Irantzu Epelde Zendoia
Nolaerran frantses-euskara hiztegi elektronikoan (www.nolaerran.org) euskara batua aurkituko du erabiltzaileak, Ipar Euskal Herriko hizkuntza ingurumenari egokitutako batua. Adibide hau accident sarreratik hartuko dugu:
L’an dernier, 86 personnes ont perdu la vie dans des accidents survenus sur les routes.
Joan den urtean, 86 jendek galdu dute bizia bideetan gertatu ezbeharretan.
Guztiz hedatua dago, gaur egun, goiko perpauseko “galdu zuten bizia”-ren ordez laguntzailean orainaldiko adizkia erabiltzea, eta hiztegiko adibide multzo handia horren lekuko ona da. Gertatu zait egun hauetan, Donibane Lohizuneko gizon bati neuk egindako grabaketak transkribatzerakoan, ikustea informatzaile honek iraganaldia orainaldiaren bitartez adierazten duela, ia salbuespenik gabe, eta kasu honetan ezinbestean, iraganaldiko formarik ez duelako, edo oso gutxi. Zeren gauza bat da forma jakitea eta ez erabiltzea, eta beste bat ez edukitzea delako aldaera hori, izan adizkia, edo beste edozer. Izan daiteke hizkuntzaren jabekuntza erabat bukatu baino lehen erdaldundu zelako, edo umetan euskara ongi ikasi arren heldutan guztiz arroztu zitzaiolako. Kontua da iraganaldia ez duela ia inoiz erabiltzen, eta iraganeko aditz paradigmak osatzeko zailtasun handi-handiak dituela. Zer esanik ez baldintza formak, irrealisekoak eta bestelakoak azaltzeko.
Jean-Pierraren kasua beste euskaldun askorena ere bada: jabekuntza ez bazen guztiz osatu, edo biziaren itzuliengatik erdarazko mundu batean murgildu bazen urteetarako, gero, behin euskara berreskuratzeko erabakia hartutakoan, ezin ba gaitasun osoz jokatu, ez aditz paradigmak eta ez beste hainbat kontu. Jean-Pierra emakume frantses batekin ezkondu zen, eta seme-alabei ez zien euskararik erakutsi. Hori arraroa da Hegoaldean, baina nahikoa arrunta, tamalez, Iparraldean. Ama Landesetakoa zuen eta aita donibandarra, Akotzekoa. Aitarekin beti euskaraz egiten zuten anai-arrebek etxean, eta aitaren aldeko familiakoekin ere noiznahi euskaraz. Ezkondu eta seme-alabak etorri zirenean, kontatzen du, batere igarri gabe, eskola garairako ahanzten hasia zitzaion etxeko euskara erabat galtzen-bezala sumatzen zuela, eta konturatu omen zen bere etxekoekin elkartzen zenean gero eta nekezago egiten zuela. Orduan hartu omen zuen erabakia: abesbatzako lagunekin eta lankide euskaldunekin euskaraz bakarrik egingo zuen aurrerantzean. Bere esanetan, halamoduzko euskara batean, baina euskara hutsean. Handik bi urtetara ezagutu nuen nik, eta hizkuntza herdoiltzearen ondorioak bere gordinean ikusteko paregabeko aukera eman zidan, jakin gabe, Jean-Pierrak, euskaraz alfabetatzeko inoiz klaserik hartu ez duen lekuko donibandar atseginak.
Hitz bakarrean laburbildu beharko banu zer aurkitu nuen haren hizkeran, hori murriztea izango litzateke, Andersen-ek[1] azaltzen duen erakoa: “(…) subordinate language distinctions not matched in the dominant language will be vulnerable to elimination”, dio (1982: 92). Gaurko frantses mintzatuan ia galdu da orainaldiaren eta iraganaldiaren arteko bereizketa; ondorioz, Iparraldeko hizkerek aukera handiak zituzten murriztapen horretara heltzeko.
El Salvadorko Errepublikan, batez ere mendebalean, espainolarekin diglosi egoeran eta jarraian galzorian egon zen pipil hizkuntzan aspaldi murriztu ziren, adibidez, bokal luzeak, eta bokalak bezala beste hainbat oposizio. Denak, hizkuntza nagusian falta zirenak. Hizkuntza gutxituen moldaerek antzeko jokaerak erakusten dituzte hor zehar, eta murriztea ezaugarri komunetako bat da, han eta hemen. Besterik ere bada murrizteaz gain, baina utz ditzagun gainerakoak hurrengo baterako.
[1] Andersen, Roger W. 1982. Determining the linguistic attributes of language attrition. In R. D. Lambert and B. Freed (arg.), The Loss of Language Skills. Rowley, MA: Newbury House, 83-118.