Eromenarekin

Iñaki Segurola

Jende xeheak asmatua da hizkuntza. Hau behin eta berriro esan beharra dago, zeren maiz atzentzen baitzaie kulturako eta letrakuntzako gizabanakoei. Jende xeheak asmatua, eta haurrek etengabe berrasmatzen dutena.

Jende xehea eta haurrak ez dago honaino ekartzerik, eta hargatik dakart berriro ere gizabanako xehatu edo umetu baten mintzoa. Ez da gauza bera, baina baliteke xehatuak xehearen kutsu bat izatea.

Eromenetik idatzi nuen hementxe bertan, agertu nahirik Jon Otero Uribarren ero deklaratuak euskara gurearekin dituen hainbat gorabehera. Ordutik hona, Otero bertatik ezagutzeko egokiera izan dut. Gesalibar edo Santagedako Etxetxoko seme Balen Tramon lagunaren bitartekaritzari esker, abenduaren 14an bildu ginen Arrasateko ostatu batean Tramon, Otero eta hirurok. Gesalibarko zoroetxetik “jai” izaten du Oterok larunbat eguerditik igande iluntzera bitartean, eta ordu eta erdian egon ginen berriketan.[1] Nere asmoa zen lehendik idatziak osatzea Oterori berari aditutakoarekin.

Oteroren aurreneko hitzak: “Segurola: erakutsiko diat ez naizela zoroa” (batuan egiten dit, eta ez dakit den ezinez edo hobe beharrez). Nere erantzuna: “ba agian nik erakutsiko diat zoroa naizela” (ez batuan). Ederki hasi gara.

Zoroetxe barruko bizimoduaz, psikiatriaren eta psikodrogen bortizkeriaz, lehengo eta oraingo gizarteaz eta beste zenbait abarrez jardun zaigu luze bezain zabal. Esplikatu digu guardozobillari aizkorarekin erasotzea kartzelara joateagatik egin zuela, eta halaxe egon zen urte mordoxka batean Fontcalent-eko zorogaizto-etxe edo kartzela-psikiatrikoan. Lau telebista puskatzera iritsi zen etxean, eta gurasoek ganbarara bidali zuten bizitzera. Bere herrian eskale ez izateagatik aukeratu omen zuen kartzelan preso egotea, baina bai ederki damutu ere, Fontcalent-en pasatakoak pasa eta gero.

Bere etorkizuneko proiektuen berri ere eman digu. A.T.A.M.I. izeneko erakundea sortu nahi luke: Aisialdi Teknologikoaren Aurkako Mugimendu Iraultzailea. Telebistako erratariak eta telebista bera desagerrarazteko estrategia oso landua dauka, baina ez da komeni hemen argitasun gehiegi ematea.

Diagnostiko ofiziala zein duen galdetu, eta “eskizofrenia” dela esan digu. Hizkuntzaren barrutira arrimatuz, psikiatra batek honako hauxe esan omen zion hitzez hitz, eta hiru bider esan ere: tú estás en psiquiatría [= zoroetxean] por hablar en euskera a los castellanos. Eta eroak legeari heltzen dio bere buruari laguntzeko, zuhurki eta arrazoi onez heldu ere, esanez mundu orok duela euskaraz mintzatzeko eskubide legezkoa, eta nola legeak ez duen zehazten zeini mintza dakiokeen euskaraz eta zeini ez, orduan ulertu behar da bat edonori mintza dakiokeela euskaraz.

Hala ere, Otero ez zaio mintzatzen edonori euskaraz “kalean”, baina zoroetxean eta espetxean bai, “lau horma daudelako”. Arrasaten egindako grabazioa dut letraratzen:

Lau hormek estutu egiten naute, eta larritasuna sortzen didate. Eta medikaziorik ez dudanean [gorputzean?], beharra, behar arraro bat dut euskaraz egiteko erdaldunei. Eta liberatu egiten naiz, eta hobeto sentitzen naiz. Bai, lau hormen artean nagoenean, erdaldunen artean larritasuna sortzen zait. Gauza arraro bat da, euskaltzaleek ulertzen ez dutena, baina neri gertatzen zait. Orduan, euskaraz egiten diedanean erdaldunei, lasaitu egiten naiz, eta barre egiten dut.

Estutzen dutenean, beraz, euskarak askatzen du. Erdarak larritasuna areagotzen dio, baina euskarak lasaitasuna eta barrea ekartzen dizkio.

Indizio bidezko psikodrogak, ordea, euskara kentzen dio ezpainetatik. Edonori euskaraz egiteko behar hori ezin bihurtzen da psikodrogaren egitez.

Fontcalent-eko espetxean, presoekin ez nuen arazorik, kartzeleroekin ez nuen arazorik, erizainekin ez nuen arazorik, baina psikiatrak indizioa sartzen zidan hamabost segundoan. Kontsultan sartu, eta euskaraz egiteko beharra nuen; euskaraz egin eta minutu batean erabakitzen zuten indizioa sartzea. Eta hasten nintzen erdaraz egiten indizioarekin, ze indizioarekin ezin nion eutsi euskarari. Indizioarekin ezin diot egin erdaldun bati euskaraz.

Fontcalent-eko zoropresoek “ilusioz hartzen zuten ni euskaraz entzutea. Esaten zuten: hau zoroetxe bat da, cada loco con su tema, honek euskaraz egiten digu; ba hor konpon!” Haientzat ere askatzeko edo lasaitzeko modu bat ote zen euskara?

Arrasateko eta ia nonahiko beste asko bezala, mutikoskor eta gaxte denbora erdaraz pasatakoa da Otero, eta hemezortzi urterekin hasi omen zen “berriro” euskaraz egiten.

Hamazortzi urte bitartean erdaraz egiten nuen gehiena. Hamazortzi urterekin korrika egien hasi nintzen, tabakoa laga nuen. Hasi nintzen hobeto sentitzen euskaraz egiten banuen.

Zergatik lotzen zaio bat berriro euskarari gizondu edo emakumetu ondoren? Zer da Oterok dioen hobeto sentitze hori? Dakienak erantzun beza.

Oteroren zuhurtzia ero edo eromen zuhur horren kontraispiluak beharbada laguntzen ahal digu ikusten zein diren gure beharrak eta nondik datozen gure ezinak; zein diren gure “behar arraroak” eta ze indizio klasek ezintzen gaituen, besteak beste.

[1] Gure harremanari jarraipena eman nahi lioke Oterok, kartaz entenditzeko elkarren berriak. Eskuz idazten du berak. Tramoni nere helbide fisikoa eskatua dio, eta badirudi Oterok aspaldiko partez jarriko nauela gutun idazten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude