Asier Larrinaga Larrazabal
Gauza harrigarriak ditu hizkuntzak. Post honetan, jolas hutsagatik aztertuko ditut simetriak deitu diedanak, baina ganora handiagoko begiratu batek, ziurrenik, ondorio jakingarriak aterako lituzke itzulpengintzarako, giza adimenaren ezagutzarako, e. a.
Hizkuntza-simetrien adibide bat Igone Zabalak ekarri zuen lehengoan blog honetara I(ra)kasgaiak postarekin. Igonek zioenez, batzuetan, errealitate bera ikuspuntu osagarri bitatik kontzeptualizatzen da. Alderantzizkoa ere gerta daiteke beste batzuetan: errealitate osagarri bi ikuspuntu bakarretik kontzeptualizatzea.
Ikuspuntu osagarriak, errealitate bakarra
- Botila erdi beteta edo erdi hutsik egon daiteke eta, hala ere, tanta baten aldea ere ez atzeman egoera batetik bestera.
- Nire bila bazatoz, zazpietatik aurrera Iñakiren Tabernan aurkituko nauzu, eta zazpietatik atzera ere, Iñakiren Tabernan, ezin bainaiz aldi berean toki bitan egon.
- Postaria, etxeko atean: «Din-don». Aita, egongelako sofatik: «Banoa!. Ama, egongela bereko sofa beretik: Banator!. Azkenean, bata dela, bestea dela, postariak bigarrenez deitu behar izan du[1].
Ikuspuntu bakarra, errealitate osagarriak
- Ander kanpoan den bitartean, haurrak nire arduran daude, eta Yolanda, nire arduran, nik ere begi bat behar baitut gainean.
- Goizean, gauza izugarri bat gertatu da, eta ikaraz eta jota utzi gaitu denok, baina, bazkalostean, Enekok berri izugarri bat eman digu, eta asko poztu eta animatu gara.
- Etxea alokatu zuen nagusiak ez zekien etxea alokatu zuen maizterrak txakurra zeukala eta, orain, marraskatuta aurkitu ditu altxarietako hanka guztiak.
- Gela ikusi baino ez, ostalariak aldaketa eskatu zuen, baina ostalariak erantzun zion ostatua beteta zeukala, eta hilerrira begirako hura baino ez zegoela libre.
- Itsasoan sei hil eginda, etxera itzuli zen Luis. Bioleta ohean zegoen zain. Luis gelan sartu, eta jo zion. Bioletak beso artean estutu, eta jo zion[2]. Hitzak geroko utzi zituzten.
- Karreran kimika eman nuen baina, orain, kimika eman behar diet hamasei urtekoei, eta ez naiz gogoratzen ezta sufrearen sinboloaz ere.
- Herrian, oso harrera epela egin zioten, haien faboritoa beste pilotaria baitzen, baina neska-lagunak oso harrera epela egin zion biak bakarrik geratu zirenean.
Azken oharra
Adibideetako iruzkinetan agertu dudanez, beste hizkuntzetan ere gertatzen dira halako simetriak. Bada gaztelaniaz niri barregura handia ematen didan bat, absolutamente, ‘bai’ zein ‘ez’ esateko balio duena.
_________________________________________
[1] Gaztelaniak ikuspuntu bietako bata aukeratu du («¡Ya voy!»), eta ingelesak, bestea («Coming!»).
[2] Ez nago guztiz ziur euskaraz hala den. Gaztelaniaz eta ingelesez, behintzat, bai: «Él se la folló» = «Ella se lo folló». «He fucked her» = «She fucked him».
Adibideren bat gehiago:
“Mailegu(a) egin”: Orotariko Euskal Hiztegian, bi esanahi kontrajarri ditu: “dar prestado” eta “tomar prestado”.
“Ziztor” begiratuta Orotarikoan, hauxe dakar:
ziztor (H), zistor, txistor (R-uzt ap. A), txistar (V ap. A; Izt, H (que cita a fB)), txixtor, xiztor (L-ain ap. A), xixtor (G-to ap. Iz To (s.v. xixtorka)).
Pequeño (hablando de cursos de agua o de pozos). “Pequeño, insignificante” A. “Txistar (msOch), pequeño, hablando de pozos”
Baina jarraitzen du esaten:
Ib. Harriet, que cita Izt C 201, traduce “ruisseaux considérables”. v. ERREKA-ZIZTOR, PUTZU-TXISTAR.
Eta “ziztortasun” begiratuta:
“Qualité d’un cours d’eau fort, abondant, rapide” H. Parece voz facticia. Cf. ziztor.
“Jo zion”-i buruz: ez dit belarrira ondo jotzen, eta ez dakit oso ondo zergatik.
Egia da euskaraz “jo” benetan polisemikoa dela, eta testuinguru batzuetan oso garbi erabiltzen dela koitoa adierazteko, eta horrek batzuetan txiste errazetarako aukera sortarazten duela… adibidez, herriko gazte kuadrila bat oholtza bat montatzen, auzoko jaietarako (burdinezko aldamioak, oholak, iltzeak, mailuak…) eta esaten du buru-edo egiten zuen nagusiak: “ea, mutilak, hasi jotzen!”, eta denak barre batean… baina goiko testuinguruan, ez dakit, ez dit ondo jotzen.
Eta txistorrarekin, zer esango dugu-ba, hori OEHn ere jaso dute, pentsa. Baina ez dakit hori den gaia, simetriak eta hori guztia, edo beste konturen bat den. Enfin.
Amonari aditua:
“Gizon motza eta azkarra zen” = ttikia eta indartsua
Besteren bat bururatzen zait:
“Bai, noski” esan zidan; beraz, ez zegoen seguru.
Zerria zikiratu eta osatua gelditu zen.
Heldu dela esan dit; beraz, pixka bat itxoin beharko dugu heltzen den arte.
Burkidea, denak elkarrekin burruka gaitezen, burkideari buru egiteko.
Nik ere ez dakit zer esan jo zion egituraz. Garbi dago gaztelaniaz sexu-harreman berean jardun duten neska-mutil biek egitura simetrikoak erabil ditzaketela zer egin duten deskribatzeko: mutilak, «me la he follado»; neskak, «me lo he follado». Ingelesez, gauza bera. Susmoa dut euskaraz ere hala dela, baina egitura esaldi batean sartu nahi izateak oso emaitza artifiziala utzi dit azkenean.
Bestalde, bada beste egitura bat postean jaso ez nuena: aukerako produktuak. Nire analisia da errealitate osagarri bi ikuspuntu bakarretik kontzeptualizatu direla, baina hain da hau kasu harrigarria! Hiztegietan, productos selectos egituraren ordain modura ageri da eta, OHEn begiratuz gero, egiazta daiteke aukerako izenlaguna gaztelaniazko selecto adjektiboaren ordain modura erabili dela. Hona, baina, nire galdera: Eta zelan esaten da euskaraz productos de ocasión? Ba, aukerako produktuak erantzun beharko dut.
Asier, nik honela moldatuko nuke zuk goian proposatu duzun esaldia:
“Itsasoan sei hilabete eginda, etxera itzuli zen Luis. Bioleta ohean zegoen zain. Luis gelan sartu eta larrua jo zion. Bioletak, beso artean estututa, txirla zabaldu zion. Hitzak geroko utzi zituzten.”
Esango nuke naturaltasunean irabazten duela baina, jakina, simetrokotasuna galtzen da, zeren, besteak beste, “ella se lo folló / She fucked him” baino, agian “ella se dejó follar / ?” izango litzateke ekitabalente hurbilagoa (nahiz eta ez guztiz zehatza, neskaren ekintza aktiboa delako baita ere).
Beste aukera bat litzateke “larrutan egin zuten” erabiltzea, bientzako balio duena, baina horrela oraindik gehiago urruntzen gara jatorrizko testutik, ezta? Testuak agresibitatea eta zakarkeria galduko bailuke, nabarmen. Eta testu agresibo eta zakar bat nahi dugu, itxura batera behintzat.
Ez dakit, benetan “(larrua) jo” aditza/esaera simetrikoa den euskaraz. Esango nuke ezetz, hiztun askoren baitan ez behintzat. Baina arazoa, ziur aski, ez da gramatikala, ideologikoa baino. Dena den, zaila da hizkuntza (gramatika) eta hura baliatzen duten hiztun errealak guztiz bereiztea.
Bai, beharbada, esapidea errazago lotuko genukee harremanean rol aktiboa hartzen duenarekin.