Hizkuntzaren historiak III: gramatikalizazioa

Borja Ariztimuño López

Hitz potoloak, hitz arraroak, eta askotan itsusiak, zenbat eta halakoagoak hobe, iduriz. Terminologia zehatza, delako alorrean adituxea ez den inori, oztopo gertatu ohi zaio. Horregatik komeni da adibide ulerterrazak jartzea, bereziki lan dibulgatibo batean.

Iazko udan Eibarko UEUn antolaturiko ikastaro batean azaldutako kontu bat ekarri nahi dut gaur hona, izenburuan adierazitakoa (aurrekoren batean zeharka-edo aipatu dudana), adibide ene ustez polit batekin.

Gramatikalizazioa, labur esanda, hitz edo egitura batek izaera geroz eta gramatikalagoa hartzea da, esanahi lexikoa lausotuz eta galduz, testuinguru berrietara zabalduz, fonologikoki higatuz… baina maiz sorburuko esanahiaren parte bat gordeaz, eta berak baldintzaturiko bilakabidean barrena.

Adibide ohikoena aditz laguntzaileena da: jatorrian esanahi osoko aditzak izanik, ondoren aditz jakin batzuekiko konbinaketan erabiltzen hasi eta, azkenean, zeinahi aditzekin eta haren esanahia aldatu gabe, soilik informazio gramatikala adierazteko elementu bilakatzen baitira.

Euskara bezalako mintzaira “isolatu” eta historia laburreko baten iragana argitzeko, baliagarri izaten da oso hizkuntza askotan antzera gertatzen diren bilakabideak aztertzea eta horien bila gure hizkuntza arakatzea. Esaterako, erabilera ezberdin askoko esapide baten esanahi zaharrena, berriena eta tarteko bidea zein izan diren argitzen lagun diezaguke, lekukotasun idatziek nahikoa argi egiten ez dutenean.

Adibide baterako, behar izen-adjektiboaren eta behar izan (edo ukan, edo hobeto *edun) perifrasiaren arteko harremana, eta azken horren adiera guztien jatorri eta bilakaera modu berean azal genitzake.

Perifrasi bateko elementu bakoitzak, logikoki, perifrasia bera baino zaharrago behar du izan, hortaz, behar izen edo adjektibo moduan soilik erabiliko zen hasieran, baita horrelako elementuek parte hartzen duten ohiko perifrasietan ere (izen-predikatuetan), jatorrizko ‘premia(zko)’ adieraz:

(1)       ura behar dut ‘ura beharrezko dut, ura(ren) beharra dut’ (cf. ardoa gogoko dut)

Jakina, egitura horrek ez du bestelako interpretaziorik ahalbidetzen, baina, izen sintagmari beharrean aditz sintagma bati lotzen badiogu:

(2)       ura edan behar dut ‘ura edateko beharra dut’ (cf. ura edan gogo dut)

Hor bai, ‘premia’ > ‘obligazio’ aldaketa (hizkuntz askotan lekukotua dena) erraz gerta daiteke.

(3)       ura edan behar dut [egarri naizelako-edo] → [medikuak agindurik-edo]

Hortik aurrera, partikula modal gisa gramatikalizaturik (pentsa mugagabean erabiltzen dela, iharturiko hainbat esapidetan legez), obligazioaren modalitate deontikoaren bidez “xede” edo “asmo” adiera hartzea ere ohikoa da:

(4)

a. atera ezank patxaran botila, gaur parranda egin behar dut!
b. normalean ura edaten duzu eta, gaur ardoa edan behar al duzu?

Azken esaldiok, bereziki (4b)-k ene iritziz, badute geroaldi kutsu bat ere; izan ere, hori da modalitate deontikoaren ohiko bilakabideetako bat (obligazioarena ere bai, oro har):

(5)       bihar elurra egin behar omen du (hor ez da “asmorik”…)

Gramatikalizazio kate bat da, beraz, behar-en erabilera guztiak batzen dituena eta horien arteko harremanak eta kronologia erlatiboa azaltzen dituena, ingelesezko literaturan aipatu ohi den modura: NEED > OBLIGATION (> DEONTIC MODALITY~PURPOSE) > FUTURE. Ugariak dira horren adibideak mundu guztiko hizkuntzen artean.

Kateok, baina, behin eta berriro gertatzen diren prozesuak ditugu eta, hala, adiera oinarrizkoenetarako beste perifrasi bat sortu zen, Bizkai-Gipuzkoetan gutxienez: beharra eduki. Ikusten denez, bi berrikuntza ditu egitura honek aurrekoarekin alderatuta, mugatzailearen eta eduki aditzaren erabilera areagotuz joan baita historian zehar. Proba ezazue aurreko adibideetako behar *edun egituraren ordez beharra eduki-rekikoa txertatzen,[1] ea zenbagarreneraino iristen zareten aldi bakoitzeko aldaketa semantikoak eginez… Hain zuzen ere, oraingoz, premiatik obligaziorakoa besterik ez bide du egin, hartaraino egin duen hizkeretan. Areago, (1) adibiderako gehienok beharrezko dugun beharrezko(a) are berriagoaren kasuan, aditzekin erabili ahal izatera igaro da, bai, baina betiere hasierako NEED esanahia gordeaz.

Honenbestez, gramatikalizazio isolatuetatik gramatikalizazio kateetara eta, horietarik, gramatikalizazio kate ezberdinak geruzaz geruza nola teilakatzen diren ikustera iritsi gara. Gramatikalizazioaren teoriak, zehazki, sare itxuraz nahaspilatuen artean eta geruza erdi-estalien azpian murgiltzen, eta anabasari azalpen koherente eta ordenatu bat (aski ziurtasun eta berme sendoekin) ematen laguntzen digu hizkuntzaren historian eta historiaurrearen berreraiketan dihardugunoi, beti ere, zientzia guztietan bezala, hatsarre zenbait onartuz gero: batetik, munduko hizkuntza natural bizi guztiek printzipio berberei erantzuten dietela eta, bestetik, uniformitarismo delakoari jarraiki, gizakiaren historian zehar izan diren hizkuntza eta hizkuntza-egoera guztietan aldaketarako mekanismoak berberak izan direla.

Ariketa modura, zein katebegitan ezarriko zenukete ondoko esaldi bakoitza? Bada zuen hizkeran ezinezkoa denik? Etorkizun hutsa adierazten ote du behar partikulak? Zer dela-eta (ez)?

  1. Bihar zinemara joan behar dut.

 

  1. Azkenean zer, etorri behar al duzu?

 

  1. Ardoa behar dut.

 

  1. Hurrengo hauteskundeak irabazi behar ditugu.

 

  1. Gauean etxekolanak egin behar ditut.

 

  1. Datorren urtean goenkale bukatu behar omen da.

 

  1. Pixa egin behar dut.

 

  1. Bazkaldu behar duzu?

______________________________________

[1] Beharbada, (1) adibidean ez bere horretan, baina bai beharrezko(a) eduki (edo *edun) erabilita; kontua da mendebaldeko hizkerek, bederen, behar (edo beharrizan) izena eta beharrezko adjektiboa bereiztera egin dutela.