Administrazio hizkerako zenbait kontu (1)

Karlos del Olmo

Teknolektoen artetik, administrazio hizkera dugu herritar arruntenganaino errazen hel daitekeenetako bat (teknologia berrien ingurukoarekin batera, seguru asko). Zertan esanik ez, eguneroko hizkeraren bilakaeran indar handia izan dezake lerratze horrek (gertaera horren ontasuna epaitzen hasi gabe). Hortaz, horren gaineko erabaki batzuk kontuz onartu eta plazaratu beharrekoak dira —nahiz erabaki arauemaileei edo aholkuei dagokienez, nahiz itzulpen edo bestelako erabideen bidez argitara emanei ere (ahazteke, dena dela, itzulpen erabakiak presaren sorkari eta jopu izan ohi direla)—. Hori ez ezik, ontzat emandakoan, erabakiak egoki gertatu ote diren eta zer bide egin duten aztertzea noraezekoa izango ere da, erraz gertatu ohi delako behar bezain argiro ez ikustea edo agirikoenaz ez ohartzea. Hona hemen horren bi adibide:

“Zabor organikoaren gaikako bilketa”

“Zabor organikoaren gaikako bilketa”, “materia organikoaren gaikako bilketa”, “gaikako beira bilketa”, “gaikako bilgarri bilketa”, “ontzien eta ontzietako hondakinen gaikako bilketa” eta antzeko beste termino segida espezializatuak ikus eta entzun daitezke, han-hemenka, hainbat euskarritan. Birziklatu beharraren ondorioz, hondakinak orain arte ez bezala jaso beharra gero eta handiagoa izaten ari da gizartean, eta horrek arlo espezializatu bateko hizkera egunerokora indar biziz ekarri du (ikusi eta aditu besterik ez dago zaborrak kudeatzearen inguruan sortutako zalaparta).

Kontua da, eta hortik nahasketa, “gaikako bilketa” termino unitate polilexikoak argiro (?) esplika dezakeela beste hizkuntza batzuetan “recogida selectiva” “collecte séparative”, “collecte sélective”, “separate collection”, “selective collection”, “separated collection”, “recollida selectiva”… bikoteekin adierazia. Baina gauza da, gero, egitez, hondakin mota horiek ez direla gaika jasotzen, mota bereko  guztiak batera baizik, gainerako hondakinetatik bereiz; hau da, ontziak, zabor organikoa, paperak edo kartoiak eta abar,  ez dira gaika jasotzen, ez dira sailkatuta jasotzen…, bestela esanda, zabor organikoa nahasita joan ohi da, dena batera, eta beira mota guztiak ere nahas-mahas botatzen ditugu herritarrok…

Frantsesez eta ingelesez, bi aukera terminologiko edo semantiko dituzte aukeran, gehien bat: “gaika, sailka” biltzea ala “bereizita” jasotzea. Euskarazko termino bakar horrek egokiro ordain dezake termino orokorra, hau da, zaborrak moten arabera botatzea nahiz jasotzea. Ordea, bilketa mota berezi bakoitza definitzeko orduan, “gaikako bilketa” bikotearen gainean eraikitako termino zabalagoak ez dira behar bezain zehatzak, zabor mota bakoitza ez baita biltzen, aurki, azpimotaren arabera.

Egia esan, gaztelaniazko “recogida selectiva de vidrio” o “recogida selectiva de residuos orgánicos o de la fracción orgánica” eraketak ere ez dira lar argiak, “selectiva” adjektibo erreferentziala okerra gertatuko baita beira motak edo hondakin organiko klaseak, eurak ere, irizpideren baten arabera sailkaturik jaso ezik.

Euskaraz, behintzat, nahikoa izan liteke termino orokor moduan “gaikako bilketa” edo “zabor moten araberako bilketa” (are “bilketa selektiboa” ere) termino unitatea erabiltzea, eta, gero, biltze mota bakoitzari bere izendapena ematea, “selektibo izatearen” tasun hori ezkutuan utzita.

“Desarrollar” ezin da beti “garatu” izan

Garatu ote daitezke lanak, prozesuak, azterketak eta administrazioan egin edo bideratu beharreko beste hainbat ekintza? “Garatu” aditza, apurka eta bestela baitakoan, azpia jaten ari zaio “egin” aditzari (eta besteren bati ere, apika), batez ere gaztelaniatik euskaratzean. Badirudi automatismo halako batek gero eta sarriago garamatzala eduki semantikoari erreparatu gabe euskaratzera: “lanak behar bezala garatzea”, “azterketa edo hautaketa prozesua garatzeko prozedura”, “mugikortasun ekintzak antolatu eta garatzeko diru laguntzak”, “jarduera proiektuak garatzeko deialdia”,  “diru laguntzak kudeatzeko eta plana garatzeko lanetan”, “lehiaketa garatzeko arauak”, “Nekazaritzako Elikagaien Garatzeko Zerbitzua”, “produktuak garatzeko proiektuak”, “istorioak garatzeko estrategiak”, “publizitate on bat garatzeko”, “herrialde eta gizarte proiektu propio bat garatzeko”, “auzoetan garatzeko inbertsioak erabakitzeko auzo batzarrak”, “esparru batean garatzeko ideiak baldin badituzu”…

Jakina, agerbide horietako batzuetan “garatu” aditzak tradizioan hartu ohi izan dituen tasun semantikoetakoren bat egoki emanda dagoke (handiago egitea, haztea…), baina ez dirudi oso komenigarri, besterik gabe, egin, bururatu, gauzatu, bideratu, mamitu eta enparauen ordez, beti bai beti, “garatu” erabiltzeak.

2 erantzun “Administrazio hizkerako zenbait kontu (1)” bidalketan

  1. Gaikako bilketaren gaiari dagokionez, lasaitu ederra hartu dut Karlosena irakurrita. Donostian, behintzat, ontzi marroia jarri zigutenetik, nonahi irakurtzen nuen ontzietan idatzitakoa: “materia organikoaren gaikako bilketa” jartzen duela uste dut. Harrezkero ari nintzen, bada, neure artean bueltak ematen kontu horri, eta ni ere konklusio berera iristen nintzen beti: “materia organikoa ez da gaika biltzen; izatekotan, gaikako bilketa sistema orokorraren barruan, ontzi marroian materia organikoa biltzen da”. Hau da, honelako zerbait jarri beharko lukeela: “gaikako bilketa: materia organikoa”, edo Karlosek dioenez, “gaikakoa” aipatu gabe kasu zehatz horretan: “materia organikoaren bilketa”, edo zergatik ez gaia bakarrik aipatuta: “materia organikoa” (badakigu gaikako bilketaz ari garela).

  2. Barkatu off-topic honekin muturra sartzea baina bisitari soila naiz, txoko honetan lehen kukua egiten ari naizena, eta bertan ohartu dut, iritzi-emaile guztien ekarpen mamitsuekin batera, gauza bat bitxi gertatu zaidana, txikikeria bat funtsean baina berdin hastiagarria hargatik, endemas konsideraturik gune hau itzultzaile-jendearen solastokia dela eta, hortaz, hizkuntza kontuak zorrotz zaintzen direna.

    Ikusi dudan bitxikeria hori da irakurleak beren iritzia igortzera gonbidatzeko sarrera guztien atzenean ageri den esaldi txipi hori: “Iruzkin bat utzi”.

    Ez ote luke behar “Utzi iruzkin bat”?

    Horrelako esaldietan aditza atzeratzeko seta hori konpreniezina zait neri, antolakera horrek, ahozko hizkeran erabil ohi den sintaxiaren kontrakoa izateaz gain, zeharo ahultzen, gezatzen eta ezerezten baitu aginterazko (edo, gutxienez, kutsu inperatiboko) esaldien indarra.

    Horrelako esaldi zain-hilak nonahi ikusten dira gaur egun, bereziki iragarkietan. Bilbotik Donostiarako (eta alderantzizko) autobidean, adibidez, “segurtasun tartea zaindu”, “uhela jarri” eta holako ezpelkeriak ikusten dira etengabe. Burutik egin ote zaigu denoi ordea? Euskeraz esaldi horietan ere aditza aurrean jartzeko baino uzkurrago eta zozoago bihurtu al gara bat-batean? Altuberen arau sakratu bezain zentzugabeak kolpatu beldurrez aments?

    Berriz diot, txikikeria bat, baina biziki esanguratsua.

    Aitor Egia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude