Demagun

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Izan gaitezen baikor. Gaitezen diberti. Demagun Olentzerok baduela gure blogaren berri. Demagun irakurtzen duela Maialen Berasategik abenduan egindako eskea, prestatzen duela irakurleek euskal itzulpenei dieten alergia(txoa?) sendatzeko ukendua eta (oh! miraria!) agortu egiten direla amen batean han eta hemengo gordetegietan lozorroan zeutzan itzulpen gehienak; tira, ez gaitezen handinahiak izan: itzulpenetako asko. Demagun agorturiko horiek guztiak berrargitaratzeko Ekintza Plana taxutzen eta abiarazten dela beste amen batean, eta hor hasten dela zuzentzaile-armada begi-zorrotz bat testuok orrazten jo eta su oraingo idaztarauak buruan eta boligrafo gorriak eskuan. Demagun zuzentzaile-armada horrek iradokizunak jasotzeko online postontzia jartzen duela itzultzaile eta irakurle guztiendako zabalik, nork bere kalko oker, egitura narras edota erabilera desegoki gorrotatuena(k) salatzeko (azken batean ametsetan ere toki egin behar baitzaie topikoei, errealitate ukitua izan dezaten, eta ez al dugu esaten, bada, euskaldun guztiok filologo txiki eta txorrotx bat daramagula geure baitan?).

Holako abagune miragarri batean bagina, hauxe litzateke nire eskaria: ezaba ditzatela gure itzulpenetatik segur aski ingelesaren bidez gehienbat (baina ez bakarrik) kalean zutik dabilen jendea, hilerrian zutik daudenak hobi egin berri baten aurrean, eta leihotik begira daudenak zutik; gurpildun aulkiaren atzean zutik dauden erizainak, txirrina jo ondotik ate nagusiaren aurrean zutik geratzen diren bisitariak eta are espaloian ere zutik egoten direnak kalea gurutzatzeko zain.

Jakina da euskaraz besterik gabe egon (edo besterik gabe izan) erabiliko genukeen testuinguru anitzetan ingelesez stand (eta sit) erabiltzen direla. Aditz horiek, baina, esanahi gehigarri bat daramate, euskaraz maiz debaldekoa den zehaztasun bat, jendea, atean kas-kas jo eta gero, zutik egon ohi baita.

Eta hau dena diot lotsaz eta autokritika saio gisa, nire itzulpenetan ere komeni baino gehiago zehaztu izan baitut nola zegoen jendea harrikoa egiten edo leihotik begira. Nago gaztelaniazko itzulpenetan ere badela pertsonaien gorputz-jarrerak beharrik gabe nabarmenarazteko joera gehiegizko hori. Gaitezen kontsola. 😉