Iñaki Segurola
Nere lagun bati galdetu dio norbaitek –oso nor ez den norbaitek?, noregia den norbaitek?– ea frantsesezko il pleut edo ingelesezko it’s raining itzultzerakoan, jatorrizko esaldietako il eta it kontuan izanik, sujeturen bat eduki edo gorde behar ote lukeen itzulpenak ere. Galdetzea libre da: zer egingo diogu ba?
Goiko esaldi horietan, besterik badirudi ere, ez dago sujeturik, egilerik edo holakorik batere. Galdetu ezkero zer diren edo zeri dagozkion il edo it, ez dago erantzunik; ez dute seinalatzen errealitateko inongo zerik. (Il-ek ez dakar deus hiztunaren gogora; alegiazko elle batek, aldiz, eme ezezagun baten bila jarriko gintuzke, alfer-alferrik.)
Jakingarriak dira Aita Villasanteren honako hitz hauek (Kristau fedearen sustraiak: I. Jainkoa, 31 or.): “Antziñateko gizonek (…) uste zuten Jainkoren bat zebillela euria egiten. Orregatik esaten zuten: Jupiterrek euria ari du”. Hitz okerrak dira, fedeak okertutako hitzak. Iuppiter tonat modukoak ez bide ziren hizkuntza arrunt edo naturalekoak, baizik-eta, deus izatekotan, pentsamolde poetiko edo mitogin batek “osatutako” esaldiak.
Izan ere, hizkuntza gehienetan daude “osatu gabeko” esaldiak, gertakari natural edo eguraldiaren ingurukoak mintzagai direlarik. Formalki egite bat adierazten duten esaldiak dira, baina egilerik ametitzen ez dutenak. Zenbait hizkuntzatan, gisa honetako esaldietan ‘mundu’, ‘kanpo’, ‘zeru’ edo ‘egun’ esanahia duten hitzak ageri omen dira “sujetu” gisa, baina itxura hutsekoak omen dira sujetu horiek, frantsesez sujet apparent edo ingelesez dummy subject deitzen direnak, goiko il eta it-en tankeratsukoak.
Osatu gabeko esaldiekin ezin etsi dutenek, osotasunari uko ezin egin diotenek (osasuna osotasunaren baitan jartzen dutenek?) hitz mirarizko bat astindu ohi dute holakoetan: eliditu. Eta orduan, ahotan darabiltzagun esaldi horietan zerbait “eliditua” egongo litzateke; hots, zerbait egongo litzateke eta ez litzateke egongo. Metafisika gramatikal honen arabera, zerbait dago (han nonbait, “sakoneko egituraren batean” edo), baina zerbait hori esan gabe utzia dago: Jainkoa, Natura, Urtzi, NASA edo beste aukerako izaki ahaltsuren bat legoke esan gabe utzia, gure esku ez dauden gertakarien sujetu moduan. Ezin litekeen gauza da: esan gabe uzten denak esan litekeena eta esana ere izan behar luke inoiz, eta bistan da ez dela hola.
Etsi beharra dago osatu gabeko esaldi horiekin; etsi beharra dago osatu gabeko mundu batekin. Noiznahi diogu Euria ari du eta ez zaigu buruan pasa ere egiten nork? galdetzerik; edo Euria dakar (XVI. mendean ageri dira jadanik Euridakar eta Euridakargaina leku-izenak, aurkintza euritsuaren seinalagarri noski); eta mendebaldean Euria da diote eta ez dute galdetzen zer?; eta Euria ari da ere esaten dute beste batzuek eta ez dute galdetzen zertan?…
Eta beti esaten dugu ari duela eta sekula ez ari dutela, ari dugula edo ari dudala. Zer haundiuste edo ahaluste litzateke hori? Zein psikodiagnostikoren azpian eroriko lirateke holako esaldien esaleak? (Ustez eguraldian eskua sartzeko ahala duten mundu zabaleko euri-dantzariak, gure arteko errogatiben eta konjuruen egileak, Mexikoko tiempero eta granicero-ak eta gainerako abarrak ez dut uste iritsi direnik sekula euria edo dena delakoa “ari dutela” adieraztera.)[1]
Ari du, egiten du, botatzen du, atertzen du, jasotzen du, zabaltzen du, argitzen du, iluntzen du…; zeratzen du, baina ez du ezerk zeratzen. Sujetuaren galera edo hondamendia ikus liteke hor. Gure euskara honek ia gramatikaren beraren kontra itxuratzen du osatu gabeko mundu edo azpimundu bat; egilerik gabeko ingurune berezko bat, inoren esku ez dagoena. Ezin sustantibatu litekeen ezerez bat ageri zaigu sujetu gramatikalaren lekuan; zeharoko ixiltze bat, hezi ezina, izendatu ezina.
Pena da esaldi sujetumotz hauek eguraldiaren ingurukoak izatea gehienbat. Hizkuntzan nik aginduko banu, gorputzaldi, hizketaldi, bizialdi eta beste aldi eta alde askotara zabalduko nituzke. Euskarazko egunkaria itxi zuteneko Gezurra ari du polit hura datorkit gogora: jakin nahi nuke, itzultzaile jaun-andreok, zein hizkuntzak adieraz lezakeen holako zerbait euskarak bezain ederki eta xinpleki[2]. Nolanahi ere, ohartxo bat justiziaz gose eta egarri direnentzat: kontuan hartu beharrekoa da holako esaldi batek hutsik uzten duela sujetuaren, hots, egilearen, hots, errudunaren lekua.
Buka dezagun gure zera ixil hori dastatuaz:
(…)
_________________________________________________
[1] Jakina denez, ero askotxok deklaratzen dute –normaltzakoek ez dute deklaratzen: horixe da aldea– Napoleon edo Jainkoa (edo beste baliokide eguneraturen bat) direla. Nekez adituko dugu, ordea, ero batek Euria ari dut edo I’m raining esan duenik. Eromena, hizkuntzaren aiekatik begiraturik, izenen maila axalekoan gelditzen da eskuarki, eta ez da gramatikazko sakonuneetara arrimatzen.
[2] Eguraldia “goiko” zerbait dela esan genezake, edo nagusiki goietako gorabeherek markatzen duten zerbait. Gezurra ari du esaldiak goietatik –erakundeetatik edo– gezur-botaka ari direla iradokitzen du neretzat. Bestalde, aitatzeko modukoa iruditzen zait oraintsu Hernaniko herrian egin den Euskara ari du ekitaldia, “euskaraz bizitzeko eguna”, erakunde politiko-kultural-hezkuntzakoek antolaturik. Eta bai, trixtea da, baina halaxe da: herri gehienetan, euskaraz bizi direla itxuratzeko, goietatik bota beharra dago euskara jendeen aho-mihietara.
Egun on: zurearen osagarri edo argigarri edo, Lesakan aditukatu ditut honelakoak: “zazpiak ari dute” (elizako ezkilak jotzen zituelarik zazpiak), eta “telebisionean Goenkale ari zuen, ongi oroitzen naiz zertso ordutan izan zen”.
Eta ari-rekin hasita, hau ere aipatuko: “horrek ni engainatzen ari nau” edo “horrek hura engainatzen ari du” bezalakoak ere aditzen dira, adintuen artean behinik behin, beharria erne edukiz gero. Eta ustez, ez bakarrik Nafarroan eta Iparraldeko toki exotiko horietan: telebistan entzun nion gipuzkoar bati (ustez Tolosa pilotariari, iruzkingile lanean ari zelarik, Eguzkitzerekin), orain dela urte franko, gisa honetako erran bat: “pilotari honek beste hura ederki umiltzen ari du”. Deskuidoan eskapaturiko hustako hartu behar da? Nik, gure alderdi hartan adituak bainituen gisa horretakoak, ez nuen hala pentsatu: pentsatu nuen hizkuntza-gertakari horrek hedadura handiagoa izanen zuela, nik uste nuen baino…
Beno, hortxe doa nire ekarria, deustako balio baldin badu ere.
Julian
Tolosarena bezalako “ari du” egiturak guztiz naturalak dira gipuzkeraz, eta esango nuke aditz arazleetatik nahikoa hurbil daudela esanahiaren aldetik (beste euskalki batzuetan -arazi-ren bitartez egiten dira halakoak).
Aipatzen duzun “zazpiak ari dute” hori Urnietan ere erabiltzen dugu, Beterrin arrunta dela esango nuke.
“Engainatzen ari nau” edo “Umiltzen ari du” modukoek ez daukate misterio haundirik, zeren sujetudunak baitira. Esaldi sujetugabe edo sujetumotzak nituen hemen mintzagai. “Zazpiak ari dute” edo “Telebisionean Goenkale ari zuen” modukoak bete-betean sartzen dira esaldi sujetugabeetan. Eguraldia bezala, denbora eta telebista ere goitik botatako zerbaiten parekotzat hartzen ditu zenbait lekutako euskarak? Gure (inoren?) esku ez dauden gertakarien sailean paratzen ditu? Eta “Telebistan gaur Goenkale bota dute” moduko esaldi bat ere bistan da sujetugabea dela, baina beste era batekoa da, ezta? “Gazte bat hil dute”-ren gisakoa da, inondik ere. Eta zer “gisa” da hori?
Beste galdera bat Lesaka eta Urnietakoei. Zazpietan “Zazpiak ari dute” esan baldin baliteke, ordu batean zer esaten da? “Ari du”? Komunztaduraren gorabehera hori argitzeagatik egiten dizuet galde.
Nolanahi ere, hagitz interesgarria da ohartzea eguraldiari buruz hitzegiteko modu hori nola zabaltzen den bestelako (edo ez hain bestelako?) gertakarietara.
Bai, “ordu bata ari du” eta “ordubiak/hirurak ari dute” esaten da Urnieta aldean. Erabat normala egiten zait aho eta belarrira.
Ez dakit seguru zer erran. “Ari” horrek nolabaiteko iraupena ere adierazten baitu, ez dakit zehazki “ordu bata ari du” erraten den; izan ere, ordu batean ezkilak behin bakarrean jotzen baitu, eta duda dut behingo kanka horrek uzten duen “ari du” erratera … Erran daiteke “euri tanta bat ari du”? Ez-kontu erranen nuke nik.
Baina errazagoa egiten zait honelakoak aditu izana: “biak/hiruak ari dute”, jakina, problemarik gabe; “ordu batak ari dute” ere errazagoa egiten zait, forma horretan plural itxura baitu, edo errepikatuarena…
Dena dela, saiatuko naiz informazio zehatzagoa biltzen, eta ateratzen badut, bozik kontatuko dizuet.