Alfontso Mujika Etxeberria
Itzultzaile askoren zalantza izan da, eta gaur egun ere zalantza da: zer egin enpresen izenetan gaztelaniaz (edo beste erdaretan) agertzen diren sozietate anonimo, sozietate mugatu, kooperatiba-sozietate / sozietate kooperatibo horien laburtzapenekin (S. A. edo SA…)? Euskaratu ala ez?
ItzuL posta-zerrendan, maiz atera da gaia: 2004an, 2005ean, 2007an, 2010ean eta 2011n. Gauzak oso garbi ez dauden seinale.
Batzuek diote legeak ezartzen duela nola erabili behar den eta, horren ondorioz, horrek behartzen duela euskaraz ezertxo ere ez aldatzera, enpresaren izen ofizialaren parte delako. Eta, horretarako, Espainiako 1989ko 1564/1989 Legegintzako Errege Dekretua aipatzen dute, Sozietate Anonimoen Legearen testu bategina, honela baitio 2. artikuluan:
Artículo 2. Denominación.
1. En la denominación de la compañía deberá figurar necesariamente la indicación «Sociedad Anónima» o su abreviatura «S. A.».
Nire ustez, interpretazio legalista hori pixka bat murriztailea da, eta, gaztelanian bertan, zaharkitua dago. Hona hemen zergatik:
RAE Real Academia Españolaren 1999ko Ortografía obran, lehen eranskinean (“Lista de abreviaturas, siglas y símbolos”), hau ageri zen:
S. A. sociedad anónima
S. L. sociedad limitada
Alegia, puntuz idatzita, laburdura dela (eta ez sigla) argi agertzen zela.
Hala ere, 2010eko Ortografía de la lengua española obra berrian, aldatu egin dira gauzak. Honela ageri da orain:
3.2.1 LECTURA
Las abreviaturas son un fenómeno de reducción meramente gráfica, por lo que su lectura corresponde a la realización de la forma plena de la palabra abreviada: Sr. se lee [señór]; cap. se lee [kapítulo], etc. No obstante, hay algunas abreviaturas de expresiones pluriverbales, formadas solo con la inicial de cada palabra abreviada, en las que hoy es más habitual la lectura por deletreo o, si su configuración formal lo permite, como palabras (modos de lectura que corresponden a las siglas; v. § 3.3.2), pese a que en su escritura aún se conserva el punto abreviativo detrás de cada letra. Se trata, entre otros, de casos como S. A., S. L. o R. I. P., que pueden leerse reponiendo la expresión completa abreviada, esto es, sociedad anónima, sociedad limitada, requiescat in pace (expresión latina que significa ‘descanse en paz’), pero que hoy resulta más habitual leer [ése-á], [ése-éle], [rríp]. En estos casos, cuando la lectura por deletreo o como palabra llega a desplazar a la lectura como abreviatura, puede prescindirse de los puntos abreviativos, considerando que esas secuencias, originariamente abreviaturas, han pasado a funcionar ya como siglas: SA, SL, RIP.
Eta “Lista de abreviaturas” eranskinean, beste hainbeste:
S. A. sociedad anónima (…). También SA, como sigla.
S. L. sociedad limitada. También SL, como sigla.
Orain, gatozen euskarara. Laburdura erabiltzeak badu arazo bat: deklinatzea. Laburdurak, ahal dela, hobe ez deklinatzea, puntu bat baitute eta hori estetikoki (estetika tipografikoaz ari naiz) itsusia da: Euskaltel, S. A.ko langileak (Eta, bestetik, nola deklinatu? Alecop, S. Coop.eko langileak ala Alecop, S. Coop.ko langileak?). Horregatik, laburdurak ez deklinatzea eta, deklinatu behar izanez gero, osorik idaztea proposatzen da, adibidez, EIMAren Ortotipografia estilo-liburuan eta Berriaren estilo-liburuan. Siglak, berriz, arazorik gabe deklinatzen dira: nire PCko disko gogorra, BEZaren igoera.
Hala ere, arazo estetikoa baino askoz arazo larriago bat dugu hor: koma. Euskaraz, koma horrek ez du zentzurik, eta sintaktikoki hankaz gora, ulertezin, uzten du izen-sintagma, batez ere deklinatu behar denean:
Gaur, Eusko Jaurlaritza, Euskaltel, S.A.ko langileak eta sindikatuak eztabaidatzen hasi dira.
Izan ere, Euskaltel, S. A. idaztea —komaz, alegia— Txindoki, mendia. edo Ibaizabal, ibaia. idaztearen parekoa da; alegia, gramatikala da, baina esanahi jakin batekin:
Txindoki, mendia. = “Txindoki, mendia esan nahi dut [eta ez Txindoki izena duen gure elkartea].”
Komarik gabe, berriz, aldatu egiten da esanahia:
Txindoki mendia. = “Txindoki izeneko mendia.”
Horrenbestez, has gaitezen hortik:
1- Euskaraz, koma horrek ez du zentzurik. Beraz, ez dezagun idatz. Gainera, RAEk berak esan du gaztelanian bertan ez dela desegokia komarik gabeko erabilera. Begira zer erantzun zuen RAEk 2004an kontsulta egin ziotenean (ItzuLen argitaratua 2004an):
[Begoña Azpiri] Orain dela pare bat aste gai honen inguruan ibili ginenez, horra hor RAEren erantzuna:
Es habitual incluir una coma antes de abreviaturas como S. A. y S. L., considerándolas como una aposición al nombre de la empresa:
Telefónica móviles, S. A.
Industrias Jari, S. L.No obstante, esta abreviatura puede considerarse también parte integrante del nombre de la empresa, por lo que no sería incorrecto omitir la coma:
Repsol S. A.
Reciba un cordial saludo.
Departamento de Español al día
RAE
Begira koma horrek eragiten duen arazoaren adibide erreal bat, EHAAn argitaratua:
IRAGARKIA, Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua, SA (SPRI SA) erakundearena, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren Idazkaritza Teknikoari laguntzeko aholkularitza zerbitzua kontratatzeari buruzkoa.
Zer ulertu behar dugu Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua, SA (SPRI SA) erakundearena irakurrita? “Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua” delako sozietatea “SA (SPRI SA) erakundearena” dela, ezta? Baina ez da hori, jakina, erdal moldearen kalkoa baizik (ANUNCIO de la Sociedad para la Promoción y Reconversión Industrial, S.A. (SPRI, S.A.), relativo a…). Ulertuko genuke, bai, baina bigarren irakurraldi bat beharko genuke.
2- Izendapena osorik aipatu behar bada (hau da, zer sozietate-mota den aipatzea beharrezkoa bada; adibidez, itzulpen batean, jatorrizkoan agertzen delako), erabil dezagun sigla, eta ez laburdura, bai absolutiboan, bai absolutibotik kanpo:
Euskaltel SA nabarmen hazi zen iaz.
Telefónica móviles SAren 2015eko aurrekontua.
Maiatzetik aurrera, Industrias Jari SLk ordezkaritza izango du Iruñean.
3- Eta sigla euskaratu dezakegu, ala jatorrizkoa erabili behar da?
Espainiako legeriaren arabera, konpainiaren izendapenean nahitaez agertzekoa da nolako sozietatea den. Beraz, konpainiaren izendapenaren parte da. Horregatik, dokumentu ofizialetan, arazo-iturri izan daiteke sigla (edo laburdura) euskaratzea. Kontuan izan behar dugu, bestalde, Espainiakoak ez diren sozietateen kasuan ere erabiltzen direla siglak edo laburdurak eta ez dela komeni halakoak sistematikoki euskaratzea, ezezagunak eta, horren ondorioz, ulertezinak liratekeelako. Adibidez, zertarako euskaratu Frantziako SARL (société à responsabilité limitée), edo Belgikako SPRL (société privée à responsabilité limitée), edo Herbehereetako BV (besloten vennootschap met beperkte aansprakelijkheid) edo Alemaniako GmbH (Gesellschaft mit beschränkter Haftung) edo Erresuma Batuko Ltd (private company limited by shares) edo Estatu Batuetako Inc. (incorporated) siglak. Beren horretan uztea da zuhurrena eta logikoena.
Kontuan izan behar dugu, gainera, arazoak gerta daitezkeela siglak itzuliz gero. Adibidez, har dezagun Alemaniako Siemens AG enpresa (Aktiengesellschaft hitza laburtzeko erabiltzen da AG sigla; Aktiengesellschaft hitza sozietate anonimo terminoaren baliokidea da Alemanian): Siemens AG da gaztelaniaz, eta ez *Siemens SA. Izan ere, Espainian bada Siemens SA izeneko enpresa bat (ofizialki, osorik: Siemens, S. A. España), Alemaniako nagusiaren mende dagoena. Alemaniakoa aipatzeko SA erabiltzea nahasgarria litzateke.
4- Orduan, zertarako behar ditugu euskarazko siglak?
Aurreko puntuan esan badut enpresen izenetan zuhurrena dela jatorrizkoa uztea, ez da esparru handirik gelditzen euskal sigletarako (enpresen izenaren ondoren erabiltzeko kasuaz bakarrik ari naiz). Euskal enpresek erabil lezakete beren euskarazko komunikazioetarako, edo euskaraz erregistratzeko.
5- Eta kooperatibak?
2010ean argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzak Laburtzapenen hiztegia, eta Euskaltermen ere kontsultatu daiteke. Bada hiztegi horren barne-sailkapenean zerbait harrigarria: sozietate anonimo (SA), sozietate mugatu (SM) eta komanditazko sozietate (KS) terminoak “laburdura arrunten” sailean sailkatu dira (laburduratzat hartuak, eta ez siglatzat, nahiz eta, harrigarriro, punturik gabe idatzi); Kooperatiba Sozietate (Koop. S.), berriz, beste sail batean ageri da, “merkataritzako laburduren” sailean. Eta bada are harrigarriagorik: sozietate anonimo, sozietate mugatu eta komanditazko sozietate letra xehez agertzen dira, normala den bezala, baina Kooperatiba Sozietate terminoaren bi hitzak letra larriz hasita agertzen dira, eta ez kooperatiba(-)sozietate, behar lukeen moduan. Bestalde, eztabaidatzekoa litzateke zer komeni den: kooperatiba-sozietate edo sozietate kooperatibo. Biak gramatikalki zuzenak izanik, nik, aukeran, sozietate kooperatibo nahiago (Euskaltzaindiaren hiztegia: kooperatibo izond. Kooperatibari dagokiona. Guyanako Errepublika Kooperatiboa. Enpresa kooperatiboak.), “anonimo” eta “mugatu” izenondoekin batera, sigla S letrarekin has dadin, baina tira (Googlen bilatuta, ikusten da sozietate kooperatiboa terminoa ez dela orain asmatua; askotan erabili da euskaraz).
Beste kontu bat da sigla erabili nahi izanez gero zer egin. Garbi dago Laburtzapenen hiztegiak proposatzen duen Koop. S. laburdura dela eta gaztelaniazko S. Coop. laburduraren kalkoa dela. Halaber dago garbi Koop. S. laburdura ezin dela sigla bihurtu S. A. laburduratik SA sigla ateratzen den bezala (KOOPS!!!). Nire iritziz, sigla erabiltzera, SK (sozietate kooperatiboa) edo KS (kooperatiba-sozietatea) dira aukera bakarrak.
Amaitzeko, adibide erreal bat, EHAAren 2012ko martxoaren 9ko zenbakian agertua:
IRAGARKIA, Ipar Kutxa Rural Kredituko Koop. S.ren Ohiko Batzar Nagusirako deialdiari dagokiona. / ANUNCIO de la convocatoria de Asamblea General Ordinaria de Ipar Kutxa Rural, S. Coop. de crédito.
Koop. S.ren erabili da euskarazko bertsioan. Izendapen ofiziala euskaratu egin da, nahiz eta izen ofiziala gaztelaniazkoa izan. Hemengo enpresa izanda, ulergarria da. Baina laburdura erabili da, ez sigla, eta deklinatu egin da, estilo-liburuek adierazten dutenari kasurik egin gabe. Nire ustez, hobe litzateke laburdura ez erabiltzea:
Ipar Kutxa Rural kredituko kooperatiba-sozietatearen [edo sozietate kooperatibaren])
edo sigla erabiltzea:
Ipar Kutxa Rural kredituko KSaren (baldin eta jotzen bada S. Coop. de crédito ez dela izenaren parte, hau da, KSaren deklinatuta, PCaren deklinatzen dugun bezala. Gaztelaniaz, adibidez, letra xehez agertu da crédito EHHAren testuan; horren arabera, pentsa daiteke ez dela izenaren parte) edo:
Ipar Kutxa Rural Kredituko KSren (baldin eta jotzen bada izenaren parte dela, hau da, KSren deklinatuta, EHUren deklinatzen dugun bezala).
Postdata: honaino iritsi bazara eta itzultzaile ez bazara, ez duzu meritu makala.
Artikulu interesgarria eta informatiboa iruditu zait, oro har.
Alabaina, bat-batean kontrako eztarritik joan zaidan aipamen bat ikusi dut: “estetika tipografikoaren” arabera (norena? Zer irizpideren baitakoa?) laburdura bateko puntuaren ondoren atzizkia jartzea “itsusia” izateari buruzko hori.
Maiz aldarrikatu ohi da euskararen berezitasunak eta berezkotasunak kontuan hartu behar direla. Dudarik gabe, atzizkien erabilera dugu bereizgarri horietako bat. Horrenbestez, zerk eragozten du, izen edo izenondo baten ordez laburdura bat erabiltzen denean, kasuko izen edo izenondoarekin batera doan atzizkia laburdurari lotzea? Nondik debeku hori?
Nire ustez, asistematikotasun bat, konplikazio antzu bat, besterik ez da.
Tira, “estetika tipografikoa” jarri beharrean, hobe “ortotipografia” jarri banu. Esan nahi nuen, besterik gabe, laburdurak, siglak ez bezala, ez direla irakurtzen (hain zuzen ere, sigla bihurtzen dira irakurtzeko ohitura zabaltzen hasten denean, hala nola RIP). Baliabide grafiko hutsa da laburdura, ez fonikoa. Horregatik, laburdura batek edozer jaso dezake, bai hitz soil bat, hitz anitzeko izendapen bat, perpaus oso bat edo, kasurako, izenlagun edo adizlagun bat deklinabide-atzizki eta guzti (K. a. = Kristo aurreKO; Kristo aurreTIK). Ez dute, siglek ez bezala, “hitz-bokaziorik”. Arazo “estetiko” edo “itsusi” izatearena (nonbait gaizki adierazi dudana, bistan denez) hortik zihoan.
Nolabait esateko, laburdurak ez dira testu arruntean funtzionatzeko elementu normalak, bi punturen aurrean, taula baten zutabe edo errenkaden azalpenak adierazten, hiztegietako eta erregistro-liburuetako epigrafeetan eta gisakoetan dute berezko tokia. Eta laburdura deklinatzea, alde horretatik, estilistikoki, ez da ohikoa (Adibide ergel bat: lauki edo taula batean oso ondo geldituko da “a.-k.” laburdura [adimen-koefizientea], baina testuan txertatuta ez da ohikoa “… eta a.-k.ren testaren sortzaileen ustez…” gisakoak erabiltzea; benetan behar izanez gero, AK sigla sortzea da konponbidea). Hori da estilo-liburuetan agertzen dena.
Nik ez dut “debeku” hitza aipatu (estiloan eta ortotipografian “debeku” hitzak ez du indar handirik; adostasunak eta senak gidatzen dute, edo gidatzen saiatzen dira). Eta “asistematikotasuna” da, hain zuzen, saihestu nahi nuena laburduren ordez siglak proposatuta (bistan denez, hori ere gaizki adierazi dut, nonbait).
Nola egiten da euskarak bezala atzizkiak dituzten beste hizkuntzetan? Gure kasuan, gainera, horietako askotan baino errazagoa da, ez baitugu ia aldaketarik hitzaren eta atzizkiaren arteko mugan (hots, kezka bakarra da atzizkia bera nola lotu grafikoki).