Lexikalizazioak trinkotzea dakarrenean

Igone Zabala Unzalu

Sintagma-egitura duten zenbait hizkuntza-elementu lexikalizazio-prozesuen ondorio dira: etxekoandre, udaberri… Lexikalizazioaren ondorioz, elementuen trinkotzea, gramatika-kategoriaren edota esanahiaren aldaketa, edo/eta konbinatzeko aukeren murrizketa gertatzen dira batzuetan. Adibidez, lexikalizazioa azaltzeko erabili ohi den adibidea da udaberri eta udazken baditugula, baina ez #udazahar edo #udalehen. Kontuan hartu behar da, bestalde, sintagmen lexikalizazio maila denboran zehar alda daitekeela, dela hizkuntza-elementua oso erabilia delako, dela errealitate berriak izendatzeko beharra sortzen delako. Esate baterako, duela gutxi arte etxekoandre izenaren adibidea erabiltzen genuen azaltzeko horren ondoan ez zegoela #etxekogizon hiztegi-sarrerarik. Nahi genukeena baino astiroago, eta seguruenik ez nahi genukeen bidetik, baina garaiak aldatu egin dira eta egun etxeko gizon eta etxegizon ordainak aurki ditzakegu Elhuyar Hiztegietan ‘amo de casa’ sarreratik abiatzen bagara. Etxeko gizon bereiz idatzita ageri da, ordea, seguruenik, hiztegigileak ez direlako ausartu hitz berriari lexikalizazio eta trinkotze mailarik gorena esleitzen.

Beste kasu batzuetan, lexikalizazioa askotariko izenak modifikatzen dituen adjektibo edo izenlagun baten nominalizazioaren eskutik dator: batez besteko {erikortasuna / kontsumoa / egreso kopurua…} > batezbesteko(a). Elhuyar Hiztegietan edota Zehazki hiztegian, adibidez. Antzekoak dira atzera begirako {azterketa / erakusketa} modukoak, baina atzerabegirako(a) izenak hartzen duen adiera ezin da lotu edozein motatako izen-sintagmarekin, eta Zehazki hiztegian baino ez dugu ikusi jasota. Azpimarratu beharrekoa da idazkerak nabarmenki laguntzen duela aukeratzen dugun hiztegi-sarreraren lexikalizazio maila diskurtsoan islatzen eta erabateko koherentzia duela hizkuntza-sistemaren funtzionamenduari buruz egin ditzakegun gogoetekin:

 

Batez besteko adina 20 urte da

Kalkulatu adinen batezbestekoa.

Oteizaren lanaren atzera begirako erakusketa antolatu dute.

Oteizaren lanaren atzerabegirako bat antolatu dute.

Atzera begirako azterketa egin dugu. / # Atzerabegirako bat egin dugu.

 

‘Retrospectivo’ edo ‘media’ euskaraz nola eman erabakitzekotan Adorez 5000 hiztegira jotzen duenak, aldiz, ‘retrospectivo’ sarreran atzerabegirako erakusketa adibidea aurkituko du, eta ‘media’ sarreran, honako azpisarrera honekin egingo dute topo: 3. f (Mat.) promedio: batez besteko; media aritmética: batez besteko aritmetikoa; media ponderada: batez besteko haztatua; media geométrica: batez besteko geometrikoa. Hiztegi Batuko informazioaren interpretazio baten ondorio izan liteke hori, Euskaltzaindiaren hiztegi arauemaileak batez besteko jasotzen baitu baina ez batezbesteko izen kategoriako elementu lexikalizatua. Euskalterm terminologia-banku publikoan ere bereiz idatzia ageri da izen-kategoriako sarrera (batez besteko aritmetiko).

Bestelakoa da lagunarteko eta nazioarteko adjektiboen kasua, lagunarte edo nazioarte lexikalizatutako izenetatik heredatzen baitute trinkotasuna. Hiztegietan jasota daude forma trinkoak, baina ez dirudi erabileran bi izenlagunek berdin jokatzen dutenik. Lexikoaren Behatokiaren Corpusean, esate baterako, 12.209 agerraldi ditu nazioarteko forma trinkoak, eta 8 agerraldi baino ez nazio arteko forma analitikoak, baina askoz ere alde txikiagoa dago lagunarteko eta lagun arteko formen artean, hurrenez hurren, 350 eta 74 agerraldi baitituzte. Azken aldian maiz ikusten dira nazioarte mailan eta nazioarte mailako modukoak, idazleek testuinguruaren araberako ñabardurak egiteko izaten dituzten beharretan pentsarazten dutenak.

Nazioarte osoaren sostengua izango luke.

Nazioarteko segurtasuna kolokan dago.

Emakumeen nazio arteko eguna da gaur, martxoak 8.

Ingeniaritza elektronikoan nazioarte mailan sari ugari ditu.

Nazioarte mailako harreman gehiago behar dituzte gure unibertsitateek.

 

Zailago ikusten dut, ordea, azaltzea zergatik ageri den diziplinarteko lotuta idatzita Hiztegi Batuan eta berdin, Elhuyar hiztegietan, diziplinarteko, jakintza-alorrarteko, ez baitago #diziplinarte edo #jakintza-alorrarte moduko izenik. (Ikus abenduko posta) Egia da, nolanahi ere, diziplinartekotasun izena egoteak zerikusia izan lezakeela lotuta idazteko joerarekin. Lexikoaren Behatokiaren Corpusean 17 agerraldi ditu diziplinarteko formak eta 16 agerraldi, aldiz, diziplina arteko. Ereduzko Prosa Gaur corpusean 2 agerraldi diziplinarteko formak eta 10 agerraldi diziplina arteko formak. ETC corpusean 150 agerraldi diziplinarteko forma trinkoak eta 190 diziplina arteko bereiz idatzitakoak. Beraz, ez dirudi egituraren analisiak ez eta erabilerak lotuta idaztearen alde egiten dutenik.