Alfontso Mujika
Bada tango zahar bat, malenkoniatsua eta ederra, oso ezaguna, Volver izena duena. Haren bertso-lerro batean, esaten da hogei urte ez dela ezer, eta “Que veinte años no es nada” esaldi eginen kategoriara ig(ar)o da gaztelaniaren kulturan.
Tangoak dioena ukatu nahi dut, eta euskararen mundu txiki gurean hogei urte badela zerbait aldarrikatu. Edo, zehatzago esanda, aldarrikatu hizkuntzaren historian hogeialdi guztiak ez direla berdinak. Azken hogei urteak inoizko garrantzitsuenak izan dira euskararen corpusaren normalizazioan; hala uste dut nik, behintzat, eta horixe nahi dut plazaratu gaur leihotxo honetatik.
Inoiz edo behin, corpusaren normalizazioaren ondorioen aurkako iritziak edo kexu gisakoak irakurri ditut, baita blog honetan ere noiz edo noiz, normalizazio hori euskara jatorraren Arkadiaren galgarritzat-edo harturik. Beude hor. Mezu baikorra zabaldu nahi dut nik, eta azaldu dezadan hogei urteena.
Komunikabideetan ez da agertu efemeridea, Euskaltzaindiak berak ez du ezer plazaratu, baina joan den hilean hogei urte bete dira Euskaltzaindiak Leioako biltzarra egin zuenetik (Euskaltzaindiaren XIII. Biltzarra). Euskara batuak 25 urte bete zituela eta Euskaltzaindiak 75 urte bete zituela-eta egin zen biltzarra.
Han eszenaratu ziren ordurako egosten ari ziren corpusaren normalizazioaren hainbat kontu, eta biltzar hark abiarazi zuen araugintza.
Gogoratu dezagun duela 20 urteko egoera:
- Gramatika-lan ofizialetan, EGLUren lehen hiru liburukiak besterik ez zegoen. Laugarrena, juntagailuena, urte horretan argitaratu zen.
- Ez zegoen euskararen hiztegi ofizialik.
- Orotariko euskal hiztegia F letran zihoan.
- Ez zegoen corpusik. XX. Mendeko Euskararen Corpus Estatistikoa egiten ari zen.
- Euskalterm ordainpeko zerbitzu bat zen; orain dituen sarrerak baino askoz gutxiago zituen, eta kontsulta telematikoa ondo motela zen.
- Biltzarraren aurreko urtean, 1993an, lehenengo entziklopedia osoa argitaratu zen: Elhuyar hiztegi entziklopedikoa, eta Lur hiztegi entziklopedikoa zatika argitaratzen ari zen (1991-1995 bitartean argitaratu zen).
- Hiztegi elebidunak “aurreko“ belaunaldikoak ziren.
- Ez zegoen Jagonet, ez zegoen estilo-libururik. Joskera lantegi liburua ere ez zegoen.
- Pentsamenduaren Klasikoak bilduma 1992an abiatua zen, eta dozena bat liburu besterik ez zuen.
Hogei urte geroago, gauzak nabarmen aldatu dira:
- 173 arau eman ditu Euskaltzaindiak, ortografia, gramatika, lexiko eta onomastikari buruzkoak. Izango da zer aldatu, zer zehaztu eta zer hobeturik, baina ez da huskeria!
- Hiztegi Batuak 36.776 sarrera ditu gaur egun. Gauza asko falta dira, barne-koherentzia hobetu behar du… bai, baina a ze tresna!
- Euskaltzaindiaren hiztegia argitaratu da, 20.000 sarrerarekin.
- Orotariko euskal hiztegia amaitu da, emendatu egin da eta bertsio elektronikoan kontsultatu daiteke.
- Euskal Gramatika, Lehen Urratsak gramatika deskribatzailea, 7 liburukiz osatua, amaitu egin da, eta bertsio elektronikoan kontsultatu daiteke.
- Hiztegi elebidunen belaunaldi berria 1996an abiatu zen Elhuyar euskara-gaztelania/gaztelania euskara hiztegiarekin, eta hiztegi elebidunak sarean kontsultatu daitezke.
- Ikasmaterialen Aholku Batzordearen estilo-liburuak, 2004-2014 bitartean, zazpi liburuki argitaratu ditu, eta arauetan agertzen ez diren makina bat kontu jakingarri bildu ditu.
- Euskalterm hazi egin da, hobetu egin da, eta azkar eta doan kontsultatu daiteke.
- Zientzia eta teknologiaren hiztegi entziklopedikoa argitaratu da, eta sarean kontsultatu daiteke.
- Pentsamenduaren Klasikoak bilduma, 130 liburuz osatua, amaitua dago, eta sarean eskuratu eta kontsultatu daiteke.
- Hizkuntzaren erabilera errealaren berri izateko, hizkuntza-corpus ugari dugu, orokorrak eta espezializatuak, baita itzulpen-memoria batzuk ere, eta guztiak sarean kontsultatu daitezke.
- …
Jarraituko dugu falta zaigunaz kezkatzen eta kexatzen; hala behar du, aurrera egingo badugu. Hala ere, une batez atzera begiratuta, uste dut “ez dago gaizki” behintzat esan dezakegula. Harrokeriarik gabe, baina.
“Las nieves del tiempo / platearon mi sien” jarraitzen du tangoak. Hogei urteotan askoren ilea urdinduko zen, eta bakandu, baina ez egonean egon izanagatik.