira beste larogei urtian (Txirrita).

– Ttipia izanagatik, ez du batere gaixtoa iduri laborantzako (J. Etchepare).

– Amaika begiratu egiña neskatxai kale-eskiñan, diruz pobriak izanagatik ortatik osatzen giñan (Uztapide).

Mugatzailerik gabeko formak ere erabili izan dira kasu bakan batzuetan ekialdeko tradizioan:

Bere itsas-hegia ttipisko izan gatik zabalerat, hirixka pollit bat da Zarauz, eta ikusgai hanitz baduena, ez balu ere Espainiako aberatsen ospa baizik erakusteko (J. Etchepare).

Otologaray ere da gizon hautua, guti mintzatu gatik, hoberen burua (Hiribarren)

Bai eta genitiboaren gainean eraikitako moldeak ere (-TUARENGATIK); ez da lekukotasun idatzirik, baina bai, nonbait, ahozkorik:

Ibilliangatik (ibilliarengatik) eztet aurkitu (Alzo)

AN atzizki espletiboarekin ere erabili izan da hura erabiltzen den erdialdeko esparruetan (-TUAGATIKAN):

Arrantzale jendia beti dabill justu, saiatubagatikan ezin aberastu (Arrantzaleen bizitza, 26)

Apaiz gizajoak, bera laguntasun premian arkituagatikan, lagundu eta animatutzen zuan bere illoba (A. Apaolaza).

Hedatua dagoen menderagailu kontzesiozkoa jokatugabea da, zalantzarik gabe: –TUAGATIK. Nolanahi ere, esan behar da dagokion forma jokatua ere erabili izan dela inoiz euskararen literatura-tradizioan (-ENAGATIK); hona adibide parea:

Zeren (…) zahar naizenagatik bizi ninteke (Axular, Gero, 130)

Berhain, ezein ere gizon zegoenagatik, hara joan zen (F. Krutwig, Igibarziaren iphuinak, 66)

Edozein kasutan, ez dago esan beharrik ez dela bide emankorra izan, eta ez dirudi gaur egungo euskara baturako gomendatzekoa denik.

Beste balio batzuetarako ez da zalantzarik baliagarria dela menderagailu konplexu hau, batez ere era honetako perpaus erlatiboetarako:

Arestian aipatu duzunagatik aritu dira gaizki-esaka. (= duzun lagunagatik)

Bai eta, kutsu klasikoagoa izan arren, beste erabilera helburu-baliodun hau:

Behar diogu gure etsaiari barkhatu, guri ere geure Jainkoak barkha diazagungatik (Axular, Gero, 222).

Oso ohikoak dira kontzesio mota honetan (guztietan, egia esateko) ERE lokailuak indartutako kasuak, kontzesio-balioa behar bezain argi geratu ez den kasuetarako edo:

Monicak, jatorduaz kanpora egarriak itotzen zegoela esanagatik ere, ura ukatzen zion (A. Kardaberaz).

Bere burua beizik nihor ezin maita, Izanagatik ere ama edo aita (Zaldubi).

Ala irudituagatik ere, ez naiz aske (Txillardegi).

Indartutako formak lortzeko beste modu bat da, adibidez, perpaus nagusian lokailu aurkaritzako bat txertatzea duten kasuak ere: hargatik, ordea, eta abar. Hona nola:

Jendek izanagatik gutaz erraiteko, hargatik sort herria ez dut mendratuko (Xalbador).

Zurginak zura lantzen eta aphaintzen duenean, aurkituagatik gainaldea, azalari datxekana arrazatua, eta pipiztatua, eztu hargatik antsiarik, baldin bihotza, barrenaldea, on eta fin edireiten badio (Axular).

Gaur egungo erabileran oso hedatua ez dagoen arren, merezi du aipatzea ezezko forma osatzerakoan sar daitekeela ezeztapen-partikula aditz-partizipioaren eta postposizio-atzizkiaren artean:

ADITZ-PARTIZIPIOA + EZ + aGATIK:

Ekarri ezagatik ezertxo etxera, beñik beiñ pasatzen da umore ona (F. Arrese Beitia).

– Zuk ezer ekarri ezagatik, maian beti jarri dizut eguneroko ogia (P.M. Urruzuno)

– Baserritarrak au guztiau jakin ezagaitik miraritu gindekez apurtxo bat (Pizkunde zale bizkaitarra, 72)

Nolanahi ere, bitxi samarra irudituz gero gaur egungo erabilerarako, molde hedatuagora jo genezake:

EZ + ADITZ-PARTIZIPIOA + aGATIK

Eta pontu hunen gaiñean gauza bat erran nai deratzut: iakin behar duzu ezen zuk zeure etsaiari ez barkhatuagatik, eztela handik segitzen, baldin hark bere aldetik bere eginbidea egiten badu, eztioela hari Iainkoak barkhatuko (Axular).

Berak ez izanagatik ere oro gure erlisione berekoek, eder eta ohoragarri zaizkote elizan eta kanpoan gure Fedeaz ematen ditugun ageri guziak (Zalduby).

Aditz-izenari ere lotu izan zaio –GATIK postposizioa kontzesioa adierazteko (-TZENAGATIK), baina esango genuke erabilera arkaikotzat jo daitekeela (noiz, eta Leizarragaren garaian, eta, are gehiago, haren testuetan bakarrik aurkitu ditugu menderagailu horren adibideak):

Eta hark etzuen deus egin nahi ukhan denbora luzez: baina gero erran zezan bere baithan, Iainkoaren beldur ezpanaiz ere eta nehorzaz konturik ez egitenagatik: (J. Leizarraga, Testament berria, 141).

Ihardets zezan Iesusek eta erran ziezen, Nik neurorzaz testifikatzenagatik sinhesteko da ene testimoniajea: ezen badakit nondik ethorri naizen, eta norat ioaten naizen: baina zuek eztakizue nondik ethorten naizen, ez norat ioaten naizen (J. Leizarraga, Testament berria, 77).

Gaur egungo erabileran aditz-izenari ere lotu dakioke –GATIK postposizioa, baina denok dakigun bezala, beste balio bat hartzen du halako moldeak, kausa-helburuzkoa:

– Gaizki portatzeagatik zigortu naute.

– Eskerrik asko etortzeagatik.

Balio beza azken adibide honek gaur egun egiten den erabilera oker baten haritik tira egiteko.

Zenbat aldiz ikus-entzuleen presentzia eskertu nahian (eta aditzaren burututasuna markatu nahian) ez ote den erabili honako esaldi hau:

  • #Eskerrik asko ekitaldira etorri izanagatik.

Ez dira gutxi halako esaldiak erabili izan dituztenak, baina ez dute kontzesio-balioa adierazi nahi, kausazkoa baizik; alegia, ez dute esan nahi ‘eskerrik asko, nahiz eta etorri/etorri arren’, baizik eta ‘eskerrik asko, etorri zarelako’. Kontua da, ordea, halako erabilerak, halako forman, ez duela tradiziorik, berrikuntza dela: IZANAGATIK hori kontzesioa adierazteko bakarrik erabili behar da; nolabait esateko, “okupatuta” dauka erabilera hori, eta erabilera horrek okupatuta dauka IZANAGATIK forma jokatugabea, eta ez du beste erabileretarako balio. Kausa adierazteko, hortaz, badira bestelako menderagailu batzuk, jokatu nahiz jokatugabe, baina ezin erabil genezake IZANAGATIK[1]. Hona pare bat forma:

  • Eskerrik asko liburu-aurkezpenera etortzeagatik.
  • Eskerrik asko liburu-aurkezpenera etorri zare(te)lako.

Badu, dirudienez, –GATIK honek ARREN-ekin paralelismorik; bi kasuetan, mendekoaren balioa aldatu egiten da hartzen duen oinarriaren formaren arabera.

ARREN KONTZESIOA
HELBURUA / KAUSA
-tu arren
-tzearren
-GATIK KONTZESIOA
KAUSA / HELBURUA
-tuagatik
-tzeagatik

 

[1] # marka erabili dugu goiko esaldian, adierazi nahian esaldi hori berez gramatikala dela formaz, baina ez dela egokia erabili nahi den baliorako.

15 erantzun “Eskerrik asko ekitaldira etorri izanagatik” bidalketan

  1. Eskerrik asko artikulu argigarri honengatik.
    Pertsonalki, ni ez naiz kasu-marka bera elkarren kontrako bi esanahirekin (kausazkoa eta kontzesiboa) erabiltzearen batere zale, dena den. Esanahi-aldea handiegia iruditzen zait bereizgarri erlatiboki txiki baten (kasu-marka bera eta, aurretik, partizipioa/aditz-izena) baitan uzteko.

  2. Aristegieta jauna, ez da ezer uzten, dagoena da, hizkuntzak duen egoera, besterik ez. Gaur egun, izanagatik ez da kausazkoa euskaraz. Zaletasun pertsonalak direla bitarte, kausazko balioa emateko iritzi-ildo bat bultzatu nahi duena, libre. Nik ez dut horren beharra ikusten. Eta ez dut uste jokatu beharko genukeenik laborategi esteril eta hotz batean erabakiak hartzen ariko bagina bezala: kasu-marka hau honetarako, beste hori, beste horretarako…. Ez eta, diglosiaren aje guztien aurrean, LSD gaindosi baten eraginpean begeunde bezala ere: http://www.argia.eus/blogak/josune-azurmendi/2014/11/17/zakarretara-bota-behar-banauzu-gehiegi-erabili-izanagatik-izan-dadila/

  3. Zurea irakurrita, zalantzan jarri dut, intuizioz, zure amaierako gaitzespena: -TU+(IZAN+)A+GATIK egiturak soilik ‘oztopo’ balioa, balio ‘kontzesiboa’ izan lezakeela euskaraz, ‘ez duela beste erabileretarako balio’, bereziki ‘kausa’ adierazteko. Halako erabilera kausalak, ‘gaur zabaltzen ari bide denak’, ‘ez duela tradiziorik, berrikuntza dela’ gurean. Maiz iruditu izan zaizkit arriskutsuak halako gaitzespen orokorrak, eta gure tradiziozko corpusera jo dut gainetiko arakatze bat egitera.

    Bizkitartean gogoratu dut Euskaltzaindiko Gramatika Batzordeko idazkari izan ohi zarela, eta EGLU-VIIn behintzat, txostengile ere bai, eta hara jo dut (berriro) begiratzera zer ote zioen, eta jabetu naiz zure ekarpen hau hangoen laburpena zintzoa-edo dela (agian zerori ere izan zinelarik txostengileetako).

    Nik pentsatu ohi dut adizki jokatugabeetan aditz izenaren gainean osaturiko formak (-TZE+…), berez aspektu burutugabekoak izanik ere, forma neutro gisa erabili ohi ditugula, hala ekintza/gertaera/egoera burutuak adierazteko, zein burutugabeak: Hori (aurretik) egiteak ekarri zion saria. / Hori (hemendik aurrera) egiteak ekarriko dio saria.

    Ordea, hiztunak espres adierazi(/azpimarratu) nahi izan duenean aditz jokatugabeak adierazten duen delako ekintza/gertaera/egoeraren burututasuna, orduan erabili ohi duela espres partizipio burutuko forma (maiz izan partizipioarekin batera), aditz izena erabili ordez. Hala: Hori (aurretik) eginak / egin izanak ekarri zion saria. Azken hau nolabait forma ‘markatuagoa edo’ litzateke. Eta ‘burututasun’ hori bera, arruntena izango ez bada ere, are adierazi liteke hala moduz etorkizunean ere Hori (hemendik aurrera) eginak / egin izanak ekarriko dio saria, bereziki azpimarratu nahi izanez gero, saria soilik lortuko dela aditz jokatugabeak adieraz adierazten duen delako ekintza/gertaera/egoera burutuz gero.

    Eta hala euskaraz izenak hartu litzakeen hondarki guztiekin ere: -TZE… = burutugabea = neutroa vs. -TU+(IZAN)… = burutua = bereziki burututasunean ‘markatua edo’. Hala: egiteaa/egin(izan)a / egiteari/egin(izan)ari / egitearekin/egin(izan)arekin / egitearen/egin(izan)aren / egitetik/egin(izan)etik…
    Baina eta baita ere artikuluaren gaia den egiturarekin: egiteagatik = burutugabea = neutroa vs. egin(izan)agatik = burutua = bereziki burututasunean ‘markatua edo’. Eta hala:

    • Hori (aurretik) egiteagatik saritu zuten = burutugabea = neutroa vs. Hori (aurretik) egin(izan)agatik saritu zuten. Edo, bitxiago izaki ere:
    • Hori (hemendik aurrera) egiteagatik sarituko dute = burutugabea = neutroa vs. Hori (hemendik aurrera) egin(izan)agatik sarituko dute = burutua = bereziki burututasunean ‘markatua edo’ etorkizunean.

    Hori zen nire intuizioa. Eta beldur pixka bat hartu dut jabetzerakoan EGLU-VIIk (ere) hala dioelako (152 or.): «Gauzak gisa honetara izan dira beti. Etorri izanagatik, uste izanagatik eta holakoak perpaus kontzesiboak dira […], hori da perpaus horien balioa. / Guzak horrela, ustezko logika baten eraginez, aspektu bereizketa perpaus hauetara eraman nahiak, okerra eta nahastea besterik ez dakar. -TU(IZAN)agatik formako perpausa ‘gordea’ dago aspalditik kontzesiboetarako. Esparru hori ezin zaio ukatu.»

    Eta noski, ezin zaio ukatu. Areago izanagatik forma ‘libre’ erabiltzean aditz oso gisa -eta ez laguntzaile-. Baina are aditz oso gisa ere uste dugu erabili litekeela / erabili ohi dela kausazko gisa.

    Sorpresa eta ezusteko handia eraman dut gure tradizioko corpusak begiratzean. Orokorrean ondo estimatu ditut EGLU lanak, areago data batetik aurrera OEHko corpusak erabiliz osatutakoak, nahiz maiz izan dudan zalantza, edo ziurtasuna, gure tradizioko corpusean nahikoa gauza gehiago dagoela EGLUetan agertu baino. Eta kasu honetan behintzat/ere agerian. Ez dut sistematikoki arakatu corpusa. Soilik IZANAGATI(K) eta -TUAGATI(K) egiturak, eta ezta ere hauetako adibide guztiak patxadaz irakurtzeko moduan. Hala ere 15 minutuan egin naiz ondoko 16 adibide guztion jabe: Pouvreau, Axular, Kapanaga, Kardaberaz, Mendiburu, Jokin Lizarraga (bi adibide jaso ditut baina asko eta asko ditu), J.A. Mogel, Lardizabal, Tx. Agirre, A.M. Labaien, J. Etxaide eta abar). Aipatu bi egiturak lasaiago begiratzeaz gain, begiratu beharko genituzke modu bateko edo besteko -GATIK hondarkia erantsita duten aditz partizipio guztiak (besteak beste -DU, -N, -I eta beste amaituak, IZANen bestelako grafiak…). Izan bitez ba ondoko adibideak aurrekari. Eta pena dut uste bainuen azken EGLUetako lanak finago burutuak zirela. Edozelan ere, eskerrik asko ohar hau irakurri izanagatik, honaino iritsi bazara.

    -TU+(IZAN+)A+GATIK egitura kausalaren zenbait ADIBIDE TRADIZIOTIK:

    1. Arratsean, gogoan erabil etzazu Birjina garbi haren hersturak haren Seme benedikatuak gau hartan guzian frogatu zituen barreneko doloreakgatik, isuri zuen odolezko izerdiagatik, eta baratsean haren hartu izanagatik. (Pouvreau, Gudu espirituala)
    2. Eta nola zahartuagatik, hezurrak gelditu baitzaizkitzu, hala gelditu zaizkitzu usantza, aztura, eta handik sortzen diren mugidak, abiadurak, eta inklinazino gaixto guztiak ere. (Axular, Gero)
    3. P: Nok ordenadu eban Pater nosterren oraziñoa. R: Iesu Kristo berak Apostoluak eskatuagati. (Kapanaga, Dotrinea)
    4. O! Ta zenbat gizon andi jakinsu, Jainkoarekiko prestu, ta santu ziranak, anre bategatik, edo itzketa aurreregi artuagatik, deabruak aiñ aisa bide orretatik galdu dituen! (Kardaberaz, Ejerzizioak I)
    5. Zu nigan ikusi, ta damuz, ta pozez nere biotz au urtu bedi: damuz, zure Ontasuna ofendituagatik; eta pozez, gaur niri zuk egin didazun mesede onegatik. (Kardaberaz, Ejerzizioak III)
    6. …: gazteak, ez anditzen denean, ta ez zartuagatik, utziko ditu bere gazte oitura gaistoak; … (Mendiburu, Jesusen amore-nekeei… I)
    7. San Franzisko Salesek dio ikusi zuela Santa Katalina Senakoak infernuan anitz kondenatuak, ez guardatuagatik bear den honestidade, moderazioa ta dezenzia matrimonioan. (J. Lizarraga, S. Joanen Ebanjelioa)
    8. …: eta beraren bedeizioareki itzuli zire Enperadoreagana, zeñek errezibitu ta honratu zitue ongi ongi kunplituagatik beraren mandamendua. (J. Lizarraga, Sainduen bizitza)
    9. …; enzuten nituanean Pulpitoetatik, nola bata ta bestea kondenatu ziran bekatua beldurrrez ez agertuagatik, ikaratzen nintzan, etortzen zitzaiztan gogora txikitako bekatu loi edo itsusiak; … (J.A. Mogel, Konfesio ta Komunio…)
    10. Pagatu ez duanak zoorren bat, edo diru gaiztoarekin pagatu duenak, pagatu bear du anbat lasterren señalatuta zegoan epean edo, denporan ez pagatuagatik. (J.A. Mogel, Konfesio ta Komunio…)
    11. Aitaren neskame batek senarraren iltze onekin arpegian eman zion, aditzera emanaz, senar gabe bere gaizto-izanagatik geratu zala. (Lardizabal, Testamentu zarreko…)
    12. Berea zuan baserria, bereak lurrak, berea basoa Lan gogorrean bizi izanagatik artara oitua ta berez gogotsua zalako, etzeukan ogi gabe gelditzeko bildurrik. (Tx. Agirre, Garoa)
    13. Etsaiak zuek zerate. Guk euskaldunak izanagatik Españako legezko agintaria eta zuek berriz ez! (A.M. Labaien, Lurrikara)
    14. Ontan buru zetortzin Roldan eta besteak erailak izan ziren erruki gabe. Rolland ohoin aien aintzindaria zen, ez degu beraz goretsi bear aren izena ta are gutiago egintsaria, euskotarrena baizik, ta abena, ez garaituagatik, gogor eginagatik baño, erria aldezten zuten eta, Rolland eta lagunak xeakatzearekin. (Gurbindo, Kazetari lanak)
    15. Gudalbururik izentsuenak / dakarzte beti onuntza; / naiko jendea guda tresnakin, / berak nai aña dirutsa / izanagatik; alare beti / euskoentzat nagusitza. // Guda izkillu ausartsuena bai da euskaldun biotza! (J. Zubimendi, Zumalakarregi)
    16. Aristotelesek ere ala uste zuen, baiña filosofu ona zenez, ba-zekian orrekin etzuela Jainkoaren bearra ukatzen; bestalde, Aristotelesen garaian Jakintzak atzera-samar zebiltzan, eta ala barkakizun da ori uste izanagatik. (J. Etxaide, Alos torrea)

    1. Eskerrik asko zuri ere iritzia plazaratzeagatik, Hidalgo jauna. Euskaltzaindiaren gramatika berriari begira baliagarriak izango zaizkigu hor bildutako testigantzak eta argudiabideak, niri ez ezik Gramatika Batzordeari ere (hura baita, txostengileak txostengile, gramatikaren egilea).

      Alde batera utzirik iruzkin pertsonalegi batzuk lekuz kanpokoak iruditu zaizkidanak, eta adibideotariko batzuen zalantzagarritasuna, funtsean, ados zure ekarpenarekin: esan bezala, ukitu bat eman beharko zaio –eta diot– kontuari hemendik aurrerako lanetan.

      Oro har, hala ere, ez dirudi inola ere arrazoi nahikoa erabilera hori gomendatzeko gaurko estandarrean.

      1. Zenbat adibide tradiziozko beharko dira ba, zure ustez, batez beste, ohiko erabilera bat gomendatzeko, edota azkenean berdina bihurtzen dena ‘ez gaitzesteko’?
        Nik segi beharko det adibideak bilatzen?
        Tartea eta egokiera izanez gero, egingo det, eta emango dizut berri.

        Ondo izan

        Bittor

  4. Esanak esan eta tradizioak tradizio, badakizu zuk ere -TUAGATIK-en azken 50 urteetako erabilera erabatekoa (“ia erabatekoa” jarriko dut badaezpada ere?) kontzesiozkoa dela, tradizioko datuak aztertzen eta kuantifikatzen hasi beharrik gabe.

    1. Zuk ere jakingo duzu, Jesus Mari, ez dala hain zuzen gure azken 50 urte hauetako ‘hegoaldeko batuko’ erabilera bai ugaria, eredugarriena izan, eta bai maiz asko ‘gure ezjakintasunetik’ eta tradizioaren ezezagutzatik abiatutakoa. Ezinbestean izan bada ere, Eta egia da euskararen batasuna faktikoki bai ari garela maizegi egiten egiten hegoaldeko azken 50 urte hauetako erabilera esklerotiko eta ia soilik ‘giputzaren’ gainean.

      Zorionez Euskaltzaindiak eredu horren aberaste eta ‘batze’ benetakoago baten bideari ekin dio azken hamarkadetan, hain zuzen ‘tradizioari’ helduta (kasuan, tradizio idatziari). Hortik OEH euskal tradiziozko corpusak eta ‘ustez’ behintzat EGLU argitalpenak.

      Euskaltzaindiako Gramatika Batzordeko idazkaria etortzea orain defendatzen bera(ie)k ‘tradizioko datuak aztertzen eta kuantifikatzen hasi beharrik gabe’ eratzen ditu(zt)ela bere iritziak, ez dut uste denik euskaldunok 2015ean merezi dugun tratua. Are gutxiago, zuk eta EGLU VIIak, hitzez hitz diozuenean, egiarik gabe, “Kontua da, ordea, halako erabilerak, halako forman, ez duela tradiziorik, berrikuntza dela”, eta EGLUk ere batere zalantzarik gabe (152 orr.): “Gauzak gisa honetara izan dira beti.”

      Eta nik bestelako adibide batzuk aipatuta, esango didazu, orain ez zaiola tradizioari begiratu behar. Horixe egiten zuen Sabinok, hori Resurrección Mariak. Bide horietara itzuli gara? Edo Mitxelenak defendatutakoetara? Ze irizpideak aldatu badira, argitu egin beharko duzue zergatik.

      Ze fidagarritasun mereziko digu Gramatika Batzordearen lanak esaten badigu ez duela jada gure tradizio idatzia kontuan hartzen? Edo egia esaten ez badu tradizio honi dagokionean?

      Gure tradizioan, eta seguru asko inguruko hizkuntzetan ere (behintzat bai espainolez), esaldi / partikula kausalen erabilera oso erraz luzatu da erabilera kontzesibo oztopo jartzailera. Ikusi esate baterako HORREGATIK b) sarrera OEHn (ap. hori), edota hargatik 1. sarrera osoa. Zein da nor hizkuntzaren / giza pentsamenduaren berezko errekurtsoak murriztera etortzeko ‘berari/beraiei hala iruditu dakiekeelako?

      Orain diozu tradiziokoa ez baina azken 50 urteetako -TUAGATIK egituraren erabilera (‘ia’ erabatekoa), kontzesiboa izan dela. Baina hori ere ‘zure’ baieztapena baino ez bide da. Zure arrazoitze bakarra da ‘nik ere ba omen dakidala hori’. Zer egin behar dut berriro, Gramatika Batzordeak errepasatu ordez azken 50 urte hauetako erabilera (eta batez ere noski, tradiziozkoa, hor daukagulako batasuna, ez ahaztu), nik errepasatu behar dut?

      Eta ez dakit emaitza, baina egingo dut.

      Hemen ba -soilik- -TUAGATIK egituraren erabilera kausal zenbait EREDUZKO PROSA GAUR corpusetik (ez -NGATIK, -IGATIK…):

      • Hurbildu ziren inguruko emakumeak eta amaren jaiera-falta madarikatzen zuten, alaba errugabeari gertatuagatik. [Asisko Frantzizko, Asisko Klara, / Askoren artean (Arantzazu, 2002, 445)]
      • Lehen, legendunekin tratua izateak ez ezik, haiek urrundik ikusteak berak ere izu ikaragarriz betetzen zuen; orain, berriz, Kristo gurutziltzatuagatik – zein, profetak esandako erara, legendun bezala mespretxagarri azaldu baitzen – eta bere burua zeharo mespretxatzearren, legendunei on egiten zien errukitsu, bere zerbitzu apal eta gizatasunezkoak eskainiz. [Asisko Frantzizko, Asisko Klara, / Askoren artean (Arantzazu, 2002, 744)]
      • Lurra dardaratu egin zen hango bizilagunei gertatuagatik, eta Jakoben ondorengo guztiak ahalkez gorritu ziren. [Elizen arteko Biblia, Askoren artean (Idatz, 2004, 1 M 1,28)]
      • Antioko IV.a erregearen hezitzaile eta ahaide zen Lisias gobernuburua oso haserre zegoen gertatuagatik. Handik pixka batera,… [Elizen arteko Biblia, Askoren artean (Idatz, 2004, 2 M 11,1]
      • Hil aurretik jakin zuen nola hondatu zuten Ninive eta ikusi zituen Kiaksarek, Mediako erregeak, Mediara erbesteratutako ninivetarrak. Tobiasek Jainkoa goretsi zuen Ninive eta Asiriako jendeari egin zionagatik, eta hil aurretik poztu ahal izan zen Niniveri gertatuagatik, eta Jainko Jauna goretsi zuen menderen mendetan. [Elizen arteko Biblia, Askoren artean (Idatz, 2004, Tb 14,15)]
      • […] hondarrean ezen azala dela barrena, eta barrena azala… harik eta, halako batean, berez eta halabeharrez, gauza bakoitzak bere lekurat egiten duen arte – azalak azalerat eta mamiak mamirat -; eta ohartzen gara orduan ezen gure lohia eta gure ustela ez dela bertze alderat behatuagatik desagertzen, eta geure lohiarekin eta geure ustelarekin egin behar dugula aitzina – geure mugetarik eta geure hauskortasunetik -, eta besoak ditugula, geure muga horiei buru egiteko, zeren, geure deusezetik bertze deusez bat amoroski besarkatzen dugunean, erortzen dira mugak eta loratzen zaigu bihotzean eguzki […] [Lur bat haratago, Joan Mari Irigoien (Elkar, 2000, 295) ]
      • Gai honi dagokionez, Ernst H. Gombrichen lana aipatuko dugu berriro, haren L’Art et l’illusion lan klasiko handia, besteren artean, ereduzkoa baita han erakusten duen jarrera ñabarduraz bete eta ongi arrazoituagatik. [Irudia, Jacques Aumont / Josu Zabaleta (EHU, 2004, 186)]
      • Ez nekatu gehiago bururik horrekin, hire asto motela ez baita joango egurtuagatik bizkorrago. [Hamlet, William Shakesperare / Juan Garzia (Ibaizalbal, 2002, 194)]
      • Kasu egiten ez zidatenean, batzuetan ez ulertuagatik eta besteetan nire kalterako zelako, haserre bizia erakusten nien zerbitzariei mendeko ez nituelako eta etxekoei kasurik egiten ez zidatelako, eta negarrez hasten nintzen mendeku gisan. [Hainbat idazlan, San Agustin / Imanol Unzurrunzaga (Klasikoak, 2003, 215)]
      • Gero, haien segadaren berri jakitean erratuagatik poztu ginen Jaungoikoari eskerrak emanez. [Hainbat idazlan, San Agustin / Imanol Unzurrunzaga (Klasikoak, 2003, 343)]
      • Berak leial jokatuagatik lortu zuen gobernadore kargua Azov hirian. [Itzarri nahi ez zuen printzesa, Felipe Juaristi (Alberdania, 2002, 125)]
      • Ez nintzen ere ari izan Toledoko Artzapezpikua ikustez bederen ezagutuagatik, baina hobengabea zela sumatzen nuelako, ezen ikus nezakeen errazki, Erregek gain gainetik maite zuela, hainbeste bermatzen zenaz geroz haren defentsarako, ez baitzuen hori eginen Errege Katolikoak, uste izan balu fedea ukatua zuela gure gizonak. [Enkiridion, Martin Azpilkueta / Piarres Xarriton (Pentsamenduaren klasikoak, 2006, 209)]
      • Haren aurpegia betertzaz zelatatu dudan arren, ez dut ukituagatik harridura sakonik nabaritu. [Urregilearen orduak, Pako Aristi (Erein, 1998, 197)]
      • Erregearen beldurrez ez balitz, behartsuak berehala hil egingo zukeen, edo handik jaurti, edo esku artean zeukan dirua kenduko: beraz, hortxe duzu hiri horretan erregea badelako froga». Horrela haren existentzia hiriko ordena onagatik frogatuko zenuke, erregearen errespetuaz eta haren zigorra jasotzeko beldurraz sortuagatik. [Alderraien gidaria, Mose ben Maimon / Xabier Kintana (Pentsamenduaren klasikoak, 2006, 109)]
      • Askatu eta gero, ez zuen beharbada guztiz utziko bera salbatuagatik ordudanik larruari atxikirik eraman zuen babesleku hura, presondegi intimo hura. [Nola hustu nuen gurasoen etxea, Lyidia Flem / Joxan Elosegi (Alberdania, 2005, 54)]

      Eta IZANAGATIKen erabileraz ondokoei erreparatu:

      • Ez dizut liskarrik egiten zuk bertzela jujatu izanagatik; baina egin dudan hutsegiteagatik zigorretan dut neure burua.” Durduzak dakarren isiltasunari atxikia baitzitzaion, jarraitu nuen: “Nahi dut, andrea, neure burua zure aitzinean justifikatu, edo egotzi bide dizkidazun hobenen barkazioa zugandik erdietsi; lasaitasun pixka batez fini ahal izan ditzadan bederen, zuk edertzeari uko […] [Harreman arriskutsuak, Choderlos de Laclos / Jon Muñoz (Ibaizabal, 1997, 409)]
      • “Mila eta mila aldiz merezi izan dut heriotza, baina ez behin baino gehiagotan larunbata hausteagatik, ez behin baino gehiagotan larunbateko jaiari burla eta iseka gaiztoa egiteagatik; baizik eta jaiotako orok heriotza dugulako zor; behin baino gehiagotan zin egindako dotrina ahaztu, iraindu eta zikindu izanagatik mila eta mila aldiz merezi izan dut heriotza, denok bezala. [Airezko emakumeak, Felipe Juaristi (Erein, 2003, 20)]
      • Egia zen haietako bakoitzak, etsaien erasoren batek ustekabean harrapatu izanagatik, bizia zor ziola Alexisi, berak atera baitzituen onik Heriroen atzaparretatik, berak ekarri baitzituen une hilgarriren batean alde honetara, eta egia ere bazen denek aitor zutela hori, denek zin egin baitzuten Alexisen aurrean, bizia emango zutela haren alde. [Airezko emakumeak, Felipe Juaristi (Erein, 2003, 43)]
      • Eta itsua, soldaduen begiez ikusiko balu bezala, bere aulkitik altxatu eta soldaduen aurrean jarri zen, musikan maisu, musikaren jabe izanagatik, haien agintari bihurturik. [Airezko emakumeak, Felipe Juaristi (Erein, 2003, 58)]
      • Gaur, eguna eguzkitsua eta alaia sortu izanagatik, allegroa dena, bihar, eguraldia ere hala moduzkoa delako, adaggio bihur daiteke eta etzi berriz allegro ma non troppo. [Airezko emakumeak, Felipe Juaristi (Erein, 2003, 66)]
      • Behin, haren musika santu guztiekin ohi baino errespetuzkoa, Amabirjinarekin ohi baino laudoriozkoa eta Jesukristo gurutziltzatuarekin ohi baino amodiozkoa izanagatik, katedraleko kaperan jotzeko agindu zioten. [Airezko emakumeak, Felipe Juaristi (Erein, 2003, 71)]
      • “Etxearen kontura”, errepikatu zuen ahots neke, ahots pisu, ahots eroriz, opari hark, bere bihotz lehor zekenaren baitatik sortua izanagatik, lan bikoitza eman balio bezala. [Airezko emakumeak, Felipe Juaristi (Erein, 2003, 75)]
      • Zikinak zeuden, erabili eta garbitu ez izanagatik. [Airezko emakumeak, Felipe Juaristi (Erein, 2003, 159)]

      Eta beste ugari F. Juaristiren lan honetan behintzat (bada lan honetan IZANAGATIK formaren erabilera kontzesiborik?).

      • Ez baitzuten ausarkeria eskas, erreginaren hitza nahi zuten, hondarreko, “Nafarroako jende justuki altxatuetan nehork” ez zuela bere bizian ez bere ondasunetan kalterik izanen, “Egia Sainduaren alde armak hartu izanagatik”. [Mailuaren odola, Aingeru Epaltza (Elkar, 2006, 124)]
      • […] baina bazirudien Tomek bizitzaren aurreko jarrera zentzuzko, gogoetazko eta doi bat harridurazkoarekin eraman zuela bere gurasoen banantzearen hondamendia – bai eta arreba gaztearen nerabe-amorrualdiak ere; amaren bigarren ezkontza gaitzetsirik, etxetik alde egin baitzuen hamazazpi urterekin -, eta miretsi egiten nuen zutik eta tinko iraun izanagatik. [Brooklyngo erokeriak, Paul Auster / Oskar Arana (Alberdania, 2006, 24)]
      • -Kezkatan zabiltza Harryren sekretuak niri kontatu izanagatik. [Brooklyngo erokeriak, Paul Auster / Oskar Arana (Alberdania, 2006, 67)]

      Eta aspertu naiz adibideak pilatzen oraindik beste 500 edo geratzen zaizkit begiratzeko. Jarraituko duzu esaten, adibideokatik: “Balio beza azken adibide honek gaur egun egiten den erabilera oker baten haritik tira egiteko.” Edo EGLUk VIIk dioen bezala (152 or.): “Holako esamoldeak ugaltzen ari direlako susmoa bada, baina bide okerra da.”

      Eta izan ere ezin hurbilago agertzen dira halako esaldietako askotan zentzu kausala eta zentzu kontzesiboa, batez ere batera edo bestera ezezko zentzurik ageri bada nonbait.

      Nora begira egiten dituzu(e) zure(zuen) preskripzio gramatikalak? ‘Zure(zuen)’ logikari? Izan ditugu lehenago ere halako predikadore makina gure artean, eta nik uste nuen damu hartuak ote ginen dagoeneko, baina…
      Beldur ematen didana da halako ikuspegiak ‘tradizioari’ begiratu gabekoak, eta are gaur egungo erabilerari ere begiratu gabekoak, zabalduak ote diren EGLUetako beste atal askotara. Pena litzateke (eta ez naiz ari lehenengo EGLUez bakarrik, zeintzuetaz ere, baina uste dudanak erabakia dagoela/zegoela ‘erabilera’ testigatuen arabera ‘berbegiratzea’).

      Eztabaida ez dut uste hutsala denik, edota zure eta nere artekoa.

      Hurrena arte

      Adeitasunez

      Bittor

  5. Logikak dio “egiten ahal dut” eta “egin ahal dut” ez direla gauza bera, baina, errealitatea da euskalki batzuek bata darabiltela eta beste batzuek bestea. Inoiz, inork, inon biak eta zein bere adiera bereziarekin erabili izan baditu (balitu ere), horrek ez dakar euskara batuan bereizketa onartu behar denik.

    Era berean, “-tuagatik” sortzez kausazkoa izango zen, jakina. Aditz jokatuetan ikusten da garbien: “egin dudanagatik egin dit errieta” (kausazkoa) vs. “egin dudanagatik ez dit errietarik egin” (kausazkoa edo… kontzesiozkoa? Bereziki “ere” txertatuko bagenu, testuinguruaren arabera). Baina aditz jokatuekiko erabilera oso mugatua izan bide denez, eta batez ere egun erabiltzen ez denez (?), ados nago horrelakorik bultzatzeko beharrik ez dela, eta are bazterrak nahastea litzatekeela ere.
    Alabaina, jokatugabeetara itzuliaz, partizipioaren gainean eraikitakoa kontzesiborako espezializatu dela dirudi, kausa adierarako “-tzeagatik” geratu den bezala (ordea, ezinezkoa ote da “hori egiteagatik ere ez dizute errietarik egingo” bezalako esaldi bat kontzesibotzat hartzea? Badirudi ezezko perpausetan, eta “ere” lokailuaren laguntzaz, oso aldaketa erraza dela).

    1. Arrazoi guztia uste dut duzula aipatzen duzunean -T(Z)EAGATIK atzizkiaren erabilera kontzesiboa arrunta dela (eta areago ERE erantsita, noski -TUAGATIKen kasuan bezala). Eta horretarako ere ‘guk’ begiratu behar ote diogu tradiziozko eta gaur eguneko erabilerari, ala Gramatika Batzordeak, bere baieztapenak egin aurretik?
      -TUAGATIK berriz diozu, Jesus Marirekin-edo bat: “kontzesiborako espezializatu dela dirudi”. Eta agian zuri ere hori iruditu dakikezu, baina ‘euskal’ erabilera, ez tradiziozkoa, ez gaur egunekoa, ez da soilik halakoa. Eta seguru asko ezinezkoa delako, bi zentzu horiek guztiz banatzea (batez ere ezezko esaldietan).
      Zer dela-eta mugatu behar dugu orduan erabilera? Ez gara ari grafiaz, edo morfologiaz. Pentsamenduaren adierazpideez ari gara. Eta ez da gauza bera. Konturatu beharko genuke, ezta.
      Ondo izan
      Bittor

      1. Eskerrik asko, Hidalgo jauna, zure oharrengatik. Kontuan hartzekoak dira, zalantzarik gabe, eta kontuan hartuko ditugu, bai nik eta bai batzordeak.
        Argi utzi nahi nuke EGLU gramatika saila ekarpen bat besterik ez dela, borondaterik onenarekin batzordekideek beren ordu libreetan egina (zeren bai baitirudi, zurea irakurrita, horretara dedikatzen garela buru-belarri, gure lanordu eta are ordu libre guztietan).
        Ekarpena den neurrian EGLUtik kanpo ere, Euskaltzainditik kanpo ere eztabaida daiteke, eta pozik norbaitek eztabaida piztu nahi duela ikusirik, horrek esan nahi baitu aintzat hartu duela guk egindakoa. Kanpoko eztabaidek guk ezagutzen ez ditugun argudiobide berriak aurkezten badituzte, ez dugu inolako eragozpenik gauzak aldatzeko. Kontu hau, datu berriak ikusirik, bere garaian eztabaidatuko dugu, batez ere gramatika berriari begira.

  6. Ahozko adibidea:
    Ez dut polemikarik bulkatu nahi, baina bai ahozko adibide bat ekarri:
    “Ni enaiz akordatzen eskolan euskeas iñegatik errextaik itten” (Imozko euskara, Amaia apalauza, 197. or. -Oskozko transkripzioa-)
    Etxalekuko (Imotz) amonari ere holakoak aditu dizkiot. Eta Nafarroako erdaran behinik behin antzeko anbiguetatea bada, nire ustez: “por eso” kausala edo kontzesiboa izan daiteke: “Está lloviendo; por eso, seguiré aquí fuera”.

Utzi erantzuna