Esti Lizaso
Ordenagailua ezinbesteko lan-tresna bilakatu da itzultzaileentzat. Eta ordenagailuz lagunduta itzultzeko tresnak (OLI tresnak) ere gero eta ohikoagoak dira. Tresnak erabiltzen hasi nahi dutenen artean zer tresna aukeratu izaten da kezka ohikoena. Zein da tresnarik onena? Eta erabilerrazena? Eta merkeena? Eta aukera gehien eskaintzen dituena? Zein gomendatuko zenidake?
Bada, galdera horiek guztiak itzultzaileon leloarekin erantzun daitezke: it depends on the context.
Tresnak ez dira hobeak edo okerragoak. Guztiak daude helburu bererako diseinatuta eta guztiek balio dute itzultzen laguntzeko. Beraz, itzultzailearen edo bezeroaren arabera aukeratu beharko litzateke bata ala bestea.
Hasteko, itzulgaiaren formatua hartu behar da kontuan. Testu-dokumentuak itzultzeko, adibidez, nahikoa dira tresna oinarrizkoenak. Horietako batzuek ez dute interfazerik ere izaten; testu-prozesadorean txertatzen diren gehigarri hutsak izaten dira. Salneurria ere merkeagoa izan ohi da.
Fitxategi landuagoak itzultzeko (maketazioak, datu-baseak, kalkulu-orriak…), beste tresna batzuk erabili behar dira; dagokigun fitxategi-formatua onartzen dutenak eta, lana amaitutakoan, jatorrizko formatua ahalik eta ondoen mantenduko dela bermatzen dutenak.
Eta softwarea, webguneak, bideo-jokoak, azpidazkiak etab. itzultzeko beste tresna batzuk ditugu, eduki horien behar eta berezitasunei aurre egiteko espezializatuta daudenak.
Ezer erabaki aurretik, hortaz, ezinbestekoa da zer multzotan begiratzen hasi behar den erabakitzea. Kasurako, ez du zentzurik hobe beharrez ari garelakoan punta-puntako tresna bat eskuratzeak, baldin eta gure lanean gutun, txosten eta agiriak itzultzen baditugu. Izan ere, tresna handiek toki asko behar izaten dute ordenagailuan eta RAM memoria asko erabiltzen dute. Horrek lana oztopatu besterik ez du egingo. Gainera, tresna handiak garestiak izaten dira, eta ondo kalkulatu behar izaten da zenbat hitz itzuli beharko diren inbertsioa errentagarria izatea nahi badugu.
Baina, zer motatako tresna beharko dugun erabaki ondoren ere, ezaugarri bertsuko tresnen eskaintza zabala izaten da. Horien artean zein aukeratu erabakitzeko arrazoi bat baino gehiago azter genitzake:
Zer tresna dakigu erabiltzen? Zenbat denbora dugu tresnak erabiltzen ikasteko? Itzulpenak egiteko, tresnak axaletik ezagutzea nahikoa izaten da; tresnari etekina ateratzeko, berriz, denbora eskaini behar zaio sakontze-lanari.
Zer tresna erabiltzen dute interesatzen zaizkigun bezeroek? Badira tresna bakarrarekin lan egiten duten enpresa eta agentziak. Tresna hori izateak haiekin lan egiteko aukerak zabaltzen ditu.
Zenbat tresna beharko ditugu? Bezero zuzenak badauzkagu, eta xede-fitxategiak entregatzea nahikoa badugu, edozein tresna erabili ahal izango dugu, bezeroak ez baitu jakingo nola egiten dugun lan. Agentzia bat baino gehiagorentzat lan egiten badugu, aldiz, tresna bat baino gehiagorekin lan egin beharko dugu. Gure esku egongo da tresna horiek denak erostea, erosketak agentziarekin negoziatzea ala agentziari tresnetarako sarbidea eskatzea.
Zenbat diru gastatu nahi dugu, eta nola ordaindu nahi dugu: ordainketa bakarra eginda ala kuota bat ordainduta? Bezero finkorik ez badugu, ez da tresnak erosteko presa handiegirik izan behar, zer tresna eskatuko dizkiguten jakin arte. Lokalizazioan, adibidez, bezeroetako askok euren tresnak garatzen dituzte, lehiakideek baliabideak ostea ekiditeko eta tresnaren eginbideak euren edukien beharretara doitzeko. Tresna horiek doan eman ohi dizkie bezeroak itzultzaileei. Horregatik, merkatuan dauden tresnak erostea alferreko inbertsioa izan liteke kasu horietan.
OLI tresnen merkatuko lehia handia da, eta erabiltzaileen artean ere ezaguna da halako sektarismo bat.
Hala ere, argudiatzen hasitakoan, oso paretsu geratzen dira denak. Funtsean, ondoen ezagutzen duen tresna gustatzen zaio itzultzaile bakoitzari, hari ateratzen diolako etekinik handiena. Baina beste tresna bat berea bezain ondo ezagutuko balu eta hura ere bere fitxategiekin erabiltzeko egokia balitz, ez dut uste eztabaidarako arrazoi handirik geratuko litzaiokeenik.
Berriro ere testuinguruaren auzira itzuli gara, beraz. Nire gomendioa hau litzateke: mendiko botak mendirako, takoiak ezkontzarako eta sandaliak hondartzarako. Eta, marka aukeratzeko orduan, etiketa-eskakizunik ez bada, behinik behin, hartu gehien gustatzen zaizuena, eta ikusi haren zirrikitu guztiak. Azken finean, hanka hutsean ez ibiltzea da kontua, eta zapatak erraz aldatzen dira. Oinez denok baitakigu…