Gorka Lekaroz Mazizior
Aspaldiko euskal idazleek utzitako testu-ondarea XXI. mendean ere apurka-apurka hedatuz doan arren, badakigu ez dela nahi genukeen bezain zabal, aspaldiko eta anitza. Urria da, hainbatetan konparagaiak falta direlarik; berriegia, Aro Modernoaz aurretiko gau luzean apenas argi-txinparta batzuk eskaintzeko modukoa; eta neurri handi batean literaturatik urrun ziren interesek eragindakoa, gainera. Are urriagoa litzateke, jakina, itzulpen-moldaketa diren lekuko idatziak alde batera utziko bagenitu. Besteren baratzekoa norberarenera eramate hori ohikoa da mundu zabalean, baina gurean itzulpenerako joera horrek badu zerikusirik testugintza eragin zuen arrazoi nagusiarekin: herri xehea fedean aitzinatzearren hainbat eta hainbat elizgizon euskaraz idaztera bultzatu zuen orduko erlijio-ikuspegi hertsiak berak ezinbestean eragin zuen ustez aldagaitza zen Jainkoaren hitza eta eliz autoritateen esanak zeuden-zeudenean ematea.
Leizarragaren lana da horren guztiaren adibiderik zaharrena. Testamentu Berriaren itzulpenari lotu zitzaionean, euskararen aniztasunak eta ordura arteko itzulpen-eredu ezak ulertarazi zioten aurrez aurre zuen erronkaren handitasuna. Lanari uko egiteko adinakoa, ia:
Guti falta zedin non ezpainendin xoil gibelera, nakusanean hanbatez ene entrepresa handiago, zenbatez nik eskribatu dudan lengoaje mota baita, esterilenetarik eta dibersenetarik: eta oraino, translationetan behinzat, usatu gabea.
Bazekarren ordea Leizarragaren egitekoak bestelako desafiorik ere, eta ez nolanahikoa: interpretaziorik edo desbideratzerik txikiena onartzen ez zuten testuinguru hartan testu sakratuak ortodoxiatik inola ere aldendu gabe euskaratu beharra, itxaronez horrela Joana erreginak emandako enkargua behar bezala beteko zuela,
Iainkoaren hitz purak ukanen luela sartze eta abanzamendu Heuskal-herrian: eta hunetakotzat zu Andrea, hunez zerbitzaturen zinadela tronpeta baten anzora, zeinez Iainkoak deitzen baitzaitu hala zure Nafarroako resuman ere Satani gerla egitera, nola egin eta egiten ere baitraukazu zure dominationeko berze leku guzietan.
Beskoiztarraren zenbat lan-ordu hartuko zituen agindutakoari zerion zorroztasun maila gehigarri hura eman eta Iainkoaren hitz pura zegoen-zegoenean itzultzeak? Arroxelan 1571n argitaratu liburuaren hasierako Heuskaldunei atalean lapurtarrak bere burua zuritu beharra sentitzeko bezainbeste bai, behintzat:
Iainkoaren hitz purari iarreikiteko desira dutenek, esporzu dugu eridenen dutela (suporturekin) zerzaz kontenta.
Jainkoaren hitza hedatzea eta Elizako doktore nagusiek emandako ikasbidea zabaltzeari horrenbesteko garrantzia eman zion gizarte hartan, Leizarraga bezala, ondorengo elizgizon idazle ugari izan ziren sortzaile baino itzultzaileago; eta moldatzaile ere bai haietako asko, eredua hitzez hitz isuri beharra hain ezinbestekoa (edo katekesirako hain komenigarria) ez zenean.
Hamaikatxo euskal itzulpen eragin duen ebanjelizazio testu klasikorik bada, Gaspar Astete jesuita gaztelarraren doktrina izango da beharbada. XVIII-XIXetan Irazustak, Mendiburuk, Elkanoko Lizarragak eta beste askok eta askok baliatu zuten eredu gisa. Asteteren egunetan Inkisizioak ezarritako mugarik hertsienak malguturik (debekatua zegoen XVI. mende amaieran herri-hizkuntzetako testu-sorkuntzan edo itzulpenetan ebanjelioetako pasarterik idaztea) askatasun handixeagoz jokatu ahal izan zuten geroko euskal idazle zaharrek, baina eliztiarrek galdera-erantzun bidez ikasi beharreko doktrinek ez zuten itzultzailearen moldaketa-lanerako tarte handiegirik uzten.
Doktrinak bezala buruz ikastekoak ez ziren beste testu mota batzuetan, ordea, komenigarriagoa izan zitekeen jatorrizkoa hitzez hitz isuri beharrean tokian tokiko fededunen egoera kontuan hartzea, eta moldaketarako tarte handiagoa egongo zen. Horrelakoak dira, esaterako, ezkontzera zihoazenentzako testuak. Rituale Romanum izeneko erlijio-idazki multzoak biltzen zituen, beste askoren artean, ezkontideei irakurri beharreko deiak, baina Espainiako tradizioan dei haiek eliztiarren hizkuntzan irakurtzeko ohitura zegoen, ez latinez; eta herri euskaldun elebakarretako bikarioek horren araberako euskal bertsioak behar zituzten. Testuinguru horretan txertatu beharra dago ezkontideentzako dei horien hainbat euskal moldaketa agertu izana, garai eta inguru bertsuari dagozkionak; Erritualaren edizio ezberdinak izango zituzten ausaz oinarrian, baina horretaz gain egileen moldaketa-borondatearen isla ere badirudite:
Ematendu gracie errecibitcinduenari conciencie garbierequi; garaizentu ezconduen ertean izeten diren dificultade, eta pesadumbre guciec, eta ematendu gracie cumplizeco Matrimonio sanduec dituen cargac, eta obliguecioac (Nuin, Txulapain, 1826)
Lan ontara conciencia garbiequi, ta ongui prestatuta elduderenei, ematen diote Jaung[oico]ac elcarren artean baquean vicitzeco, vici modu ontan izan oi deren neque, trabaju, ta naigabeac ariñ eremateco, ta beren gain arcen duten obliguecioari cobru emateco, behar duten gracia (Untzu, Txulapain, 1800 ingurua).
Anima garbiarequin recibizen duenei, ematen diote gracia garaiceco Estadu-onec verequin dacazquien gaiz, eta nequeac (Sorauren, Ezkabarte, 1800 ingurua).
Komenigarria zen testu haietan unean uneko entzuleen nondik norakoa kontuan hartu eta esan beharrekoak haiei egokitzea; baina aldi berean ez ziren gutxi izango (zehaztasun beharrak, zuzentasun-egarriak edo erosotasun hutsak eraginda) ebanjelizazio lanean besteren esanak ziren-zirenean ematera joko zuten elizgizonak. Horrexegatik, XVIII-XIX. mendeetako sermoigintza-lanetan itzulpen eta moldaketa ugari dago, zalantzarik gabe. Zaila da ordea jakitea zein testu edota egile izan zituzten eredu ohikoago guregana iritsi diren lan haien guztien idazleek.
Honekin guztiarekin lotu daiteke Miguel Ignacio Armasa nafarraren adibidea. Domingotarra zen Armasa (Labaien, 1770-1814), eta ezaguna da Santo Domingok sortu zuen ordenak (ordo prædicatorum delakoak) predikaziorako isuri handia izan duela betidanik. Alcalan ikasle ibilitako Teologia-irakaslea zen gainera labaiendarra, eta pentsatzekoa da gizon irakurria eta ikasia izango zela: ez da harritzekoa, horrenbestez, leku eta hizkuntza ezberdinetan —Kantabrian, Araban, Nafarroan, gaztelaniaz zein euskaraz— esan zituen sermoiak agertu izana.
Bistakoa da euskarazko idazkietan eredu bat baino gehiago izan zuela; haien artetik XVI. mendeko Frai Luis de Granada da nik hona ekarri nahi dudana, Armasaren inspirazio-iturri argia izateaz gain sarritan aipatu delako egile hark Axularrengan izan bide zuen eragina ere. Domingotarra zen Granadakoa, Armasa bezala, eta aspaldikoa izan arren ordenakideen artean itzal handikoa zenez ulergarria litzateke Labaiengoarentzat lehen mailako erreferentzia izatea. Erraz eskuratuko zituen Armasak Granadakoaren lanak, Alcalan ikasi zuenean edo baita Iruñeko komunitatean bertan ere: XVII. mendean ez bezala, argitalpen ugari izan zuten XVIII.enean Frai Luisen testuek, eta guztiak eman zituzten argitara Nafarroako hiriburuan bertan 1780 eta 1800 bitartean.
Granadakoak Armasaren predikuetan utzi zuen oihartzuna hainbat eratakoa izan zen. Batzuetan Labaiengoak maisuak erabilitako irudi batzuk kopiatu besterik egin ez zuela ematen du —eragin hauek dira nire ustez harrapatzen zailenak, lausoagoak eta dudazkoagoak baitira—. Beste batzuetan Frai Luisen meditazio-obretako pasarte osoak hartu eta haien moldaketa egin zuen domingotar nafarrak, jatorrizkoa bere uztako gaiekin osatuz; tarteka, azkenik, zorrotzago eman zituen Granadakoak idatzitakoak, itzulpen hutsetik askoz ere hurbilago:
Durará este galardon tantos millares de años, quantas estrellas hay en el cielo, y mucho mas. Durará tantas centenas de millares de años, quantas gotas de agua han llovido y lloverán sobre la tierra, y mucho mas. Durará mientras Dios durare, que será en los siglos de los siglos (F. L. Granadakoa, 1554).
Premio arc, bada, gloria arc iraunen dú amberce milla urte cembat izar diren ceyruan, tá gueyago. Yraunen dú amberce milla urte cembat ur tanta erori diren lurrara, tá gueyago. Ytz batean, iraunen dú Jangoycoac berac iraunen duen adiña, iraunen dú eternidade gucian (M. I. Armasa, 1810).
XVII. mendeko Axularren testugintzan bezala, XIX.aren hasierakoan ere Granadakoak, eta oro har Urrezko Mendean literatura aszetikoa landu zuten idazleek gurean izan zuten eragina erakusten digu Miguel Ignacio Armasak. Zuzeneko eragina, baina zeharkakoa ere bai: 1830eko hamarkadan, domingotarra ordurako hilik, Jose Ignacio Armasa iloba apaiztu berriak osabaren testu batzuk hitzez hitz kopiatuz sortu zituen bere lehendabiziko sermoiak, Frai Luisen arrastoa bertan eramanez. Gai interesgarria litzateke erdaratiko erlijio-itzulpen haietako askok euskararen baitan egin zuten ibilbidea aztertzea, ibilbide hori argitzen erraza ez den arren: Labaiendik hurbil, Bertizaranako Lakoizketa apaizak berean gorde zituen XIX. mendeko predikuen artean, bada Armasak Granadakoari hartuta moldatu zituen irudiak dakartzanik ere. Erdarazko original klasiko bera izango zuen eredu Bertizaranakoak, ala Labaiengo oihartzun berriagoaren eraginez sortuko zen?