Iñaki Segurola
Normaltasuneko argi jakinegitik ihesi, eromenera nator gaur argi biziagoaren bila, eta eromen izendun batera gainera: Jon Otero Uribarrenen eromenera, hain zuzen. (Eromenean argi bizia bilatzea bera ere eromena izango da agian: neure eromen edo erokeria, hain juxtu.)
Jon Otero Uribarren ezaguna dut fedabideetara aldian behin bidaltzen dituen gutunetatik, eta gehienbat, Arrasaten suertatzen naizen aldietan, Goienkaria-n irakurtzen ditudanetatik (sarean ere badaude).
Otero Santagedako zoroetxean bizi da, edo dago, edo daukate. Ero ofizial edo deklaratua da, beraz. “Arrasatearra naiz eta Arrasateko San Juan de Dios psikiatrikoan nago”. “Hemen gaudenok ez gaude gustura, ematen dituzten farmakoak –gaizki deituak, sendagaiak– ez ditugulako gogoko gehienok. 19 urte daramatzat.” Zenbaiten arabera, arrazoiari leialegia izatea da eromena bere muinean; arrazoiari leialegia bezainbat munduari desleialegia. Azio desegokiak egina da Otero, berak aitortzen duenez. “Alacant-eko Fontcalent espetxe-psikiatrikoan hamar urte eman nituen, guardia zibil bati ebaki bat egin bainion eskumuturrean aizkorarekin”; orobat izan zen “etxetik egotzia, telebista puskatzeagatik”. Azio desegokiak edo, bestela esanda, egokiegiak edo arrazoizkoegiak.
Eroak galdetzen dio munduari gauzen izanaz, eta munduak ez daki zer erantzun. Eroak ez du galdetzeko beldurrik, guk dugun bezala. “Zer dira ordenagailuak, mugikorrak, ordulari digitalak” eta abarrak? “Goi teknologia”, erantzuten omen dio munduak, baina Oterok ez du barkatzen. “Gezurra: ez dira goi teknologia; mirariak dira.” Otero erotzat joa dago eta, beraz, ez du erotzat hartua izateko beldurrik, guk dugun bezala. Eta segitzen du galdetzen, eta ezagutzen ditu “ordenagailuak konpontzera dedikatzen den gizon bat” eta “elektroniko-elektrizista bat”, eta galderak egiten dizkie haiei gailu horien gainean, eta erantzuten diote badakitela “nola dabiltzan” eta “nola konpontzen diren”, baina ez “nola diren posible”. Normalak badaki nola dabiltzan, baina ez daki zergatik (zientziaren ustezko esplikazioak ere ipuin matematikoak dira funtsean); eroak ez daki nola dabiltzan, baina badaki mirariak direla, hots, izanaren eta ezin-izanaren arteko ezkontza harrigarriak.
Gatozen hizkuntzara, bada ordua eta. Telebista (“nire etxean 1971n erosi zuten, 6 urte nituela; gogoan dut zorionak alde egin zidan garaia izan zela”), polizia, psikodrogak eta hemen aitatzeko lekurik ez dugun beste zenbait gauza alde batera utzirik, erdara da Oteroren etsai haundia. Erdara eta erdaldunak, asko behintzat, edo gehienak. “Erdaldunei ez zaie serioa iruditzen euskara, askori”. Bere arrazoi desegoki edo arrazoizkoegiak darama proposatzera erauzi beharrekoa dela gaztelera (baina ez ingelesa) hemengo eskola guztietatik eta orobat gizarte osotik.
Jakitea eta maitatzea bi dira Oterorentzat. Erdaldunei ez zaie serioa iruditzen euskara, baina euskaldun askori ere ez, “zeren euskaraz jakiteak ez du esan nahi euskara maitatzea derrigorrez”, eta, kontrako aldetik, “nik gaztelera gorrotatzen dut, eta ezin hobeto dakit”.
Baina gorroto duen horrexekin bizitzera kondenatua dago Otero. “Euskara maite dut, eta euskaradun psikiatra nahi dut”. Eta egin die eskaria Osakidetzari eta Euskadiko Lehendakariari, baina alferrik. Protesta erdiragarria egiten du eroak bere itxituratik. “Itotzen ari naiz erdararekin. Noiz arte?”
Oteroren arabera, “heziketa”, “beldurra”, “lotsa” eta “pazientzia” dira erdaldunari aurreneko hitzetik erdaraz egitera garamatzatenak, eta horrela “gehiegitan makurtzen dugu burua elebidunok elebakarren aurrean”. “Baina hi, zu, berori, euskaldun: bukatu bazaio pazientzia, eta erdaldunei euskaraz egiten badie, lasai, ez baita erokeria.” Eroak diosku ez dela erokeria, eta hark badaki zerbait. Baina orobat diosku zer ondorio gaizto dakarren jarrera beldurgabe horrek. “Orain dela zenbait egun hasi nintzen erdaldunei euskaraz mintzatzen. Bada, jantokian esan didate gazteleraz egiten ez badut, astebukaerako baimenik gabe geldituko naizela. Ez da lehen aldia psikiatriko honetan euskaraz mintzatzen naizena erdaldunekin, aurrekoan eguneroko pasea kendu eta bi pilula gehitu zizkidaten. (…) Ez zen ezer gertatzen erdaldunekin (koadernotxo batean idazten nizkien erdaraz gauza garrantzitsuenak), baina kontsulta pasatzea tokatzen zitzaidanean, euskaraz egin eta berehala sartzen zidaten gehienetan injekzio madarikatu bat edo pilulak. Behin Maria Angeles Lopez psikiatrak idatzi zuen: Cuando empieza a hablar en vasco entra dentro de una fase de enfermedad crónica.” Aise zigortzen da zoroetxeko zoroa. Eta zer esanik ez, hura baldin bada heziketarik, beldurrik, lotsarik eta pazientziarik gabea. Eta zer esanik ez, ero-hizkuntzan egiten baldin badu, eta ez hizkuntza normal edo serioan. Munduak jakin behar luke bertako hizkuntzan libreki eta zoroki mintzatzen denarentzat zainak zulatzerainoko zigorra dagoela Gesalibarren, Arrasaten, Euskal Deserrian. Euskaraz egin eta berehala, gainera.
Euskara eromenaren ispiluan edo eromena euskararen ispiluan ikusteko eginahaltxo honen azkenerako, Iñigo Jaca Arrizabalaga medikuaren artikulu bateko pasartea dakart. “Medikuntzako ikasle nintzelarik eta Gipuzkoako Ospitale Probintzialean praktiketan nenbilela, Azpeitiko paziente euskaldun bat ingresatu zuten, eta egiten zioten edozein galderari hau erantzuten zien, ez zela gose [“no tengo hambre” edo holako zerbait izango zen; hango jatekoa ez jateagatik beharbada?], gaztelaniaz horixe esateko esana baitzion Zaharren Egoitzako mojak. Historia klinikoa egitera joan zitzaionak esan zigun psikiatrikora eraman beharko litzatekeela. (…) Orain gutxi entzun nion esaten Luis Rojas-Marcos psikiatra ospetsuari, gizarte kulturaniztunetan paziente asko bidaltzen direla erratuta arreta psikiatrikora, bidaltzen dituen medikuak pazientearen hizkuntza ulertzen eta hitz egiten ez duelako.” Ezjakintasun harroa eta ezjakintasun umil edo ahula ikusten ditut nik hor buruz buru.
Eta horrela dabiltza gure gauzatxoak, gaitz kronikoaren fasean aspaldi sartuak.
Eta ni atzo beldurrez edo/eta lotsaz komunitateko bileran euskaraz egiteko, gehiengo (askogatik) euskalduna izanagatik administrariak “haremos en castellano, no?” galdetu zuelako (erdaldun elebakarrak, pozik, baietz); zein ezberdina izango zen “haremos en euskera, no?” edo, are hobeto, “euskaraz egingo dugu, ezta?” galdetu izan balu… Beti elebakarren gustura, eta euskaldunok erantzun dezakegunean ere “EZ” itsusi eta baztertzaile bat botatzeko…
Possibilitate real bat uste dut izan ahal dela, delaric erabaquitzen ere edozer, parte hartzea euscaraz nola erdaldun monolingueec ere eguingo duten ez dutelaric beste erremedioric. Nolanahi hobe aurretiaz beste norbaitzuquin egotea elkarharturic.
Possibilitate real bat baina zeinac ditu bere zailtasunac zeren mugac badaude ere gure buruetan. Ausardia tinko eta trincoa baina ez bakarca’ har gaitzaten zorotzat bait ere euscaldun gure artecoac.
Lazgarria eta zoritcharrez eguia. Eta ba dago esan daroanic ezen euscara ez dago persecutatua. Evidentziac ukatu nahi eta lotsagabequi evidentziak ukatu.
Iñaki Segurolak dakarren jaun horren hausnarketak, egin esan, ez zaizkit sobera interesatzen. Hala ere, gogora etorri zait Gregorio Salvadorrek gogoko zuen istorio bat. Honela kontatzen du hark (“Política lingüística y sentido común”, 1992):
“1921eko egun batean poliziak hogei urte inguruko emakume gaztea aurkitu du Filadelfiako kale batean; negarrez urtu beharrean dago, garrasi batean, ileei tira eta larruazalari atzaparka. Oihuen artean soinu ulergaitzak ere ateratzen ditu. Poliziak txintik ulertu ez, eta eroetxe batera eraman dute. Lasaitzen saiatu dira, garaiko baliabideen bitartez, baina alferrik: izu-ikaran, berriz hasten da oihu eta zalapartaka. Psikiatrikoan sartu eta laster, ez baitu hobera egiten, sendagileek ere ahaztu dute. Gizaki mutu eta soraio bihurturik, soinuak ahozkatzeari ere uzten dio poliki-poliki. 48 urte igaro dira. 1969an, lituaniar jatorriko erizain gazte bat hasi da lanean psikiatrikoan. Halako batean, soinu batzuk aditu dizkio gaixoari: harri eta belarri ohartzen da lituanieraz mintzo dela. 1921eko egun hartan, Estatu Batuetara etorkin heldu berrian, seme txikia jendetza artean galdu eta, ingelesarik edo beste hizkuntzarik ez zekiela, etsipenak hartu zuen emakume hura”. Bere asmo-bahetik pasadizoa iragazi ondoren, honako erakutsia ateratzen digu Gregorio Salvadorrek: “[antzeko egoera batean] gutariko edozeini [hau da, espaineradun hiztunoi] Puerto Ricoko erizainen batek lagunduko zigun 48 ordu baino lehen”. Jaun akademiko horren pentsakera jakinik, ez gintuzke harritu behar ondorio horretara iritsi izanak.
Ez dakit pasadizoa erreala ala apokrifoa den. Kontua da David Leavitt-i ere antzeko istorio bat irakurria diodala “The Lost Language of Cranes” nobelan. Han, ordea, ukrainiarra da protagonista: “emakume bat 48 urte inguru eduki zuten ospitale psikoatriko batean sisibasa mordoiloan mintzo zelakoan; gero jakin zenez, etorkin ukraiarra zen. Ospitalean inork ez zion igarri ukranieraz egiten zuela”.
Aiphatzen duzun casuetan Joxemari Sarasua ez zan jaquiten zein hizcuntza zan hain horren edo horiec zerabiltena (estonesa, ucranianoa, …) edo ere ezta zan ezein idioma concreto. Atzitic hemen gure casuan bai daquigu ederqui ondo ze hainac kin bere izena du revindicatzen zuzen natural bat iiukagarria izanic ere EDOZEIN zeinac du revindicatzen. Eta dugu ikusten ze administratione publicoac du eguiten entzungor.
Hortacotz naiz harritzen handizqui dudalaric iracurtzen (zu ganic edo edozeinen ganic) ze
“Iñaki Segurolak dakarren jaun horren husnarketak, egia esan, ez zaizkit sobera interesatzen. Hala ere, gogora etorri zait …”.
Erramun, administrazio publikoen zabarkeriaz, eta orobat euskararen gainekoaz, badut axola, nola ez dut izango ba! Iruditzen zait, baina, Segurolak ekarri kasua (hala baldin bada) eta nik ekarritakoak aski bestelakoak direla.
Diozun lez eta ere nic diodan lez dira total bestelacoac, horixe gatic ez nuen ulertzen zure sarrera hori. Beharbada da soil zuc nahi zenuela guehitu zure hiru pasadizo horiec zeintzu zaizquidan iruditzen curiosoac eta valecoac.
Egin dezagun kontu, Jon Otero homosexuala dela, eta homosexuala izateagatik, edo bere maitearekin “harrapatu” dutelako adibidez, zigortu egiten dutela. Astakeria da, baina hori garai batean horrelaxe gertatuko zen. Gaur egunean gertatuz gero, alarma guztiak piztuko lirateke, eta baliteke ONUraino ere iristea.
Hemen fiskalak sartu behar luke, fiskala ezertarako sortu baldin bada behintzat, eta psikiatra honek Konstituzioaren 14. artikulua urratu duela salatu; Jon Otero euskaraz hitz egiteagatik diskriminatu eta zigortu duelako. Ez da gertatuko, badakit, euskarari buruz ari garelako, eta oso jende gutxik hartzen duelako aintzakotzat. Fiskalak behintzat ez.
Gaur izan dut Oteroren beste gutun bat irakurtzeko egokiera. Iazko apirilaren 23koa da, eta “Zoroa? Zoragarri” du titulutzat (http://goiena.eus/komunitatea/jotero/1386614955282). “Ez hartu serio izenburua. Ez baita batere gozoa buru-gaixotzat har zaitzaten.” Psikodrogen eraginaz edo erasanaz xehetasun jakingarriak ematen ditu. “Pazienteen %30, gutxi gorabehera, tortura zuriaz, frogarik uzten ez duenaz kexatzen dira. Niri zaila egiten zait injekzio (batez ere), tanten eta pilulen oinaze sakona hitzez azaltzea, baina itzela da. %20, ez torturaz, baina egonezin atsekabeaz kexu da.” Lehendik ere bagenekien psikodrogek jendea otxantzeko bertutea zeukatela, eta orain Oterok erakusten digu otxantze horren alderdi jakingarrienetako bat dela euskaldunak txintxotzea eta erdarara makurraraztea. Otxantze edo txintxotze hauxe da “osatzea” psikiatrarentzat. “Bestalde, espetxe-psikiatrikoan edota psikiatrikoan entzerraturik nagoenean, medizina kentzen didatenean, aste parean erdaldun guztiei euskaraz egiteko beharra sentitzen dut; bestela, gorrotoa baitut. Lasaitu egiten naiz euskaraz. Baina psikiatrak ez du 20 segundo ere jasaten berari euskaraz eginda. Eta berriz farmakoak. Uste baitu osatzen naizela farmakoekin, berriz gaztelerara jotzen dudalako. Zuk erran.”
Guertakari hau behar litzateque zabaldu publicora eta aguertu prensan. Salatu ere an Strasburgo.