Esti Lizaso
Jakinarazpen hau agertu zitzaidan lehengo igandean telefonoan. Lehen begiratuan ez nuen jakin oharra bera ezabatzeko eskatzen ari zitzaidan, telefonoaren pantaila zikinegi neukala leporatzen edo etxeko leihoak garbitu behar nituela gogorarazten.
Jakinarazpenari zegokion txartelean sartu eta argiago ikusi nuen:
Arazoa ez zen ez telefonoarena ez nirea, itzulpenarena baizik. Jatorrian, ingelesez CLEAR jarriko zuen, noski. Beraz, telefonoa ez zen ari ezer GARBITU behar zenik esaten, zerua OSKARBI zegoela jakinarazten baizik.
Softwarea itzultzearen arrisku handienetakoa da testuinguru faltagatik esanahi-akatsak egitea.
Testua tresna bereziekin itzultzen da eta, orokorrean, taula modukoetan zatituta egoten dira esaldi edo hitzak. Errenkada edo zati horietako bakoitzari “kate” esaten zaio. Gutxitan izaten da interfazeak amaieran izango duen itxuraren berri, eta ausaz hautatutako hitz solteen zerrenda bat itzultzen ari garela eman dezake.
Hala ere, beti izaten dira itzulpen egokia erabakitzeko erabil dezakegun informazioa eta pistak. Itzultzaile espezializatuaren egitekoa da informazio hori aurkitzen eta interpretatzen jakitea.
Batzuetan, itzulpen-programek eremu berezi bat izaten dute testuari buruzko informazioa (menu bateko aukera bat den, botoi bat, errore-mezu bat, sagua gainetik pasatutakoan agertuko den argibidetxoa…), testuingurua (zer aplikaziotan edo noiz ikusiko den) edota itzultzeko argibideak (zenbat karaktere erabil daitezkeen gehienez, itzul daitekeen ala ez…) erakusteko. Informazio hori informatikariek prestatzen dute, kodea idazterakoan. Eta itzultzailearen lehen lana, hitz edo esaldi bakoitza itzultzen hasi aurretik, eremu horretan ematen zaion informazio guztia irakurri eta ulertzea da.
Beste batzuetan, eremu hori ez da erabilgarri egoten, edo informatikariek hutsik uzten dute. Kasu horietan, informazioa beste nonbaitetik lortu behar izaten da. Itzuli beharreko kate bakoitzak, esaterako, identifikatzaile bat izan ohi du, softwarearen kodean non joango den adierazten duena. Askotan, identifikatzailearen izenak berak eman dezake behar dugun informazioa: “XXX_status_message” (egoera mezua) edo “XXX_button_label” (botoian agertzen den testua). Eta katea zer fitxategitan dagoen erakusten duen bide-izena ere lagungarria izaten da oso: “XXX/apps/weather” (eguraldiaren aplikazioa) edo “XXX/apps/calculator” (kalkulagailua).
Goiko kasua itzuli zen garaian informazio hori kontuan hartu izan balitz, seguru aski, itzultzaileak behar bezala aukeratu izango zuen “clear” aditz ala izenondo bezala itzuli.
Baina ez da itzultzailearen zabarkeria horrelako akatsen errudun bakarra. Orokorrean, software itzulpenen metodologiari buruzko kontzientziazio oso gutxi ikusi dut gure artean.
Softwarea itzultzen hasi berriak direnen artean joera nagusia zuzenean itzultzen hastea izaten da, lana nola edo hala garaiz bukatu eta egunean X mila hitzera iritsi ahal izateko. Lan erraza eta errentagarria dela sinetsita egoten dira batzuk, gainera, tarifa espezializatua altuagoa izaten delako, eta testuan hitz solteak eta esaldi laburrak direlako nagusi. Bizkor-bizkor itzultzeko modukoak. Itzultzaileei ez zaie erakusten lan berezia dela, eta gainerako itzulpenak egiteko dituzten teknikek ez dutela askorako balio izaten horrelako lanetan.
Softwarea itzultzea prozesu teknikoa izaten da normalean. Itzultzen hasi aurretik denbora asko behar izaten da tresna ezagutzeko, argibide guztiak irakurtzeko, estilo gida ikasteko eta baliabide guztiak prest ezartzeko. Eta, behin lanean hasitakoan, xede-testua idazten baino askoz ere denbora gehiago eman behar da testua non eta nola agertuko den ulertzen, bezeroarentzako galderen zerrenda prestatzen, aurreko eta ondorengo sintaxiekin bat etorriko den egitura bat aurkitzen eta erabili beharreko terminologiari atxikita ere gehienezko luzera gaindituko ez duen baina erabiltzailearentzat ulergarria izango den itzulpen bat asmatzen.
Software-lanetan aditua den itzultzaile profesional batek, batez beste, egunean 1500 bat hitz itzul ditzakeela kalkulatzen da. Hori besterik ez. Eta kalkulu hori egiteko aurrez aipatutako faktoreak hartzen dira kontuan: lana prestatzeko ordu mordoa beharko duela, eta itzultzen baino denbora gehiago eman beharko duela ikertzen.
Edukiaren zailtasunaren edo itzultzailearen trebetasunen arabera, beti egongo dira bizkorrago egin ahal izango diren lanak, baina baita dokumentatu beharragatik testuan ia aurreratu gabe joaten diren egunak ere. Kontuak kontu, errealitate hori ukatu eta software-itzulpenak gainerakoen zaku berean sartzeak ez du itzulpenen kalitatea kaxkartu, zabarkeriari bide eman eta gure lanaren duintasuna kaltetu besterik egiten. (Atzetik datorren zuzentzaileari, zorionez halakorik bada, txerrikeria galanta egitearekin batera…)