Igone Zabala Unzalu
Sintagma-egitura duten zenbait hizkuntza-elementu lexikalizazio-prozesuen ondorio dira: etxekoandre, udaberri… Lexikalizazioaren ondorioz, elementuen trinkotzea, gramatika-kategoriaren edota esanahiaren aldaketa, edo/eta konbinatzeko aukeren murrizketa gertatzen dira batzuetan. Adibidez, lexikalizazioa azaltzeko erabili ohi den adibidea da udaberri eta udazken baditugula, baina ez #udazahar edo #udalehen. Kontuan hartu behar da, bestalde, sintagmen lexikalizazio maila denboran zehar alda daitekeela, dela hizkuntza-elementua oso erabilia delako, dela errealitate berriak izendatzeko beharra sortzen delako. Esate baterako, duela gutxi arte etxekoandre izenaren adibidea erabiltzen genuen azaltzeko horren ondoan ez zegoela #etxekogizon hiztegi-sarrerarik. Nahi genukeena baino astiroago, eta seguruenik ez nahi genukeen bidetik, baina garaiak aldatu egin dira eta egun etxeko gizon eta etxegizon ordainak aurki ditzakegu Elhuyar Hiztegietan ‘amo de casa’ sarreratik abiatzen bagara. Etxeko gizon bereiz idatzita ageri da, ordea, seguruenik, hiztegigileak ez direlako ausartu hitz berriari lexikalizazio eta trinkotze mailarik gorena esleitzen.
Beste kasu batzuetan, lexikalizazioa askotariko izenak modifikatzen dituen adjektibo edo izenlagun baten nominalizazioaren eskutik dator: batez besteko {erikortasuna / kontsumoa / egreso kopurua…} > batezbesteko(a). Elhuyar Hiztegietan edota Zehazki hiztegian, adibidez. Antzekoak dira atzera begirako {azterketa / erakusketa} modukoak, baina atzerabegirako(a) izenak hartzen duen adiera ezin da lotu edozein motatako izen-sintagmarekin, eta Zehazki hiztegian baino ez dugu ikusi jasota. Azpimarratu beharrekoa da idazkerak nabarmenki laguntzen duela aukeratzen dugun hiztegi-sarreraren lexikalizazio maila diskurtsoan islatzen eta erabateko koherentzia duela hizkuntza-sistemaren funtzionamenduari buruz egin ditzakegun gogoetekin:
Batez besteko adina 20 urte da
Kalkulatu adinen batezbestekoa.
Oteizaren lanaren atzera begirako erakusketa antolatu dute.
Oteizaren lanaren atzerabegirako bat antolatu dute.
Atzera begirako azterketa egin dugu. / # Atzerabegirako bat egin dugu.
‘Retrospectivo’ edo ‘media’ euskaraz nola eman erabakitzekotan Adorez 5000 hiztegira jotzen duenak, aldiz, ‘retrospectivo’ sarreran atzerabegirako erakusketa adibidea aurkituko du, eta ‘media’ sarreran, honako azpisarrera honekin egingo dute topo: 3. f (Mat.) promedio: batez besteko; media aritmética: batez besteko aritmetikoa; media ponderada: batez besteko haztatua; media geométrica: batez besteko geometrikoa. Hiztegi Batuko informazioaren interpretazio baten ondorio izan liteke hori, Euskaltzaindiaren hiztegi arauemaileak batez besteko jasotzen baitu baina ez batezbesteko izen kategoriako elementu lexikalizatua. Euskalterm terminologia-banku publikoan ere bereiz idatzia ageri da izen-kategoriako sarrera (batez besteko aritmetiko).
Bestelakoa da lagunarteko eta nazioarteko adjektiboen kasua, lagunarte edo nazioarte lexikalizatutako izenetatik heredatzen baitute trinkotasuna. Hiztegietan jasota daude forma trinkoak, baina ez dirudi erabileran bi izenlagunek berdin jokatzen dutenik. Lexikoaren Behatokiaren Corpusean, esate baterako, 12.209 agerraldi ditu nazioarteko forma trinkoak, eta 8 agerraldi baino ez nazio arteko forma analitikoak, baina askoz ere alde txikiagoa dago lagunarteko eta lagun arteko formen artean, hurrenez hurren, 350 eta 74 agerraldi baitituzte. Azken aldian maiz ikusten dira nazioarte mailan eta nazioarte mailako modukoak, idazleek testuinguruaren araberako ñabardurak egiteko izaten dituzten beharretan pentsarazten dutenak.
Nazioarte osoaren sostengua izango luke.
Nazioarteko segurtasuna kolokan dago.
Emakumeen nazio arteko eguna da gaur, martxoak 8.
Ingeniaritza elektronikoan nazioarte mailan sari ugari ditu.
Nazioarte mailako harreman gehiago behar dituzte gure unibertsitateek.
Zailago ikusten dut, ordea, azaltzea zergatik ageri den diziplinarteko lotuta idatzita Hiztegi Batuan eta berdin, Elhuyar hiztegietan, diziplinarteko, jakintza-alorrarteko, ez baitago #diziplinarte edo #jakintza-alorrarte moduko izenik. (Ikus abenduko posta) Egia da, nolanahi ere, diziplinartekotasun izena egoteak zerikusia izan lezakeela lotuta idazteko joerarekin. Lexikoaren Behatokiaren Corpusean 17 agerraldi ditu diziplinarteko formak eta 16 agerraldi, aldiz, diziplina arteko. Ereduzko Prosa Gaur corpusean 2 agerraldi diziplinarteko formak eta 10 agerraldi diziplina arteko formak. ETC corpusean 150 agerraldi diziplinarteko forma trinkoak eta 190 diziplina arteko bereiz idatzitakoak. Beraz, ez dirudi egituraren analisiak ez eta erabilerak lotuta idaztearen alde egiten dutenik.
Hiztegi Batuak bide hori jorratu du. Aipatu duzun diziplinarteko horren kidekoak dira Hiztegi Batuko eskolarteko, estatuarteko eta hiriarteko ere (eta bokalarteko eta marearteko ere sar litezke, haietan bokalarte eta marearte lexikalizatuak-edo badirela edo behar direla esan badaiteke ere). Zer egin behar du erabiltzaileak, edo hiztegigileak, hori ikusita? hiriarteko eta nazioarteko ikusita, herriarteko, probintziarteko, eskualdearteko, herrialdearteko, barrutiarteko, bailararteko, kontinentearteko… sortu eta erabili? Non dago muga? Badirudi inter- aurrizkiarekin osatutako erdal adjektiboen parekoak sortu nahia dagoela atzean (erdaraz interescolar/interscolaire dagoenez, sor dezagun euskaraz eskolarteko), ezinbestekoa balitz bezala euskaraz ere hitz bakarrekoak izatea, orain arteko izenlagunen bidea nahikoa izango ez balitz bezala (eskola arteko txapelketa-ren ordez, eskolarteko txapelketa). Egia da, bestalde, –tasun eratorpen-atzizkia hartu nahi izanez gero lotuta behar lukeela (eskolartekotasun eta ez eskola-artekotasun). Hari-mutur asko duen gaia, nolanahi ere.
Eskerrik asko egin duzun analisiagatik. Hona hemen egin nitzakeen ekarpenak:
1) Etxeko gizon eman dugu hori delako corpusetan behatu dugun maiztasun handieneko aldaera, eta ez “ausartu” ez garelako etxekogizon ematen. Kasu honetan, ez dut uste lexikografoak hiztegiratu behar lukeenik erabileran finkatu ez den grafia trinkotua. Erabilerak esango du.
2) Garai batean, zabaldu zen ohitura izenlagunak, erdal baliokidea hitz bakarra zenean, automatikoki eta sistematikoki trinkotzekoa (Hiztegia 2000n ohikoa zen hori). Badira urte batzuk erabaki genuela hori egiteari uztea. Arrazoia izan zen trinkotze artifiziala zela, erdal hitz bakarraren ordainak euskaraz ere hitz bakarrez emateko joerak eragindakoa. Horregatik eman genituen Elhuyar Hiztegiaren lehen edizioan (1996) giltzurrun gaineko edo hiru hileko, gaztelaniazko suprarrenal (euskaraz suprarrenal ere bai) eta trimestral adierazteko. Biurteko eszedentzia, hiruhileko epea baina hiru eguneko epea erabili behar genituzke, arrazoi bakarra izanik gaztelaniazko bianual eta trimestral badaudela baina tridiario ez dagoela? Ez dirudi irizpide beregaina denik, gaztelaniaren aukera lexikal zehatzen mende uzten baikaitu. Baina nazioartekorekin egin genuen topo. Gogoan dut, Euskaltelen terminologia lantzen ari ginela, nazioarteko deia eta probintziarteko deia terminoak aztergai genituela, eta ez genion bideragarria iritzi probintzia arteko deia emateari, testuinguru askotan biak batera ageri baitziren. Ondoren, ikusi dugu, Alfontsok azaldu duenez, Hiztegi Batuan ere arteko bidezko izenlagunak hitz bakarrean idazteko irizpidea hedatu egin dela. Ez da egoera ideala, badakit, baina -arteko erakoak salbuespentzat har genitzake.
3) Aurreko guztia izenlagunei dagokie, ez izenei. Adibidez, trienio emateko, hirurteko da forma estandarra. Tradizioan badira horrelakoak (bihortz, hiruhortzeko). Uste dut izenak trinkotzeko irizpideak indar handia duela gaur egun ere.
4) Bada, horrekin erlazionatuta dago batez besteko / batezbesteko auzia; baina kasu honetan bada beste kontu bat: batezbesteko idazkera trinkotua Hiztegi Batuaren aurretikoa zen. Grafia hori proposatu zen UZEIren Matematika Hiztegian, eta oso hedatua zegoen, harik eta Hiztegi Batuan batez besteko sarrera, kategoriaren informazio osagarririk gabe, argitaratu zen arte. Beste hainbatetan bezala, exegesia egin behar, eta guk argi izan genuen horrek ez zuela ukatzen matematikan izen-kategoriarako idazkera trinkotua erabiltzea, pentsa baitzitekeen arauak hizkuntza arrunteko ohiko izenlagunaren grafia baino ez zuela zehazten. Beste askotan bezala, gure irizpidea izan zen, Hiztegi Batua esplizitua ez denean, eragin gutxieneko interpretazioa hobestea, eta ez hedatzea arauaren eragina. Hiztegiaren zuzendari diren Miren Azkarate eta Xabier Kintana euskaltzain osoei galdetu genien, eta ontzat eman zuten gure interpretazioa. Bistan dena, batzuek ez dute berdin interpretatu, eta hain erabilia zen batezbesteko grafia desagertzen hasi zen testu batzuetatik. Nolanahi ere, duela gutxi Euskaltzaindiak Matematikako Oinarrizko Lexikoa onartu du (ea laster argitaratzen den), eta batezbesteko grafia onartu du izen-kategoriarako (batezbesteko artimetiko eta batezbesteko geometriko).
Eskerrik asko, Alfontso eta Antton, zuen iruzkin eta azalpen xehengatik. Zalantzarik ez dago hiztegigileek ahalegin handia egin behar duzuela Hiztegi Batuko arauak eta erabakiak interpretatzeko eta aplikatzeko. Nolanahi ere, ez diot zentzu handirik ikusten erdal ‘hitz bat euskal hitz bat’ arau hori edozein izenlaguni hedatzea, eta horretaz idaztea pentsatu nuen. Uste dut euskararen sistemaren logikari jarraituz ñabardura gehiago egiteko tartea dagoela, euskaraz.
Dena den, hiztegietan hitz bakarreko idazkera onartutzat emateagatik, zabalik daukagu sintaxiaren bidea. Ezta? Hiztegiek elementu lexikoak jasotzen dituzte, baina ezin dituzte mugatu sintaxi-arauek ematen dizkiguten aukerak. Beraz, halako izenlagunak bereiz idazteak beti izan beharko luke posible Hiztegi Batuak jasotzen dituen aukerak edozein direlarik.
Arazo handiak sortzen zaizkit niri ikasleei euskararen sintaxi-arauak eta hiztegi-sorkuntzarako arauak irakatsi behar dizkiedanean eta hiztegietan ageri dena ez datorrenean bat irakatsi behar diedan horrekin. Erabileraren ondorioz zenbait kasutan gertatu diren trinkotzeak (nazioarteko) errazak dira azaltzen, baina ez horrelakoak beti (edo ia beti) lotuta idazteko jarraibidea. Ez zait iruditzen corpusek ere horretarako oinarria ematen dutenik, momentuz behintzat. Baina erraz gerta daiteke hiztegien ondorioz corpusetako joerak ere azkar aldatzea.