Urteko uztari begira

 Jesus Mari Makazaga

Urte zaharra amaitzen ari zaigun honetan, irakurle, begitantzen zait une egokia dela aurrera begirako egitasmoei ekin aurretik atzera begira jartzeko; urtearen amaierako uztari begira, hain zuzen.

Gaurko kolaborazio honetan, Euskal Herriko Unibertsitatearen euskarazko argitalpenak hartu nahi ditut hizpide; izan ere, iruditzen baitzait guk (EHUkook) uste baino gutxiago ezagutzen direla (bai etxean eta bai kanpoan) eta merezi duela gehiago ezagutzera ematea.

Indarrean dugun Euskararen II. Plan Gidarian (2013-2017) jasota daude euskararen garapen eta normalizaziorako bete beharreko gutxieneko betebeharrak, eta horien artean, euskarazko argitalpenak ditugu euskarazko irakaskuntza sendotzeko eta normalizatzeko oinarri nagusietako bat.

Euskararen arloko Errektoreordetzaren eta Euskara Zerbitzuaren betebeharra da euskarazko argitalpenak koordinatzea, bideratzea eta kalitatez plazaratzea. Horretarako, ezinbestekoa zaio profesional egokiez inguraturik egotea: arloan arloko irakasle adituak, itzultzaile eta zuzentzaile profesionalak, liburuen argitalpenean lankide izango dituen Argitalpen Zerbitzuko langileak, eta abar.

Euskararen II. Plan Gidarian ezartzen diren irizpide batzuen arabera (jakintza-alor defizitarioak babestu, argitalpena erabiliko duten ikasle kopuruari begiratu, campuskako banaketa zaindu, eta abar), urtero zer ikasliburu itzuliko diren erabakitzen da. Plan horren arabera, urtero batez beste 6 ikasliburu tekniko itzuli eta argitaratuko dira (plangintzak dirauen bitartean, 30 ikasliburu), jakintza-alor guztietakoak, ingelesetik eta gaztelaniatik batez ere, baina baita frantsesetik ere.

Gure artean hiru hankako mahaia izeneko metodologia erabiliz itzultzen dira ikasliburuak. Esan nahi baita hiru zutabetan oinarritzen ditugula itzulpen horiek:

  • Itzultzaile profesionala (Elhuyar fundazioaren eta bestelako itzultzaile profesional batzuk –Josu Zabaleta, Iñaki Iñurrieta…– izan ditugu lankide), zeinak ezagutuko baititu itzulpengintzaren martingalak eta izango baitu liburuaren jakintza-alorraren gutxieneko ezagutza bat.
  • Begirale teknikoa, edo alorreko aditua, zeinak bai liburua bai jakintza-alorra ondo ezagutzen baititu, eta egiaztatzen baitu jatorrizko liburuko edukia behar bezala itzuli dela eta erabili den terminologia egokia dela.
  • Hizkuntza-begiralea, edo euskaran eta euskarazko komunikazioan aditua, zeinak egiaztatuko baitu euskararen eta komunikazioaren aldetik itzulpena zuzen, egoki eta ulergarri dagoela.

Hiru oinarri horiekin, lankidetza-prozesu luze baten ondorioz, gure ustez nahiko berme ona duten ikasliburuak lortzen ditugu. Metodologia hori erabiltzen hasi ginenetik, duela dozena bat urte, jadanik 200 ikaslibururen itzulpena bideratu du EHUko Euskara Zerbitzuak.

1. Hauek dira itzulitako ikasliburuen atalean badoakigun urte honetan argitaratu direnak:

Giza anatomiako atlasa (Atlas de Anatomia Humana; Ars XXI)

Oroimena (Memory; A. Baddeley, M.W. Eysenck, M. C. Anderson)

Zuzendaritza estrategikoa (Dirección estratégica de los recursos humanos; E. Albizu, J. Landeta, O. Villarreal, I. Idigoras, F.J. Delgado)

Landare-fisiologia  (Plant physiology; Lincoln Taiz, Eduardo Zeiger)

Turbomakina termikoak (Turbomáquinas térmicas. Fundamentos del diseño termodinámico; Manuel Muñoz, Manuel Valdés, Marta Muñoz)

Euskokantauriar arroaren geologia (Geología de la cuenca vasco-cantábrica; A. Bodego, M. Mendia, A. Aranburu, A. Apraiz)

2. Hori guztia itzulitako ikasliburuei dagokienez; arloan arloko adituek euskaraz sortutako ikasliburu teknikoetan ere ahalegin handia egin du aurten ere EHUk, bai EHUk argitaratutakoetan bai (azken hirurak) UEUrekiko koedizioan plazaratutakoetan. Hona zerrenda:

Euskal Oinordetza Zuzenbideari buruzko azterketa (C. Asua, G. Galicia, J. Gil, J.J. Hualde, L. Imaz)

Lehen Hezkuntzarako Ikus-hezkuntza (P. Lekue, A. Andrieu; argitalpen digitala)

Donostia: itsasbazterreko hiria (I. Vivas; argitalpen digitala)

Gorputz adierazpena lehen hezkuntzan (M.T. Vizcarra)

Ahoskera lantzeko argibideak eta jarduerak (I. Gaminde, G. Aurrekoetxea, I. Etxebarria, U. Garay, A. Romero)

Leizarragaren idazlanetan barrena (Patxi Salaberri)

Komunikazioa euskaraz ingeniaritzan (J.R. Etxebarria; UEUrekiko koedizioan)

Ingurumen-kutsaduraren analisia (J. Omar, A. Vallejo; UEUrekiko koedizioan)

Hirigintzaren oinarriak (U. Fernández de Betoño; UEUrekiko koedizioan)

3. Euskararen arloko Errektoreordetzak babestutako argitalpenak ez dira, nolanahi ere ikasliburuetan gelditzen; horietaz gainera, euskara lantzen ahalegintzen da, irakaskuntzarako eta ikerketarako tresna baliagarria izan dadin; atal horretan, hizkuntza-baliabideak eskaini nahi izaten dizkio unibertsitateko erkidego euskaldunari: hizkuntza-aholkuak, hiztegiak, glosategiak, eta abar.

Bi argitalpen nabarmenduko nituzke Euskara Zerbitzuaren hizkuntza-baliabideen atal honetan:

EHULKUren hizkuntza-aholkuak. Fitxa didaktikoen bilduma (2006-2014) (K. Gomez, J. García). (CD-ROMa)

Antropologiako hiztegia (Euskara Zerbitzua eta Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Saila)

Barkatu luzatu banaiz, irakurle; ez naiz gehiago luzatuko, nahiz badugun zerrenda hau zerekin luzatu. Euskararen arloko errektoreordetzak babestutako argitalpen guztien berri jakiteko, zoaz gure webguneko leku honetara.

Ea datorren urtea aurtengoa bezain oparoa datorkigun.