DOE, A DEER, A FEMALE DEER

Asier Larrinaga Larrazabal
The sound of music (es.: Sonrisas y lágrimas; fr.: La mélodie du bonheur) filmean, oso modu berezian irakatsi zien solfeoa Fräulein Mariak Von Trapp kapitainaren seme-alabei: «doe, a deer, a female deer; ray, a drop of golden sun; me…». Gure eskola-umeek (EAEn eta Nafarroan, behintzat) ez dute solfeoa ikasten, ez horrela, ez bestela. Musika, ordea, bai, eta musika-tresna bat jotzen ere bai. Zentzugabekeria horrek asko dio gure hezkuntza-sistemari buruz.

Nire iritziz, hezkuntza-sistema on batek hiru arlo hauetan gidatu beharko luke ikaslea: a) ingurunearen ezagutza, b) arrazoiketa, c) ideien eta pentsamenduen adierazpena. Blog honetara biltzen garenon interesa hirugarren arloan dagoela eta, musikaz hitz egiten badut, ez naiz hortik irteten, zeren bat etorriko zarete nirekin musika hizkuntza bat dela, gure ideiak eta gure pentsamenduak adierazteko sistema bat.

Musika hitzezko hizkuntza baino zehaztugabeagoa da, zalantza barik, baina hizkuntza unibertsala da, denok ulertzen duguna, denok erabiltzen duguna, eta denok gozatzen duguna. Nik umetan ikasi nuen solfeoa, eta txistua jotzen ere badakit. Hala ere, musikarekin adierazten naizenean, nahikoa zait inoren kantak eta inoren interpretazioak erreproduzitzea. Gaur egun, teknikak eta musika-industria ahaltsuak oso erraz jartzen didate. Niri eta denoi. Ez da harritzekoa, horrenbestez, musika gure eguneroko bizitzaren parte garrantzitsua izatea, oso eskura dugulako eta adierazpide garrantzitsua zaigulako, garrantzitsuena ―ziurrenik― hitzezko hizkuntzaren atzetik.

Ulertezina da, beraz, hezkuntza-sistemak hainbeste baliabide inbertitzea letren eta zenbakien irakaskuntzan, eta hain gutxi ―bat ere ez― alfabetatze musikalean, irakasle saiatu batzuen interes eta merezimendu txalogarriak gorabehera. Ulertezinagoa da solfeoaren oinarririk gabe Bat, bi hiru, lau txistuz jotzen edo Alaitasunaren oda flautaz jotzen irakastea oinarrizko hezkuntzako umeei. Irakurtzen ez dakienari Kresala ematea bezala da. Buruz ikasiko du testua, beharbada, baina, hurrengoan Garoa eman, eta lehengoan egongo da.

Nik oso urrun daukat hezkuntzaren mundua, eta ez nago ohituta bertan erabiltzen den diskurtsora, baina oinarrizko hezkuntzari dagozkion Jaurlaritzaren dekretuetan azaleko irakurraldi bat egin dut, eta gauza harrigarriak aurkitu ditut. Lehen Hezkuntzan, esate baterako, artearen arloko edukiak honela zehaztuta datoz: «Soinu-iturriak ikertzea, eta naturaguneetako eta gizarte-inguruneko soinuen ezaugarriak bereiztea». «Soinuaren eta soinua sortzen duten soinu-iturrien aukerak aztertzea, eta haien ezaugarriak identifikatzea». «Inguruneko soinuak aurkitzeko jakin-mina, eta hainbat estilo eta kulturatako musika-lanak entzuten gozatzea». «Isiltasunak musikan eta elkarbizitzan duen garrantzia balioestea». «Mugimenduen inprobisazioa, hainbat soinu-estimuluri erantzuteko». «Ahozko soinuak, objektuak eta tresnak aukeratzea, egoerei eta kontaketa laburrei soinua jartzeko».

Guztira, 25 eduki; batzuk, are xelebreagoak. Nik ―zinez diot― nahiago nuke gure haurrek solfeoa ikasiko balute eskolan, eta gurasoen ardurapean utziko balitz isiltasunak elkarbizitzan duen garrantzia balioestea, edo hainbat soinu-estimuluri erantzuteko mugimendu-inprobisazioa erreprimitzea. 😉

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude