25 de noviembre

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Itzulezina dela. Euskaltzale batek kale baten errotulu elebakar bat dela-eta jarritako errekurtsoari erantzunez esan du hori Iruñeko Udalaren izenean txosten juridikoa egin duen teknikariak; eta ez dakiela «25 de noviembre» toponimoak euskaraz beste izendapen ofizialik ote duen, kaleei ematen zaien izena berezia dela eta itzulezina euskarara, gaztelaniara edo beste edozein hizkuntzatara… Behar da, gero!!

Iruñeko Udalak urteak eman ditu orotariko trikimailu eta zirrikituak baliatzen bere eskumenekoak diren errotulu, seinale eta enparauetan euskara zokoratzen; ahal zuelarik, gaztelania hutsa erabiliz haietan eta, beste aukerarik ez zuenean, letra mota ezinago ñimiñoak eta gris kolore ezinago argiak baliatuz euskararako.

Ziur asko —segurantzia erabatekorik ez baitago izaterik inoiz— alkatetza azken 15 urteotan jarraian bere izan duen alderdiak gaztelania hutsezko hizkuntza-paisaia ezarri nahi luke Iruñean, baina, hala egiterik ez duenez, zenbait urtez ordenantzari men egin eta aldi berean gaztelaniaren nagusitasuna sinbolikoki zizelkatzeko bidea aurkitu zuten udal agintariek (Euskararen ordenantzak euskarazko testuek bigarren mailan, letrakera txikiagoan eta kolore apalagoan behar zutela xedatu zuen zenbait urtez). Euskarazko idazkunak ia ikusezin bihurtzeraino txikitu zizkiguten, halako eran non zurrumurruak dioen Oftalmologoen Elkargoa ere ohar ofiziala kaleratzekotan egon zela euskaldunon ikusmena zaintze aldera, honako honen gisakoak ugaldu baitziren gure karriketan:

itziarrena

Bidenabar, erran beharra dago ezen testuak ele bitan jartzeko molde hori, erran nahi baita, gaztelaniazko testua letrakera handi eta ilun-ilunaz idaztea eta euskarazkoa, aldiz, letrakera etzan, ttiki eta gris argiz, arrakasta handikoa izan dela bazterrotan, hainbestekoa non are orain ere irudi duen anitz jendek uste duela Udalak garai batean erabilitako bide hori dela zernahi ele bitan jartzeko modu ortodoxo eta neutroa. Gero erranen digute Administrazioaren jardunak ez duela eragin handirik eta ez duela askorik axola errotuluak-eta nola dauden idatzita…

Nolanahi ere, Iruñeko paisaia linguistikoan urte batzuetan nagusitu zen molde elebidun horri bidea itxi zion Udalak berak 2012ko martxoaren 16ko osoko bilkuran hartu zuen erabakiak, zeinaren bidez bigarren xedapen gehigarria erantsi zitzaion Euskararen Ordenantzari: xedapen horrek ezartzen du tamaina eta kontrastea berberak izanen direla bi hizkuntzetan errotulazioan. Alkateak eta haren alderdiko gainerako zinegotziek erabaki haren kontra bozkatu zuten, erran beharrik ez dago; edo bai.

Kontua da Udalak errotuluetan gaztelaniaren nagusitasunari eusteko beste bide bat aurkitu uste duela orain: kale izenak toponimo bihurtu. Salagarria iruditzen zaidan arren udal agintariren bati otu izana «25 de noviembre» toponimotzat har daitekeela, ulergarria ere iruditzen zait. Nekezago egiten zait ulertzea teknikari kualifikatu bat prest agertzea txosten juridiko batean adierazteko «25 de noviembre» toponimo bat dela, izen berezia dela eta itzulezina inongo hizkuntzatara. Behar da, gero!! Beharrik Administrazio Auzitegiko Ebazpenak arrazoi eman dion errekurtsogileari, Joseba Otano euskaltzale nekaezinari. Eskertzekoa da, halaber, ebazpenari nabari zaion doinu ironikoa («25 de noviembre gaztelania ez bada, hala irudi du behintzat. Are gehiago, aldez aurretik esan dezakegu ez dela Erdi Aroko toponimo bat, baizik eta Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna […], guztiz itzulgarria planetako hizkuntza guztietara»). Eskertzen da umorea, barrenak tarte batez lasaitzeko modu bat da zinismoari ironia apurtxo batez egur sinbolikoa ematea.

Ikusezina nahi zuten hori irakurrezin bihurtu nahi izan zuten eta, aukera hura galtzean, itzulezintasunera jo dute. Itzulezintasuna da orain Udalaren indarkeria linguistikoaren azken gordelekua. Indarkeria, Nafarroako Gobernuak azaroaren 25erako prestatu duen kanpainan esaten den bezala, mota askotakoa izan baitaiteke.

4 erantzun “25 de noviembre” bidalketan

  1. Oso polita, Itziar. Biribil-biribila, azala eta mamia. Eskerrik asko.

  2. Niri ere oso polita iruditzen zait artikulua, Itziar, mila esker.
    Gauza bat bakarrik: Iruñeko Udalaren Euskararen Ordenantzak inoiz ez du xedatu euskarazo testuen letrak tipo txikiagokoak eta ia irakurrezinak behar zirela izan. Hori izan da UPNren Udal Gobernuen interpretazio maltzurra euskara bigarren mailan mantenduta ordenantza betetzen dela itxurak emateko. Baina maltzurkeria hor bukatu zitzaien ongi aipatzen duzun 2012ko Osoko BIlkura hartan.
    Ia laster ahal dugun gai honetan oraindik dagoen beste maltzurkeria asko behin betiko bastertu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude