Hiztegien sarrerak: ohar txiki batzuk

Igone Zabala Unzalu

Aitortu behar dut hiztegien sarrerak irakurtzen dituztenetakoa naizela. Funtsezkoa iruditzen zait irakurtzea hiztegigileen oharrak, hiztegiaren makro eta mikroegitura hobeto ulertzeko, eta hiztegiak ematen duen informazioa egokiro interpretatu ahal izateko. Ikasleei hiztegien erabilerari buruzko gogoetak eskaintzeko ere balio dit sarreren irakurketak. Baina, jakina, kritikagarria iruditzen zaidan konturen bat edo beste ere ikustarazten didate irakurketok.

Duela hilabete pare bat Alfontso Mujikak hiztegi digitalek paperezkoak ia erabat ordezkatu dituztela defendatzen zuen Hiztegigintza bere onenean ez badago ere artikuluan. Oro har bat nator bere ikuspuntuarekin baina, nolanahi ere, nabarmendu behar dut zenbait hiztegiren bertsio digitalei ikusten diedan hutsunea, alegia, erabiltzaileei hiztegiko informazioa interpretatzen laguntzen dien sarrerarik eza. Hutsune hori ikusten diot, adibidez, Elhuyar Hiztegiak webguneari. Hasierako interfazean ez du inolako azalpenik eskaintzen webguneak eta, bilaketa bat egiten dugunean, askotariko baliabideak eta informazioak eskaintzen dizkigu, baina ez hiztegia osatzeko erabili diren iturriak eta irizpideak azaltzen duen sarrerarik. 2013ko paperezko bertsioan, berriz, hamar orri pasatxo dituen sarrera xehea aurkituko dugu. Kontrakoa esan behar da Ibon Sarasolaren Zehazki Hiztegiaz askoz ere xeheagoa baita bertsio digitalaren sarrera, 2006ko paperezko bertsioarena baino. Azkenik, euskara batuaren garapenerako erreferentziatzat hartu behar den Hiztegi Batua kontsultagai dago sarean, eta badu sarrera xehe bat, eskaintzen duen informazioa nola interpretatu azaltzen duena. Hala ere, Hiztegi Batuaren hainbat sarrera interpretatzeko funtsezkoa den 2012 urtean argitaratutako Euskaltzaindiaren Hiztegiak, nik dakidala, paperezko bertsioa baino ez du une honetan. Ez dakit zer arrazoi dagoen hutsune horren atzean, baina uste dut bertsio digitalik ezak nabarmenki ahultzen duela hiztegi horrek hiztunen komunitatearen erabileretan izan dezakeen eragina eta, hedapenaz, Hiztegi Batuarena berarena ere.

Hiztegien bertsio paperezkoen eta digitalen sarrerei buruzko gogoeta orokorraren ostean, iruzkin labur batzuk egingo ditut goian aipatu ditudan hiztegietako sarreretan ageri diren iruzkin, nire iritziz, inkoherente bakan batzuei buruz. Inkoherentzia txiki horietako batzuk seguruenik datoz hiztegien argitalpen batetik bestera oharkabean pasatu diren zenbait aldaketatik. Elhuyar gazt.-eusk. /eusk.-gazt hiztegiaren 2013ko edizioarekin hasiko naiz, eta aipatuko dut aurreko edizioetan ere ageri zen ohar harrigarri bat:

«Euskarazko sarrera-hitzaren ondoan agertzen den marketako bat neol. da; argitu egin behar da, ordea, euskarazko hitz berri guztiak ez direla neologismotzat jotzen, eta izendapen hori mende honen lehen erdialdean era berezian asmatutako hitz batzuetarako gorde dela: aberri, ikurrin, lehendakari. »

Bitxia deritzot iruzkin horri, eta bai hiztegian neol. ikurra horrela erabiltzeari berari ere. Izan ere, oharrean bertan irakur daitekeen bezala, neologismoak dira hitz berriak (neologismo formalak) edota hitzen adiera berriak (neologismo semantikoak). Hortaz, ordura arte erabileran detektatu ez den hitz edo adiera berri bat antzematen denean esan daiteke neologismo baten aurrean gaudela. Batzuetan berritasuna subjektiboa izan daitekeenez, irizpide lexikografikoa erabili ohi da neologismoen detekziorako eta, ildo horretatik, neologismotzat hartuko dira esklusio-corpus modura erabiltzen diren hiztegietan ageri ez diren hitzak edo adierak. Ez irizpide bat ez bestea ez dira egokiak Elhuyar Hiztegietan neol. laburdurarekin markatzen diren hitzak neologismotzat hartzeko. Izan ere, maiztasun handiz ageri dira corpusetan duela zenbait hamarkada, eta hiztegietan ere jasota daude. Nabarmenena da lehendakari hitza, ETC corpusean 41.037 agerraldi baititu eta Lexikoaren Behatokiaren Corpusean 11.578 agerraldi. Hitz horren sorrera edozein delarik ere, soberan irabazita du euskal hitz estatusa. Ikusi besterik ez dago zenbat eratorri eman dituen: lehendakari, lehendakaritza, lehendakarigai, lehendakarikide, lehendakariorde, lehendakariordetza. Uste dut askoz ere egokiagoa litzatekeela oharra eta marka bera kentzea hiztegiaren argitalpen berrietan. Egia da muturreko hizkuntza-eredu garbizalea jomugan izanda sortutako hitz horietako batzuek ez dutela horrenbesteko arrakastarik izan, esate baterako, urrutizkin hitzak 38 agerraldi ditu ETC corpusean eta 1 Lexikoaren Behatokiaren Corpusean. Horrelakoetan egokiago deritzot Hiztegi Batuak harturiko bideari, alegia, g.g.er. marka, edo antzekoa jartzeari.

Hiztegi Batuaren sarrerara jauzi eginez, esan beharra dago 2000ko data daramala eta, ondoren hainbat bertsio argitaratu direlarik, baduela inkoherentzia txiki (baina, nire iritziz, garrantzitsu) bat ere. Honela dio azken paragrafoan:

«Orobat, beharrezko ikusi denean, hitzen erabilera zuzenaz ere egin dira oharrak, zuzenean nahiz zeharka. Esaterako, akabatu-ri ‘hil’ adiera ezarri zaionean, uste dugu irakurle zuhurrak horrenbestez ‘amaitu’ adieran onartzen ez dela ulertuko duela. Hiztegi honek, arau kontu guztiak bezala, letra eta espiritua du. Esan gabe doa Hiztegi Batu hau ontzean erabili dugun filosofia dela, batez ere, euskaldunek aintzat hartzea nahi genukeena. »

Egun, aldiz, zaharkituta geratu da ohar hori, akabatu sarreran informazio hau ageri baita:

akabatu, akaba, akabatzen. 1 du ad. ‘animaliak bortxaz hil’ 2 da/du ad. ‘amaitu, bukatu’ 3 du ad. ‘azken ukituak egin’

Nire iritziz, egokiena litzateke sarreran ageri den azken paragrafo hori kentzea. Izan ere, aipatzen duen adibidearen gaur eguneko inkoherentziaren anekdota baino garrantzitsuagoa da erabiltzaileei hiztegiaren erabileraz helarazten dien instrukzio okerra: Hiztegi Batua bukatu gabeko hiztegia da, bai sarrerei dagokienez eta bai azpisarrera edo adierei dagokienez ere eta, beraz, ez da ulertu behar aipatzen ez dituen adierak edota erabilerak baztertu beharrekoak direnik. Askotan deskripzioa bukatu gabe egoteari zor zaio hitz jakin batean zenbait adiera jaso gabe egotea. Euskaltzaindiaren Hiztegian, jakina, 2000ko bertsioan oinarrituta dagoenez, lehen adiera baino ez dago jasota akabatu sarreran, eta aipatu paragrafoak irudikatzen duen jarraibide okerra zuzendu beharrean, indartu ere egin liteke.

Bukatzeko, Zehazki Hiztegiak eta Euskaltzaindiaren Hiztegiak ordainen, adieren edota joskera-ereduen hurrenkera azaltzeko erabiltzen duten “egokitasun” terminoaz aritzeko asmoa izan dut baina, kontua korapilatsua delarik, post hau areago luzatu beharrean, hurrengo baterako uztea erabaki dut.