Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà
Shakespeareren itzulpenak gurean boladan daudela aprobetxatuko dut gaur, antropologian arras ospetsua izan den itzulpen saio korapilatsu bat ekartzeko gure blogera.
Laura Bohannan antropologo estatubatuarra denbora baterako Nigeriako tiv-en artera bizitzera joatekoa zela, lagun ingeles batek Hamlet oparitu zion, Afrikako egonaldiko alfer ordu luzeetan astia izanen zuelakoan Hamleten egiazko esanahi betierekoa ulertzeko (estatubatuarrei nekeza zitzaien, nonbait, obra horren esanahi unibertsala ulertzea). Bohannanek ez zuen hagitz gustuko izan adiskidearen ohar hura, berak uste baitzuen giza izaera oso-oso antzekoa zela mundu zabal osoan; tragedia handien bilbe nagusia eta gaiak garbi izango liratekeela beti, edonon, tokian tokiko ohiturek eta itzulpenak sor zitzaketen arazo txiki batzuk gorabehera.
Halako egun batean, tiven buruzagi zaharrak esku artean zuen liburu hartaz galdetu zion Laurari, ipuin hura kontatzeko eskatu. Antropologoa bilbea laburtzen hasi zitzaien, hango testuinguru kulturalari egokitzen saiatuz, tivek testuaren esanahi zuzena egoki harrapa zezaten. Haiek, baina, ez zuten Bohannanen ikusmoldea onartu, drama beren ikuspegietara moldatu eta kontakizun osoa bihurritu zuten. Hamletez jabetu ziren, eta haren esanahi beti-bateko eta unibertsala irauli. Antropologoa hizkuntzen arteko eta kulturen arteko itzulpen bikoitza egiten saiatu zen arren (osagai batzuk etxekotzen, azaleko aldaketek testuaren mamia bere horretan ematen lagunduko ziotelakoan), azkenean, itzulpena negoziatu behar izan zuen entzuleekin, jatorrizko testuaren esanahiak adosteko tratuan ibiliz etengabe. Prozesu hartan entzuleak kontatzaile bihurtu ziren, eta, beren kultur ikuspuntuei lehentasuna emanez, Hamlet berri bat itzuli zioten antropologo etsituari.
Itzulpenaren hartzaileak sortzaile bihurtzen zaizkigun pasadizo horretan etnozentrismoaren unibertsaltasunaz hitz egiten zaigu, itzulgarritasunaz, unibertsal zenbaiten arazoez, elkar ulertu ezinaz nork bere kategorietatik ateratzerik ez duenean…
Bohannanek Shakespeare in the bush artikuluan argitaratu zuen itzulpen saio horren kontakizuna, eta nahi duenak euskaraz dauka entzungai Xerezaderen Artxiboan.