Koadroez, markoez…

Maialen Berasategi Catalán

Testu asko, itzuli ondoren, maketatu eta bueltatu egiten zaizkio itzultzaileari, ziurta dezan ez dela ezer galdu eta ez hautsi doc dokumentu biluziak eder txukun jantzi eta PDFratzeko espedizio maiz arriskutsuxean –zenbat eta ez-euskaldunagoa diseinuaren arduraduna, orduan eta handiagoa noski arriskua, baina ez gara sartuko ur lohi horietan–. Tira, askotan bueltatu ere ez zaizkio egiten, eta hortxe joaten dira inprentara, dauden-daudenean. Baina har dezagun beste kasua, itzultzaileak behin betiko testua berrikusteko aukera izaten duenekoa.

Koro Garmendiak, txoko honetan bertan, irailean, eskerrak eman zizkien goxokiari forma eta bilgarri egokia jartzeko lanak hartzen dituzuen guztiei. Eta erabat ados nago. Ez du lan erraza behar idazki bat hartu, antolatu, ordenatu eta argi, ulergarri, dotore, deigarri edo eder jartzeak –testuaren funtzioa zein den–, irudien eta hizkien zirrimarra kartografiatzeak; ziur askotan behar baino denbora gutxiago izaten dela lana behar bezain kontuz egiteko, eta ziur sarri makina bat buruhauste ere izaten dela egilearen estilo-apetak behar bezala betetzeko. Eta zer esan ele biko argitalpenez? Aski lan puzzlea osatzeko: hizkuntza batean kabitzen dena bestean ez dela kabitzen, batean bi hitzetan esaten dena bestean seitan esaten dela, eta abar eta abar. Ulergarria da, beraz, nahi gabeko hutsegitetxoak egitea.

Baina nahi gabeko okertxo erabat logikoetatik harago, bada joera bat, ez orokortua baina bai uste baino nabarmenagoa –irudipen hori dut, behintzat–, diseinu-kontu batzuk testuaren arau esplizitu eta inplizituen gainetik jartzekoa. Letra-tipo irakurtezinez ari naiz, besteak beste: begiak sano dituen edonor miopetzeko moduko letra lodi pila-pilatu horiez, adibidez. Eta honelakoez ere bai: “perretxiko-biltzaileen iii. topaketa”; zilegi ote perretxiko-biltzaileak iiika jartzea letra xehearekin efektu berezi (?) bat lortzearren? Eta liburu eta abarren izenburuen etzana misterioz desagertzen denean? Zer ulertu behar du irakurleak zehazki “J. L. Otamendiren Kapital publikoa” irakurtzen duenean?

Bada, gertatzen da testua berrikustean itzultzaileak horiek zuzentzeko eskatu eta ezezkoa jasotzea. Ez beti, jakina, baina, esan bezala, bada joeratxo bat. Eta orduan, ezin galderari eutsi: testu baten diseinua testuaren beraren gainetik jartzea ez ote da koadro bati margolan erdia estaltzen duen marko bat jartzea bezala?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude