Alfontso Mujika Etxeberria
Ez dira hauek garai onak hiztegigileentzat. Paradoxa latza dute. Batetik, inoiz baino aukera eta baliabide teknologiko gehiago eta ahaltsuagoak dituzte hiztegiak osatzeko eta hobetzeko. Baina, bestetik, hiztegigintzak ematen dituen diru-sarrerak behera doaz urtez urte. Euskal Herrian, Frantzian, Espainian… mundu osoan.
Zergatik? Paperezko hiztegiak gero eta gutxiago saltzen direlako. Ez da harritzekoa: kontsulta-materiala dira hiztegiak, eta, hiztegia kontsultatzeko, zer erosoagorik pantaila baino?
Adibidez, Espainian hiztegi eta entziklopedia gehien saltzen duen argitaletxeak, Santillanak, joan den hilean jakinarazi zuen hiztegigintzako salmentak % 69 jaitsi direla 2008tik, eta saldutako hiztegiak % 80 jaitsi direla.
Nik ez dakit zein diren euskarazko hiztegigintzaren salmenta-datuak; Elhuyarren hiztegien berri besterik ez dakit, eta, Santillanaren datuen aldean, gureak askoz hobeak dira; hala ere, gureak ere, nabarmen polikiago bada ere, beherantz doaz. Joera orokorra da, eta, dirudienez, geldiezina.
Paperezko hiztegien salmenta behera doa, bai, baina hiztegiak ezinbestekoak dira. Horretan ez da zalantzarik: hiztegiak erabili egiten dira, kontsultatu egiten dira, gero eta gehiago gainera, gero eta errazago eta eskurago ditugulako era guztietako pantailetan. Alabaina, Interneteko gainerako produktuekin gertatzen den moduan (musika, liburuak, egunkariak, jokoak…), dena doan eskuratzen ohitu gara, eta nekez emango diogu horri buelta, epe laburrean behintzat.
Santillanakoen hitzak berriro: “Sektore lexikografikoa ekaitz perfektua jasaten ari da: krisi ekonomikoa, digitaleranzko migrazioa eta kontsulten doakotasuna”.
Garbi dago paperezko hiztegia, oinarrizko produktu gisa, hilda dagoela. Paperezko hiztegiak izango dira gerora ere, baina hiztegi digitalen bertsioak baino ez dira izango, produktu nagusia digitala baita dagoeneko.
Elhuyar hiztegi ezaguna (hiztegi elebiduna: gaztelania/euskara eta euskara/gaztelania), 1996an jaio zen, baina duela urtebete hil zen oinarrizko produktu gisa, paperezko azken bertsioa argitaratu zenean hain zuzen, bertsio hori jada ez baita produktu nagusia, hiztegi digitalaren paperezko bertsioa baizik. Elhuyar Hiztegiak webgunea da euskarria orain, eta emaitza pozik egotekoa da, nire iritziz. Pozik daude egileak, baina ez haiek bakarrik, nonbait: urtebete pasatxoan hamar milioi kontsultatik gora (!!) izan ditu webgune horrek, hiztegiak gero eta gehiago kontsultatzen diren seinale.
Eta produktu dinamikoa da: urtebetean 300 sarrera berri erantsi zaizkio. Esaterako, teknologia berriek eta sare sozialen garapenak ekarri dituen batzuk: autoargazki/autofoto, birbidali/reenviar... Badira beste batzuk gizartean gertatzen ari diren aldaketak islatzen dituztenak: ahalduntze/empoderamiento, etxeko gizon/amo de casa, enoturismo… Badira euskararen ondare lexikaleko hitzak ere: tekela, mutiloi, izarpean... Eta, sarrera berriez gainera, osatu eta eguneratu egin dira sarrera ugari, dela adiera berriak sartuz, dela adibideak gehituz: kostu, soltero/soltera, suponer, inapropiado/inapropiada. Egindako azken aldaketak zein diren, hiztegiak berak erakusten du beti. Gainera, aldaketa horietako asko eta asko erabiltzaileek bidalitako ohar eta iruzkinen ondorioz sartu dira. Hori bereziki pozgarria da: erabiltzaileak dira hiztegiaren kalitatearen bermea, beren oharrak, kexak eta proposamenak bidaltzen baitituzte.
Eta teknologiak ematen dituen aukerak ere baliatzen ditu; adibidez, hasieran, bila genbiltzan hitza hiztegian ez zegoenean, hitza hiztegiratzea proposatzeko aukera zuen erabiltzaileak. Orain, aukera horretaz gainera, antzekoak diren sarrerak bistaratzen ditu sistemak, gaizki idatzi badugu grafia zuzenera bideratzeko. Bilaketak sarreretan eta itzulpenetan egiteko aukera ere ematen du, hitza entzuteko aukera dago (bai ahots-sintetizadore batek sortua, bai FORVOren bidez). Eta, orain, telefono mugikorretara ere iritsi da, app baten bidez (onlineko bertsioan, doan, edo offlineko bertsioan).
Badaezpada, ohar bat: hiztegi eguneratu eta dinamikoa kontsultatzeko, Elhuyar Hiztegiak webgunea erabili behar da, edo Euskalbar bestela (edo hiztegiBar Explorer edo Chrome erabiliz gero). Zeren eta, adibidez, Googlen “Elhuyar hiztegia” eskatuta bilatzaileak bueltatzen digun lehen aukera Elhuyar hiztegia – Euskadi.net baita; han sartuz gero, duela 8 urteko bertsio zaharkitua eta ez-dinamikoa aurkituko dugu, guztiz demodée dagoena, old-fashioned eta out-of-date.
Halako publizitate-kutsuño bat du nire gaurko honek, ezta? Behingoagatik, barkatuko didazue lizentzia hori hartu izana, baina benetan uste dut produktu ona eta aurreratua dela, eta, bere xumean, eredugarria dela darabilen parte hartzeko eredua. Horregatik, mila esker hiztegigintzako lankideei produktu hori eskaintzeagatik, eta mila esker erabiltzaileoi produktu hori egunez egun hobetzen, osatzen eta zuzentzen laguntzeagatik.
Marka da gero! Hiztegigintzaren sektorea gainbehera eta gero eta kolokago dagoen honetan, inoizko hiztegirik onenak ditugu.