Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà
Izan gaitezen baikor. Gaitezen diberti. Demagun Olentzerok baduela gure blogaren berri. Demagun irakurtzen duela Maialen Berasategik abenduan egindako eskea, prestatzen duela irakurleek euskal itzulpenei dieten alergia(txoa?) sendatzeko ukendua eta (oh! miraria!) agortu egiten direla amen batean han eta hemengo gordetegietan lozorroan zeutzan itzulpen gehienak; tira, ez gaitezen handinahiak izan: itzulpenetako asko. Demagun agorturiko horiek guztiak berrargitaratzeko Ekintza Plana taxutzen eta abiarazten dela beste amen batean, eta hor hasten dela zuzentzaile-armada begi-zorrotz bat testuok orrazten jo eta su oraingo idaztarauak buruan eta boligrafo gorriak eskuan. Demagun zuzentzaile-armada horrek iradokizunak jasotzeko online postontzia jartzen duela itzultzaile eta irakurle guztiendako zabalik, nork bere kalko oker, egitura narras edota erabilera desegoki gorrotatuena(k) salatzeko (azken batean ametsetan ere toki egin behar baitzaie topikoei, errealitate ukitua izan dezaten, eta ez al dugu esaten, bada, euskaldun guztiok filologo txiki eta txorrotx bat daramagula geure baitan?).
Holako abagune miragarri batean bagina, hauxe litzateke nire eskaria: ezaba ditzatela gure itzulpenetatik segur aski ingelesaren bidez gehienbat (baina ez bakarrik) kalean zutik dabilen jendea, hilerrian zutik daudenak hobi egin berri baten aurrean, eta leihotik begira daudenak zutik; gurpildun aulkiaren atzean zutik dauden erizainak, txirrina jo ondotik ate nagusiaren aurrean zutik geratzen diren bisitariak eta are espaloian ere zutik egoten direnak kalea gurutzatzeko zain.
Jakina da euskaraz besterik gabe egon (edo besterik gabe izan) erabiliko genukeen testuinguru anitzetan ingelesez stand (eta sit) erabiltzen direla. Aditz horiek, baina, esanahi gehigarri bat daramate, euskaraz maiz debaldekoa den zehaztasun bat, jendea, atean kas-kas jo eta gero, zutik egon ohi baita.
Eta hau dena diot lotsaz eta autokritika saio gisa, nire itzulpenetan ere komeni baino gehiago zehaztu izan baitut nola zegoen jendea harrikoa egiten edo leihotik begira. Nago gaztelaniazko itzulpenetan ere badela pertsonaien gorputz-jarrerak beharrik gabe nabarmenarazteko joera gehiegizko hori. Gaitezen kontsola. 😉
Bai, bai eta bai!!! Zenbat aldiz pentsatu dudan gauza bera! Beste bat da “horman zintzilikatzen ziren koadroen” kasu misteriotsua (aditz aspektu burutugabe eta guzti!) Bitxikeria bat: errusieran aditz bat dago “oinez joan” esateko ta beste bat “garraiobidez joateko”. Errusieraz idatzitako liburu batesn irakurtzen baduzu norbaitek lantokira bidaiatzen zuela, edo que viajó a visitar a su abuela, badakigu zergatik
Ez dakit komeni ote den gai horretan asko insistitzea. Nire inpresioa, behintzat, kontrakoa da. Hau da, gehiagotan gertatzen dela euskarazko testu batek informazio gutxiago ematea beste hizkuntza batzuetakoek baino; eta hori, antza, zehaztapena eskaintzen duen aditzari “euskarazko ez hain jator”-edo irizten zaiolako.
Adibide bat jarriko dut: biblija.net webgunean Bibliaren testua irakur daiteke, zenbait hizkuntzatan; baita euskaraz ere
Bada, euskarazkoan, Irteera, 14,1 eta 14,2n, honako hau irakur daiteke:
“Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 2 «Agindu israeldarrei itzultzeko eta Pi-Hiroten aurrean kokatzeko, Migdol eta itsasoaren artean, hau da, Baal-Tzefonen parean, itsasertzean”.
Euskarazko “kokatzeko” hori ulergarria da, bai, baina ez beste hizkuntza batzuetako testuek adierazten dutena bezain zehatza.
Aipaturiko webgunean bertan, honela dio ingelesezko testuak:
“At Etham the Lord said to Moses:
2 Tell the people of Israel to turn back and camp across from Pi-Hahiroth near Baal-Zephon, between Migdol and the Red Sea”.
Beraz, euskarazko “kokatu” lauso horrek “kanpatzea” esan nahi du. Hori bera esaten digute bai gaztelaniazko bai frantseseko testuek:
El Señor se dirigió a Moisés y le dijo:
2 “Diles a los israelitas que regresen y acampen frente a Pi-hahirot, entre Migdol y el mar, frente a Baal-sefón.a Que monten sus campamentos enfrente de este lugar, junto al mar”.
“L`Éternel parla à Moïse, et dit: 2 Parle aux enfants d`Israël; qu`ils se détournent, et qu`ils campent devant Pi Hahiroth, entre Migdol et la mer, vis-à-vis de Baal Tsephon; c`est en face de ce lieu que vous camperez, près de la mer”.
Goikoa adibide bat besterik ez da, eta ados nago Itziar eta Anarekin haiek aipaturiko kasuei dagokienez, baina… nik uste dut euskaratzaileari etengabe zuhurtasun zorrotzez jokatzearen garrantzia azpimarratu behar zaiola, ororen gainetik.