Jesus Mari Makazaga
Motibatiboko –GATIK postposizio-atzizkia erabiliz osatzen diren kontzesio-moldeak izan nahi ditut hizpide gaurko jardunean: nola osatzen diren ezagun samarra da gehienontzat, gehiago edo gutxiago erabili, baina beharbada hain ezagunak ez diren kontu batzuk ekarri nahi ditut hona.
Esan bezala, ezaguna da nola osatu izan diren jeneralean kontzesioa adierazteko molde hauek, motibatiboaren postposizioa aditz-partizipio mugatuari lotuz:
-TU + -A + -GATIK
aurkituAgatik helduAgatik
emanAgatik erosiAgatik
Esparru geografiko zabal samarra hartzen du menderagailu honek: mendebaldeko nahiz ekialdeko lekukotasunak agertzen dira literatura-tradizioan. Ikus ditzagun batzuk:
– Zahar gaixtoak, zahartuagatik, badu gogoa, indarra zaika falta (Axular).
– Larru-gorrian ibilliagatik, etziran batere lotsatzen; Etzuen alabaña gaitzkirik, ez eta gaitzerako griñarik ta gogorik (J.A. Ubillos).
– Gazte-gazterik asi nitzan da orañdaño bitartian zenbait umore eder jarri det Kantabriako partian; pixka batian ez naiz aztuko sartuagatik lurpian, nere aitamenak izango dira beste larogei urtian (Txirrita).
– Ttipia izanagatik, ez du batere gaixtoa iduri laborantzako (J. Etchepare).
– Amaika begiratu egiña neskatxai kale-eskiñan, diruz pobriak izanagatik ortatik osatzen giñan (Uztapide).
Mugatzailerik gabeko formak ere erabili izan dira kasu bakan batzuetan ekialdeko tradizioan:
– Bere itsas-hegia ttipisko izan gatik zabalerat, hirixka pollit bat da Zarauz, eta ikusgai hanitz baduena, ez balu ere Espainiako aberatsen ospa baizik erakusteko (J. Etchepare).
– Otologaray ere da gizon hautua, guti mintzatu gatik, hoberen burua (Hiribarren)
Bai eta genitiboaren gainean eraikitako moldeak ere (-TUARENGATIK); ez da lekukotasun idatzirik, baina bai, nonbait, ahozkorik:
– Ibilliangatik (ibilliarengatik) eztet aurkitu (Alzo)
–AN atzizki espletiboarekin ere erabili izan da hura erabiltzen den erdialdeko esparruetan (-TUAGATIKAN):
– Arrantzale jendia beti dabill justu, saiatubagatikan ezin aberastu (Arrantzaleen bizitza, 26)
– Apaiz gizajoak, bera laguntasun premian arkituagatikan, lagundu eta animatutzen zuan bere illoba (A. Apaolaza).
Hedatua dagoen menderagailu kontzesiozkoa jokatugabea da, zalantzarik gabe: –TUAGATIK. Nolanahi ere, esan behar da dagokion forma jokatua ere erabili izan dela inoiz euskararen literatura-tradizioan (-ENAGATIK); hona adibide parea:
– Zeren (…) zahar naizenagatik bizi ninteke (Axular, Gero, 130)
– Berhain, ezein ere gizon zegoenagatik, hara joan zen (F. Krutwig, Igibarziaren iphuinak, 66)
Edozein kasutan, ez dago esan beharrik ez dela bide emankorra izan, eta ez dirudi gaur egungo euskara baturako gomendatzekoa denik.
Beste balio batzuetarako ez da zalantzarik baliagarria dela menderagailu konplexu hau, batez ere era honetako perpaus erlatiboetarako:
– Arestian aipatu duzunagatik aritu dira gaizki-esaka. (= duzun lagunagatik)
Bai eta, kutsu klasikoagoa izan arren, beste erabilera helburu-baliodun hau:
– Behar diogu gure etsaiari barkhatu, guri ere geure Jainkoak barkha diazagungatik (Axular, Gero, 222).
Oso ohikoak dira kontzesio mota honetan (guztietan, egia esateko) ERE lokailuak indartutako kasuak, kontzesio-balioa behar bezain argi geratu ez den kasuetarako edo:
– Monicak, jatorduaz kanpora egarriak itotzen zegoela esanagatik ere, ura ukatzen zion (A. Kardaberaz).
– Bere burua beizik nihor ezin maita, Izanagatik ere ama edo aita (Zaldubi).
– Ala irudituagatik ere, ez naiz aske (Txillardegi).
Indartutako formak lortzeko beste modu bat da, adibidez, perpaus nagusian lokailu aurkaritzako bat txertatzea duten kasuak ere: hargatik, ordea, eta abar. Hona nola:
– Jendek izanagatik gutaz erraiteko, hargatik sort herria ez dut mendratuko (Xalbador).
– Zurginak zura lantzen eta aphaintzen duenean, aurkituagatik gainaldea, azalari datxekana arrazatua, eta pipiztatua, eztu hargatik antsiarik, baldin bihotza, barrenaldea, on eta fin edireiten badio (Axular).
Gaur egungo erabileran oso hedatua ez dagoen arren, merezi du aipatzea ezezko forma osatzerakoan sar daitekeela ezeztapen-partikula aditz-partizipioaren eta postposizio-atzizkiaren artean:
ADITZ-PARTIZIPIOA + EZ + aGATIK:
– Ekarri ezagatik ezertxo etxera, beñik beiñ pasatzen da umore ona (F. Arrese Beitia).
– Zuk ezer ekarri ezagatik, maian beti jarri dizut eguneroko ogia (P.M. Urruzuno)
– Baserritarrak au guztiau jakin ezagaitik miraritu gindekez apurtxo bat (Pizkunde zale bizkaitarra, 72)
Nolanahi ere, bitxi samarra irudituz gero gaur egungo erabilerarako, molde hedatuagora jo genezake:
EZ + ADITZ-PARTIZIPIOA + aGATIK
– Eta pontu hunen gaiñean gauza bat erran nai deratzut: iakin behar duzu ezen zuk zeure etsaiari ez barkhatuagatik, eztela handik segitzen, baldin hark bere aldetik bere eginbidea egiten badu, eztioela hari Iainkoak barkhatuko (Axular).
– Berak ez izanagatik ere oro gure erlisione berekoek, eder eta ohoragarri zaizkote elizan eta kanpoan gure Fedeaz ematen ditugun ageri guziak (Zalduby).
Aditz-izenari ere lotu izan zaio –GATIK postposizioa kontzesioa adierazteko (-TZENAGATIK), baina esango genuke erabilera arkaikotzat jo daitekeela (noiz, eta Leizarragaren garaian, eta, are gehiago, haren testuetan bakarrik aurkitu ditugu menderagailu horren adibideak):
– Eta hark etzuen deus egin nahi ukhan denbora luzez: baina gero erran zezan bere baithan, Iainkoaren beldur ezpanaiz ere eta nehorzaz konturik ez egitenagatik: (J. Leizarraga, Testament berria, 141).
– Ihardets zezan Iesusek eta erran ziezen, Nik neurorzaz testifikatzenagatik sinhesteko da ene testimoniajea: ezen badakit nondik ethorri naizen, eta norat ioaten naizen: baina zuek eztakizue nondik ethorten naizen, ez norat ioaten naizen (J. Leizarraga, Testament berria, 77).
Gaur egungo erabileran aditz-izenari ere lotu dakioke –GATIK postposizioa, baina denok dakigun bezala, beste balio bat hartzen du halako moldeak, kausa-helburuzkoa:
– Gaizki portatzeagatik zigortu naute.
– Eskerrik asko etortzeagatik.
Balio beza azken adibide honek gaur egun egiten den erabilera oker baten haritik tira egiteko.
Zenbat aldiz ikus-entzuleen presentzia eskertu nahian (eta aditzaren burututasuna markatu nahian) ez ote den erabili honako esaldi hau:
- #Eskerrik asko ekitaldira etorri izanagatik.
Ez dira gutxi halako esaldiak erabili izan dituztenak, baina ez dute kontzesio-balioa adierazi nahi, kausazkoa baizik; alegia, ez dute esan nahi ‘eskerrik asko, nahiz eta etorri/etorri arren’, baizik eta ‘eskerrik asko, etorri zarelako’. Kontua da, ordea, halako erabilerak, halako forman, ez duela tradiziorik, berrikuntza dela: IZANAGATIK hori kontzesioa adierazteko bakarrik erabili behar da; nolabait esateko, “okupatuta” dauka erabilera hori, eta erabilera horrek okupatuta dauka IZANAGATIK forma jokatugabea, eta ez du beste erabileretarako balio. Kausa adierazteko, hortaz, badira bestelako menderagailu batzuk, jokatu nahiz jokatugabe, baina ezin erabil genezake IZANAGATIK[1]. Hona pare bat forma:
- Eskerrik asko liburu-aurkezpenera etortzeagatik.
- Eskerrik asko liburu-aurkezpenera etorri zare(te)lako.
- …
Badu, dirudienez, –GATIK honek ARREN-ekin paralelismorik; bi kasuetan, mendekoaren balioa aldatu egiten da hartzen duen oinarriaren formaren arabera.
ARREN | KONTZESIOA HELBURUA / KAUSA |
-tu arren -tzearren |
-GATIK | KONTZESIOA KAUSA / HELBURUA |
-tuagatik -tzeagatik |
[1] # marka erabili dugu goiko esaldian, adierazi nahian esaldi hori berez gramatikala dela formaz, baina ez dela egokia erabili nahi den baliorako.