Mikel Taberna Irazoki
Espero dugun zerbait oraindik urrun dagoela adierazteko, “Ez da maiatza aile(ga)turik!” erraten ikasi genuen etxean; tokitan dago hura, alegia, baina denboran. Ezin jakin zehazki zer ote dagoen errate horren sorreran, baina laborantzari loturiko zerbait segur aski. Baliteke garia solasean jartzen digun bertze atsotitz honek bere baitan izatea erantzuna: “Haundia banintzen edo ttikia banintzen, maiatzean burutu nintzen”.
Nolanahi ere, bazter hauetan aspaldiskotik bat baino gehiago sumatzen da maiatza noiz iritsiko desiatzen, lorailean uzta ederra bilduko duelakoan. Izanez ere, Hegoaldean aurten hauteskundeak izanen ditugu, udal eta kontzeju guzietako kargudunak hautatzeko eta EAEko batzar-biltzar nagusietako nahiz Nafarroako Parlamentuko jarlekuak betetzeko.
Hasia da gure bulegora sartzen euskaratu beharreko materiala. Botoa emateko mahaietan ari beharko dutenendako eskuliburua, adibidez. Oroitu gara aitzineko aldietan duda izan genuela hitz batzuen ordainekin: nola erran papeleta, interventor, credencial… Orduan saiatu ginen EAEko itzultzaileekin harremanetan jartzen, funtsezko gauzetan haiek eta gu ados egoteko. Orain, bat-batean ohartu gara Eusko Jaurlaritzako Terminologia Batzordeak Hauteskundeen hiztegia argitaratu zuela 2012an. Akabo zalantzak: hiztegia Interneten dago guzion eskura, eta bertzela ere edukia Euskaltermen txertatua; bertako ordain gehienek “4” ponderazio marka dutenez, ez digute bertzelako proposamenik plazaratzeko aukerarik uzten, disidente bazter-nahasletzat hartuak izan nahi ez badugu.
Murgildu gara hiztegiaren orrietan eta, hartu dituzten erabakiak oro har onargarriak iruditu bazaizkigu ere, formaren bat trabatu zaigu zintzurrean, gure praktikan (bertze arlo batzuetan) erabiltzen ditugunetatik diferenteak direlako. Jakina, ez dugu parte hartu erabakitze prozesuan eta ezin asmatu zer arrazoi izan duten hautu bakoitza egiteko.
Ez dago dudarik, eskertu egin behar da erakunde batzuek xoxa gastatzea eta hainbertze jendek lan egitea eta denbora ematea horrelako obra batean, gero erabiltzaile guzion eskura jartzeko, gainera. Baina, gisa honetako ekimenetan, xehetasun batzuek harritzen naute eta, egia errateko, tarteka atsekabea ematen ere bai.
Hiztegiaren sarreran hogeita hiru pertsonaren izenak heldu dira. Horiek bide dira, gehixeago edo guttixeago, obraren egile eta erantzule. Horien artean, oker ez banago, ez dago EAEtik kanpoko ezein erakundetako inor.
Euskararen Aholku Batzordeari buruzko urriaren 16ko 176/2007 Dekretuaren 19. artikuluak ezartzen du organo horren Terminologiako Batzordearen osaera. Leku finkoa duten EAEko entitate publiko batzuetatik aparte, UZEIk eta Euskaltzaindiak ordezkari bana dute; eta, gero, “euskararen eta terminologiaren arloan ospe aitortua duten sei pertsona” ere badaude (pertsona horien izenak geroago zehaztu zituzten). Horiek dira batzordekide guziak. Artikulu beraren f) atalean jartzen duenaren arabera, ordea, horietaz gainera, “Aztertzekoa den terminologia-arloaren arabera, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak beste aditu batzuk ere izenda ditzake, arlo horretako batzorde-atal bereziko kideei aholku emateko. Izendapenak dena delako lan hori amaitu artean iraungo du”.
Lege-testu horren azkeneko ohar horretatik heldu zait hauteskundeen hiztegiarekin neure baitan sentitu dudan zimikoa: jakinik Nafarroan ere itzuli behar izaten ditugula hauteskundeetako testu berberak edo antzekoak, nola ez eskaini lekutto bat lan horretarako bederen erkidego urrun honetan gisa bertsuko zereginetan aritzen den norbaiti? Eta zergatik ez Iparraldeko administrazioen ordezkariren bat?
Erran beharrik ez dago, halakorik egon izatera, pertsona horiek ekarri eginen zuketen, aportatu, bakoitzak berea, eta gero erabakiak zabaltzen lagunduko eta ezarpena erraztuko ere bai.
Joan den ortzegunean, Tribuaren berbak programan, Kike Amonarrizen galderari erantzunez, Angel Errok adierazi zuen periferia nahiko kontzeptu zaharra iruditzen zitzaiola, XIX. mendekoa, Internetik gabeko garaiari zegokiona. Bada, zer nahi duzue erratea, nik, zoritxarrez, Terminologia Batzordearen kontua dela eta, bertze alor batzuetan bezalaxe, nahi baino gehiagotan sentitu dut halako haize kolpe zakar batek XIX. mende horretara bidaltzen nauela. Bistan da, ez blog hau bezalako toki zoragarrietan; horretan arrazoi du Errok, Internetek gauzak bertzela egiteko aukera paregabea eskaintzen digu.
Nork daki, agian ere maiatzetik aitzinera dena arras aldatu, eta ez naiz berriz ere gaur bezala zuengana arranguraka etorriko!
Erantzun bat “Maiatza noiz iritsiko” bidalketan