Borja Ariztimuño Lopez
Hamar urte pasatxo dira Lazarragaren eskuizkribua jendartera zabaldu zenetik. Harrezkero hainbat artikulu (eta libururen bat) idatzi dira hartaz, dela hizkuntzaren ikuspegitik, dela literaturarenetik edo are historiko-bibliografikotik ere. Irudipena dut, dena den, ez dela jendartean aski ezaguna oraindik ere, eta kontuan harturik euskal literaturako obra zaharrenetarikoa ez ezik egiazko literatura zahar bakanetakoa dugula (Oihenart dukegu bestea), irakaskuntzan leku handiagoa eman beharko litzaiokeela uste dut. Eta esango nuke haren poesia dela ezezagunena.[1]
Horregatik, gaurkoan, eta Lazarragaren eskuizkribuaren edizioaren egileen baimenaz, A25 edo Dichabagueau joan ninçan… poemaren bi bertsio dakartzat: lehendabizikoa grafia eta puntuazioa gaurkotuaz (funtsean aipatu ediziokoa bera, aldaketatxoren batekin) eta bigarrena egungo euskara batu(ago)an emana.[2]
Poemaren edizioko sarreran irakur dezakezuenez, ezin esan istorioa oso originala denik, baina, seguru nago XVII. mendearen hasieran euskaraz idatzitako halako testu bat (eta nahi izanez gero garai hartako euskaraz) irakurtze hutsa atsegin izango duzuela, nik bezainbeste.
Ditxabageau joan ninzan ezer baga eskuetan;
etsaiorrez topa nindin gradaetan
legoala ballesta bat armaetan:― Traidorea, zer da honela? Zer egin deuk jauregietan?
― Ehiz’ona itxi dinat menaetan.
Igo egin da hasi hadi motzietan;
ni banajoan salsearen aurkietan.
― Ez ahal deustak bardin egia kontaetan!
― Igo egin laster, eze heurk dakusken erietan.Igo neben bista baga begietan.
Neure jaunak baesadan:― Nora zatoz penaetan?
― Ene jauna, zer diostazu? Zer daukazu bularretan?
― Zagita bat eben daukat; azarri ez nax tiraetan.
Konfesorea bekardae lasterretan.
― Ene jauna, jarri zatez sillaetan.
Nork egian kolpeori zure haragi ederretan?
― Garzilasok, ene andrea, nengoala menaetan,
bigueleaz kanzio baten kantaetan.
Hil banadi, nik deutsat parkaetan;
bizi banax, jakingo deut bengaetan.Hau esan da hil ekidan eskuetan.
Andra ditxabageau, barriz, sei hilekoaz maiaetan;
ene etsai traidorea pozik kalza-juponetan.Tristea nengoan hiru hileko egunetan,
atsekaba garratz asko, oi, nebela sufrietan,
sabelekoaz ez ninzala gozaetan.
Senar baga jarri ninzan belaunetan.Hamaeka hilabete neure jauna goza nezan.
Ala andrea ditxabaga sortu bazan neskaetan!
Zerren hil ez ete ninzan jaio ninzan egunetan?Seme batez erdi ninzan; digna ez ninzan gozaetan:
hilabete ez egian ama bereaen ugatzetan;
harrezkero ene semea eztakust neure begietan.Ondo uste dot galdu zala itsasoaren hondarretan;
Garzilaso traidoreak agindu eben hundaetan;
hatz txikirra bihotzagaz lekarroela señaletan,
gumutatu ez lekion bere aita eskaetan.Hala bada, eroan euen mandamentua kunplietan.
Ahaide baga bakotx nago desditxadeau eresketan.Gizon batek hor daroa inozentea besoetan;
itsasaldea behera doa bere buruaz berbaetan:― Hil hagidala jaunak jaustak aginketan;
bihotza ta hatz txikirra daroadala señaletan.
Inozentea, damu diat hain gatx handia obraetan;
borondate jaukaat ahal badagit salbaetan.Bere begiak eratzala negarretan,
gizon onau baegoan zer leikean pensaetan.Txakurtxo bat han heldu zan uraldeti ehizketan.
Gizon onak dei egin da lotu eben gidaletan;
atera deutso bihotzori, gorde dau kalza-mudoetan.
Inozentea efini dau lau atzetan;
lotu deutso eskutxoa, hutsi eztidin odoletan;
estali dau seitxoa arrai batzuen kontxaetan.Garzilasok esan eutsan señaleagaz kunplietan,
hatz txikirra bihotzagaz emun deutso eskuetan.
Utra kontenturik dago forma honetan berbaetan:
[…]
Dohakabea joan nintzen ezer gabe eskuetan;
etsaiarekin topatu nintzen eskaileretan,
zegoela balezta bat armatzen:― Traidorea, zer da honela? Zer egin duk jauregian?
― Ehiza ona utzi dinat almenan.
Igo hadi eta has hadi mozketan;[3]
ni banoan saltsa aurkitzera.
― Ez ahal didak, menturaz, egia kontatzen!
― Igo hadi laster, ezen heuk ikusiko dun zauriturik.Igo nintzen bista gabe begietan.
Neure jaunak esan zidan:― Nora zatoz penetan?
― Ene jauna, zer diostazu? Zer daukazu bularrean?
― Gezi bat hemen daukat; ausartu ez naiz tiratzen.
Konfesorea ekar biezadate laster.
― Ene jauna, eser zaitez aulkian.
Nork egin du kolpea zure haragi ederrean?
― Garzilasok, ene andrea, nengoela almenan
bihuelaz kantu bat kantatzen.
Hiltzen banaiz, nik diot barkatzen;
bizi banaiz, jakingo dut mendekatzen.Hau esan eta hil zitzaidan eskuetan.
Andre dohakabea, berriz, sei hilekoarekin[4] maietan;[5]
ene etsai traidorea pozik galtza-jipoietan.[6]Triste egon nintzen hiru hileko egunetan,[7]
atsekabe garratz asko, oi, nuela sufritzen,
sabelekoaz ez nintzela gozatzen.
Senar gabe jarri nintzen belaunetan.[8]Hamaika hilabete neure jauna gozatu nuen.
Ala[9] andrea dohakabe sortu zen nesken artean!
Zergatik hil ez ote nintzen jaio nintzen egunean?Seme batez erdi nintzen; duina ez nintzen gozatzeko:
hilabete ez zuen egin bere amaren ugatzetan;
harrezkero ene semea ez dakusat neure begietan.Badut uste galdu zela itsasoaren hondarrean;
Garzilaso traidoreak agindu zuen hondoratzeko;
hatz txikia eta bihotza ekar ziezaiotela seinaletzat,
bururatu ez zekion bere aitaz galdetzea.Hala bada, eraman zuten mandamentua konplitzera.
Ahaide gabe bakarrik nago, dohakabea erosta jotzen.Gizon batek hor darama errugabea besoetan;
itsasaldean behera doa bere buruarekin hizketan:― Hil hazadala jaunak zidak agintzen;
bihotza eta hatz txikia eraman ditzadala seinaletzat.
Errugabea, damu diat hain gaitz handia egitean;
borondatea zaukaat, egin ahal badut, salbatzeko.Bere begiak apaltzen zituela negarretan,
gizon ona bazegoen zer egin zezakeen pentsatzen.Txakurtxo bat han heldu zen ur ertzetik ehizan.
Gizon onak dei egin eta lotu zuen hanketan;
atera dio bihotza, gorde du galtza-mudetan.[10]
Errugabea ipini du lau hanketan;
lotu dio eskutxoa, hustu ez dadin odoletan.
Estali du umetxoa molusku batzuen oskolen azpian.Garzilasok esan zion seinalearekin konplituz,
hatz txikia eta bihotza eman dizkio eskuetan.
Oso kontenturik dago, modu honetan hizketan:[…]
* Izenburua Patxi Salaberri Muñoaren Leizarraga zaharra, Leizarraga gaurkoa liburuari zor zaio, haren asmo bertsuaz idatzi batitut honako hau, Lazarragari egokiturik.
[1] Salaberrik egina du Lazarraga hurbiltzeko saio bat (lehenago Leizarragarekin bezala), baina artzain-nobelaz bakarrik: Lazarragaren artzain-nobela irakurtzen.
[2] Bigarren horretan hitzen formak eta adizkiak aldatu ditut batik bat, eta inoiz hitza sinonimo batez ordezkatu, noiz erdi-ekialderagoko batez, noiz mordenoago batez, oro har irakurle gehiagok erosotasunez irakurtzeko moduan (irakurle ez adituengan pentsatuz); ondorioz, hainbat puntutako errima galdu da, baina ez dut gehiago aldatu nahi izan (hortaz, poema libre edo prosa gisa irakur bedi). Hitz-ordena, aldiz, ez dut ukitu, oro har irakurketa eragozten ez duelakoan. Azkenik, hizkuntzazko ahalik eta ohar gutxien egiten saiatu naiz, ulertzeko zailak gerta litezkeen formak “baturatzean” aldatu baititut ahal izan dudan guztietan (jatorrizko bertsioko hitz eta adizkiez argigarri gehiago nahi duenak jo beza edizioaren webgunera).
[3] Ehizakia larrutzen, alegia.
[4] Sei hilabeteko haurdun.
[5] Erdarazko esapide batetik: ‘oso apain jantzirik’; ediziogileen arabera, beharbada egoera horretarako gehiegi eta, ondorioz, barregarri.
[6] Erdarazko esapide batetik: ‘narras jantzirik’.
[7] Haurdunaldiko azken hiru hilabetean.
[8] Belauniko, hots, garai hartan erditzeko ohiko jarreran.
[9] ‘Zeinen dohakabe sortu zen andrea nesken artean!’.
[10] Galtzetan, galtzen eta barruko arropen artean (cf. gazt. muda).